Eskandaluak ez die oraingoz kalte handirik egin VWen salmentei

VWen hiru marka nagusiek iaz baino %20 gehiago saldu dute aurtengo irailean Hego Euskal Herrian.AEBetan eutsi egin die salmentei

Arnaitz Lasarte.
2015eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Motor trukatuen harira sortutako eskandaluak ez du kalterik eragin Volkswagenen salmentetan. Oraingoz ez, behintzat. Hego Euskal Herrian, adibidez, Alemaniako etxearen hiru marka nagusiek —VW, Audi eta Seat— iazko irailean baino %20 gehiago saldu dute aurten, merkatua oro h ar %10 igo den hilabete batean. Volkswagen izan da gehien saldutako marken artean hirugarrena, 283 auto salduta. Peugeotek 359 saldu ditu, eta Opelek, 290. Urtarriletik irailera artean, gehien saldutako marketan bigarrena izan da VW (3.068), Peugeoten atzetik (3.552).

Auziak bezeroengan sortu dezakeen mesfidantzaren beldur da Volkswagen, baina iraileko salmentetan ez da aldaketa nabarmenik igarri. Irailean baino gehiago, hurrengo hilabeteotan edo urtean gehiago antzematea espero du, ordea. Eskandalua irailaren 18an atera zen argitara, eta VWentzat goizegi da oraindik ondorio baikorregirik ateratzeko.

Espainiako eta Frantziako datuak ere ez dira txarrak Alemaniako auto ekoizlearentzat. Irailean, gehien saldutako marka izan da Espainian —5.700 auto—. Frantzian, berriz, abuztuan baino %12,5 auto gehiago saldu ditu. Zenbaki onak dira, kontuan hartuta autoen salmentak %9,1eko hazkundea izan zuela joan den hilean Frantzian.

AEBetako datuak ere esanguratsuak dira. VWen iruzurraren oihartzuna handik zabaldu zen mundu osora. Horregatik, pentsatzekoa zen jaitsiera handiena han izango zuela Alemaniako etxeak. Hainbat analistak %7rainoko jaitsiera iragartzen zuten.Baina han ere salmentei eutsi die oraingoz; irailean, iaz hilabete berean baino %0,6 auto gehiago saldu zituen. Hori bai, lehiakideek baino dezente igoera apalagoa izan du. Fordentzat, adibidez, hilabeterik onena izan da 2004az geroztik —%23ko igoera—. General Motorsek, berriz, %12 auto gehiago saldu zituen —AEBetako auto saltzaile nagusia da—.

Eskandalua AEBetan lehertu zen, baina trukatutako auto gehienak Europan saldu dituzte. Guztira, 11 milioi auto daude egoera horretan, eta pixkanaka datuak ematen ari dira herrialdeka. Jakina zen Alemanian bertan trukatutako 2,8 milioi zeudela, eta Espainian 750.000. Bada, atzo jakinarazi zuten Italian 650.000 auto daudela egoera horretan. Auzia zer garrantzi hartzen ari den ikusita, Europako Batasuneko industria ministroek bilera egin zuten atzo. Iruzur gehiago gerta ez daitezen beharrezkotzat jo dute gas isurien gaineko legedia lehenbailehen berritzea. Erabakiak hartu aurretik, ordea, EBk herrialde kide bakoitzari eskatu dio auziaren inguruko informazioa biltzeko. Ministroak azaroaren 13an bilduko dira berriro.

VWek, berriz, atzeratu egin du azaroaren 9an egitekoa zuen akziodunen ezohiko batzarra. Azaldu du iruzurraren inguruko ikerketak hainbat hilabete iraungo duenez ez dela «errealista» batzarra hilabete barru egitea: «Ezingo genieke zentzuzko erantzunik eman akziodunei».

PIVE planean eraginik ez

Sortutako iskanbilak PIVE planeko laguntzetan ez duela eraginik izango jakinarazi du Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroak. VWk ziurtatu dio nitrogeno oxidoen emisioarekin egindako iruzurrak ez duela zerikusirik karbono dioxidoaren emisioekin. Hain zuzen ere, PIVE planak karbono dioxidoaren emisio txikiagoa saritzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.