Ohikoari erroak mozten

Tradiziora bueltatu nahian baina egungo joeretatik ihesean bizi da Irune Izkue. Herri kirolen historian bere lekua egin du lehen Urrezko Aizkora irabazita.

Irune Izkue, lehen Urrezko Aizkorako txapelduna, Elgorriagako pilotalekuan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Gorka Intxausti Aranguren.
Elgorriaga
2017ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Irune Izkue Urrezko Aizkoraren lehen txapeldunarena istorio berezia da, gaur egun gutxitan ikusi ohi den horietakoa. 1991n jaio zen Iruñean, eta 26 urtetik 20 han bizi izan dituen arren, inoiz baino gusturago dago orain, Elgorriagan (Nafarroa). Nafarroa iparraldeko baserri inguruko bizitzaz gozatu egiten duela nabari zaio begietako distiran eta ahotik kentzen ez duen irribarrean. Gainera, azken urteotan bere afizio eta ia ofizio bilakatu da aizkora, eta horretan aritzeko aukera ematen dio hango bizimoduak. Hurrengo helburua begiz jota dauka: ustez, San Tomas egunez Donostian jokatuko den Urrezko Kopa. «Helburua da maila ona eman eta posible bada aurreko urteko arantza ateratzea —bigarren sailkatu zen, Maika Ariztegiren atzetik—». Hala ere, onartu du ez dela ari buru-belarri lehiaketa hori prestatzen, eta egunerokoari eta egiten dituen erakustaldi guztiei esker joango dela «entrenatuta».

Aizkora kontuez hizketan hasi eta berehala igartzen zaio ez dagoela ohituta mundu horren parte dela ikustera, eta ez direla urte asko pasatu kirol hori bere bizitzaren ardatzetako bat bilakatu zenetik. Duela sei urte erabaki zuen Iruñea utzi eta Labaienera (Nafarroa) bizitzera joatea, 20 urte zituelarik.

Aizkoran, Martin Mindegiaren eskutik hasi zen. «Baserriko lanetan ikusi, eta aizkoran ondo moldatuko nintzela esan zidan». Izkuek ezin ezetz esan, eta hurrengo egunean bertan hartu zuen aizkora lehen aldiz, duela ia hiru urte. Betiko gordeko dio estimu berezia Mindegiari, berarengan «zerbait ikusi, eta ezerezetik aizkoran egiten erakusteagatik». Baita Cañamares familiari ere, Mindegiak bera entrenatzen ezingo zuela jarraitu esan zionetik gaur egunera arte «etxeko alaba banintz bezala hartzeagatik». Izan ere, Mindegiak albistea eman zionean, entrenatzeko egurrik eta aizkorarik gabe gelditu zen. Manolo Cañamaresi deitzea erabaki zuen, nahiz eta ez zuten harreman esturik. «Hark lasai hartzeko eta gogoa eramateko besterik ez zidan eskatu».

Txapeldun eta erreferente

Ustekabean hasi zen aizkoran, eta ospea ere hala etorri zitzaion, bat-batean. «Oraindik harritu egiten nau, irabazi nuenean ez nuen uste jendearentzat hain garrantzitsua izango zenik». Erakustaldi batera joaten den gisan joan zen Urrezko Aizkoraren txapelketara, baina, handik ateratzean, «erabat aldatu» zen bere bizia. «Oraindik ez dut barneratzen lortu nuenaren garrantzia». Aitona bisitatzera joan zenean hasi zen konturatzen lorpenaren garrantziaz. «Guztiz hunkituta ikusi nuen aitona, pozez ia malkoka esan zidan oso ondo egiten nuela aizkoran».

Emakume askorentzat erreferente bilakatu dela entzuten duen bakoitzean, harridura keinuak egiten ditu oraindik, hala dela badakien arren. Gero eta jende gehiagok egiten dio kasu kalean, eta berak lortutakoari garrantzi handia ematen diote.

Ausardiaren kontuari aurre egiteko ordua dela uste du, eta espero du gutxinaka-gutxinaka, berak irabazitako txapelketak izan duen oihartzunaren eta antzekoen bitartez neska gehiago animatzea. Argi dauka ez dela gaitasun berezirik behar herri kiroletan ondo aritzeko. «Ahalegintzea da kontua, orduak sartzea. Nik hirikoa izanda hona iristea lortu baldin badut, edonork lor dezake herri kiroletan ondo aritzea».

Haize kontra

Aizkoraz gain, beste hainbat herri kiroletan «saltsan» ibili da. «Ia denetan» aritu da: sokatiran, emakume probetan, lokotx biltzean, txinga eroatean, ingude altxatzean... Berak ere ez dauka hain argi zergatik dituen herri kirolak hain gustuko, baina aipatu du «beharbada plazako giro hori izan daitekeela» hainbeste erakartzen duena.

Denetarik probatu duen arren, badaki berak aukeratutako bidea gaur egungo joeretatik «oso aldenduta» dagoela, eta onartzen du nolabait haize kontra doala ikusten duela. Alde batetik, gazte gehienek herri txikiak utzi eta hiri eremuetara jotzen dute etorkizun bila. Hark, aldiz, ez du hiriko bizimodua maite. «Inguru honetan bizi kalitate handia lortu dut, eta ez nintzateke Iruñera bueltatuko bizitzera. Gurasoak bisitatzera joaten naizen bidaian, jada sufritu egiten dut. Hemengo lasaitasunak ez dauka parekorik. Han aztoratu egiten naiz orain».

Bestalde, herri kirolak, tradizioz, gizonezkoen kontua izan dira. Gaur egun, egoera aldatzen ari den arren, ez dira emakume asko ikusten plazetan. Urrezko Aizkoraren txapeldunak uste du «ausardia» kontua dela. «Plazara, jendaurrera irteteko pauso hori gehiago kostatzen zaigu emakumeoi, ez gaudelako ohituta, baina gero eta gehiago gara ausartzen garenak. Herri kiroletan aritzeko ez dago oso ona izan beharrik, ausarta baizik. Horrek dauka meritua». Aizkoran ari diren emakume kopurua txikia izateak badu beste eraginik ere, «Plazan beti neska berak ikustea eragiten du. Gainera, Maika [Ariztegi] eta biok gara bereziki aizkoran entrenatzen dugun bakarrak. Besteek noizean behin bakarrik mozten dute egurra, eta gero alde handia igartzen da plazan denok batera mozten dugunean».

Herri kiroletan aritzen den emakumeetako bat izateaz gain. herriko lanak egitea izan du ogibide azken hilabeteetan, eta ezin esan liteke lan horietan emakume asko ikusten direnik. «Ohartu gabe sartu nintzen. Lan horiek erraz egiten ditut, eta neska izatearen berezitasun horrek jendea laguntzeko prest egotea eragin du, nire kasuan». Hala ere, gertatu izan zaio bestelako egoerarik ere: emakume izateagatik zerbait hain ondo egingo ez duela aurreikusi izan duen jendearekin ere egin du topo. «Horrelakoetarako oso burugogorra naiz ni, eta bat baino gehiago gelditu izan dira aho zabalik». Uztailean bukatu zitzaion lan kontratua, eta fabrika batean lan egiteko eskaintza duen arren, nahiago du «kanpoan zortzi orduz ibili, aizkoran edo beste edozertan, fabrika batean baino. Beraz, norbaitek niretzako lanen bat izango balu, gustura hartuko nuke».

Izan ere, aizkorak ez dio inori ematen bizitzeko adina. «Ni nabilen mailan, balantzea ez da negatiboa, baina ez da dirurik egiten». Materiala oso garestia da, eta kilometro asko egin behar izaten ditu aizkolariak alde batetik bestera. Argi dauka: «hau ez da diru kontu bat, afizio kontu bat baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.