Ziklo berri baten hastapena

Nicolas Brusque Miarritzeko presidenteak bigarren sasoia du buruan; Serge Blancoren garaiko orria itzuli, eta bide berri bat ireki nahi du, gaurtik hasita.

Miarritzek denboraldi-aurrean Gwened Bretainiako taldearen aurka jokatutako lagunarteko partida. BO.
Eneritz Zabaleta.
2016ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Argi eta garbi mintzo da Nicolas Brusque Miarritzeko presidentea taldearen buru izanen den bigarren denboraldiaren bezperan: «Zorrotz sartu behar izan dira aizturrak». Azken urteetako porroten eta desilusioen ondotik, ziklo berri bat irekitzeko asmoz prestatu du sasoi berria. Mugimendu askoko uda izan da: taldearen erdia eraberritu du, finantza arazoei aurre egin die, entrenatzaile eta kirol zuzendari berriak ekarri ditu... Abiatze berri bat izan da, azken finean.

«Hiru sasoi dira gure helburuak betetzen ez ditugula. Zerbait aldatu beharra zegoen», azpimarratu du Brusquek. Iragan sasoian hasitako iraultzari jarraitu dio presidenteak. Entrenatzaileekin lehenik: Eddie O'Sullivan joan zen lehenik. Benoit August aitzinekoen entrenatzailea gero. Taldearen aginte makila David Darricarrerek jaso zuen iaz, eta aurten ere hark segituko du. Haren ondoan, Jack Isaac Miarritzeko jokalari eta gibelekoen entrenatzaile ohia izanen da taldeko kirol zuzendari berria. Lehen taldearen eta harrobiaren arteko zubi lana eginen du. Aitzinekoak entrenatzeko, Benoit August taldetik kanpo utzi du Brusquek. Haren ordez, Fredo Gartzia etorri da Tarbetik: «Diskurtso berri bat behar zen», nabarmendu du presidenteak.

Zelaian jarraitu du iraultzak: hamahiru jokalarik utzi dute taldea, eta hamazazpi iritsi dira. Benetako arraberritzea da, beraz. «Lehen aldiz, nik osatu ahal izan dut taldea hasi eta buka. Jokalari batzuk dinamika negatiboan zeuden, urtero helburuak bete gabe. Haize berria eman beharra zegoen».

Haize ufada berri bat emateaz gain, diru kontuak orekatu beharrak ere agindu dio iraultza Brusqueri. Iragan ekainean, DNACG finantza erakundeak taldeko kontuetan zuloa ikusi, eta mailaz jaistera zigortu zuen. Serge Kampf Miarritzeren laguntzaile historikoaren familiaren azken txeke bati esker, zigorra kendu, eta Bigarren Mailan dago Miarritze. Baina, hemendik aitzina, aitzinkontua bere ahal ekonomikoetara egokitu behar izan du. «Aitzinkontua 10,7 milioi eurotik 9,5 milioira pasatu dugu. Jokalarien kontratuak 26tik 30era pasatu ditugu, baina lansarien kostua 3,6 milioitik 2,9 milioira jaitsi dugu», azaldu du Brusquek. Jokalari eskasagoak ekartzea eragin ote du apaltzeak? «Ez dut uste. Jokalari batzuek soldata handiegiak zituzten. Ekarri ditugunak Bigarren Mailan ordaintzen diren kopuruetan ekarri ditugu. Zenbaki koherenteagoak ditugu».

Taldetik izen handi batzuk joan dira: Lund, Ngwenya, Fono... Baina, aldi berean, Miarritzek kalitateko jokalariak erakartzen asmatu du. Eskarmentu handiko Fortassin, Roumieu eta Synaeghel. Bigarren Mailan poliki aritu diren Ximun Luku, Giudicelli eta Assi. Eta zenbait gazte ere bai: Bastien, Kiernan, Loustaunau. Horiekizanen dute Brusqueren proiektu berriaren giderra hartzeko ardura.

Berritasunaren sinbolo gisara, Maxime Luku 23 urteko senpertar eta harrobiko jokalaria izanen da sasoi honetako kapitaina. «Presio pixka bat sentitu nuen albistea jakitean, baina, etxekoa izanik, sekulako ohorea da niretzat». Mont-de-Marsandik jin den Ximun anaiarekin aritzen ahalko da kapitain berria.

Aldaketa horiek ikusita, igoera fasea jokatzea al da, oraindik ere, taldearen helburua? Lehendakariak argi du. «Bai, noski! Hirugarren sasoia dugu maila honetan. Jokalariek ezagutzen dute lehiaketa. Miarritzen ari garenean, anbizioa ukan behar dugu».

Lagunartekoek ez dute, alta, seinale onegirik eman: Akizeren eta Bordeleren aurka galdu zuen Miarritzek, eta Gwened igo berriari estu irabazi zion. «Gibelean, batik bat, jokalari berri anitz ditugu, eta oraino automatismoak lantzen ari gara. Baina seguru nago prest iritsiko garela», esan du Darricarrerek. Haren errana baieztatzen den ikusteko, iluntze honetara igurikatu beharko da, Miarritzek Narbona hartuko baitu Agileran, 20:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.