Europa gerra komertzialean sartu da, AEBen eta Txinaren aurka eginda

Bruselak ohartarazi du ez duela ezer negoziatuko altzairuari ezarritako muga zergak indarrean badira. Jopuntuan ditu atzerriko konpainiei teknologia partekatzera behartzeko Pekinek dituen arauak

Cecilia Malmstrom Europako Batzordeko Merkataritza komisarioa, atzo egindako agerraldian. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
Ivan Santamaria.
2018ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Europa buru-belarri sartu da gatazka komertzialean. Espero zen bezala, AEBek altzairuari eta aluminioari jarritako muga zergen kontrako prozedura abiatu zuen atzo MME Munduko Merkataritza Erakundean. Ez da auzi bakarra izango, ordea. Bruselak Txinaren kontra jotzeko bidea ireki du, herrialde horretako arauek konpainien jabetza intelektualerako eskubidea urratzen dutela iritzita.

«Honek frogatzen du ez dugula alde bat edo beste bat aukeratu. Arauetan oinarritutako nazioarteko alde anitzetako komertzio sistema baten alde gaude», justifikatu du Europako Batzordeko Merkataritza komisarioak, Cecilia Malmstromek. Munduko hiru bloke ekonomiko nagusiak aurrez aurre jarri dituen norgehiagoka baten azken atala da.

Txinaren aurkako kexa ez da berria. Asiako erraldoian aritu ahal izateko, bertako konpainia batekin elkarlanean aritu behar dute atzerriko enpresek. Europako konpainia askorentzat harreman deserosoak izan dira, bereziki aliantza horrek puntako teknologia partekatzera behartu dituelako. Pekinen baldintza horiek MMEren arauekin ez datoz bat, eta «diskriminatzaileak» dira, Bruselaren aburuz.

Prozedura irekita, 60 eguneko epea dago salaketa aurkezteko. Adostasunik ez bada lortzen, MMEk ikerketa bat abiatuko du, Pekinen praktika komertzialak legezkoak diren ala ez epaitzeko.

Erabakia hartzeko garaia ez da kasualitatea. Europak baino lehen, AEBetako Gobernuak Txinaren aurka jo zuen, antzeko argudioak erabilita. Kasu horretan, ehunka produkturi muga zergak jartzea izan zen Trumpen administrazioaren erantzuna. Haatik, orain dela pare bat aste bi herrialdeen arteko defizit komertziala jaisteko konpromisoa hartu zuen Txinak, eta muga zergei lotutako zigor ekonomiko guztiak bertan behera geratu ziren. Bruselaren hurbilketa bestelakoa da: praktika batzuk legez kanpokoak izango dira edo ez, baina ezin dira unean uneko interesen arabera negoziatu edo mailakatu.

AEBen aurkako neurriak

Bezperan iragarri zuen AEBetako Merkataritza idazkaritzak bertan behera geratuko zela EBri, Mexikori eta Kanadari muga zerga berrietatik libratzeko eman zitzaien behin-behineko baimena. Atzotik hasita, hiru herrialde horietatik esportatzen diren altzairueta aluminio produktuak hasi dira muga zergak ordaintzen, %25ekoak eta %10ekoak, hurrenez hurren.

Fronte ezberdinak izango ditu Europako Batasunaren berehalako erantzunak. Lehena atzo bertan gertatu zen. Europako Batzordeak prozedura hasi zuen MMEn muga zerga berrien aurka, horiek ezartzea legez kanpokoa dela eta nazioarteko merkataritzaren arauak urratzen dituela argudiatuta.

Bigarren ekintza izango daAEBen erabakiak eragindako galerak konpentsatzeko neurriak hartzea. Merkataritza Sailak egindako kalkuluen arabera, joan den urtean 6.200 milioi euro balio izan zuten altzairu eta aluminio produktuei eragingo diete muga-zerga berriek. Tasak handituta, 1.300 milioi inguru gehiago ordaindu beharko zuten esportazioek AEBetan sartzeko.

AEBetatik Europara esportatzen diren ehunka produkturekin zerrenda bat du prest Bruselak. Asmoa da ondasun horiei %10 eta %50 bitarteko tasak ezarrita 1.300 milioi euro gehiago biltzea. Motozikletak, itsasontziak, bourbon whiskia, kotoi eta jeans arropa, artoa eta kosmetikoak daude zerrenda luze horretan.

Ekainaren 20ra bitarteko epea du orain Europak tasa horiek zehazki non kobratuko dituen erabakitzeko. Malmstromek ukatu egin du gatazka handitzeko urratsa izan daitekeela, eta neurriak justifikatu ditu, arau hausteen kontra ezer ez egitea ez delako aukera bat: «Ekintzak behar ditugu. Oso erantzun neurtua da»

Trumpek muga zergak jartzeko asmoa iragarri zuenetik hartu-emanetan aritu dira bi administrazioak. Europak eskaini dieAEBei produktuen muga zergei eta lehiaketa publikoei buruzko arauak berrikustea —«bien mesederako»—, betiere altzairua zigortzeko mehatxua desagertzen bazen. AEBen ezezkoak itxi du bide hori. «Ez gara edonolako negoziazioetan sartuko», zehaztu du Malmstromek.

AEBek auto esportazioen aurkako neurriak hartzeko hasi duten ikerketa «oso larritzat» jo du, eta ekonomiari «kalte erraldoia» egingo liokeela ohartarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.