Lehen aldiz ikaratu da

Chris Froome bi aldiz erori da, baina hogei segundo besterik ez du galdu. Tomasz Marczinskik bere bigarren garaipena lortu du

Lehen aldiz ikaratu da.
Gorka Intxausti Aranguren.
2017ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Chris Froomek (Sky) badu arazoren bat Espainiako Vuelta irabaztearekin. Azken urteotan, bere ahalegin guztia jarri arren, Tourrean baino askoz gehiago kostatzen zaio lehen postuari eustea. Aurtengo lehen estutasuna atzoko etapan heldu zitzaion: etapa erabakita zegoen, Tomasz Marczinskik (Lotto Soudal) ihesaldiko taldetxotik aurrera egin, eta tarte erabakigarria zuen, eta aurtengo Vueltako bigarren etapa irabazteko balio izan zion gero.

Hala ere, atzeko borroka bestelakoa zen, oso. Alberto Contadorrek (Trek) eraso egin zuen etapako azken mendatean gora, inork espero ez zuen unean, eta tartea zabaldu zuen. Faboritoen taldeko erritmoa gogortzea eragin zuen horrek, aldapa gora lehenik, eta beheruntz gero. Orduan okertu zitzaion lasterketa Froomeri. Bi aldiz erori zen, eta taldetxotik atzera gelditu zen. Denbora asko galduko zuela zirudien, erorikoak gertatu eta berehala bizitu baitzuten erritmoa beste faboritoek. Hala ere, ez zuten tartea zabaltzerik lortu, eta helmugara iritsi orduko aldea laburtu zuen Froomek, taldekideen laguntzaz. Faboritoen taldetik hogei segundora helmugaratu zen. «Ez da ezer serioa izan», adierazi zuen liderrak etapa bukaeran.

Denbora gehien irabazi zuenaContador izan zen. Ausardiaz jokatu zuen, eta ezer ez zuela zirudien etapa batean liderrari 41 segundoren aldea atera zion. 3.13ra dago orain, bederatzigarren postuan.

Podiumean txirrindulari berberek jarraitzen dute, baina denbora tarteak aldatu dira: lehenengo bien arteko aldea minutu batetik beherakoa da orain: VincenzoNibali (Bahrain) 59 segundora jarri da. Esteban Chaves (Orica) dago hirugarren postuan, Froomerengandik 2.13ra.

Gaurko etapak profil nahiko laua dauka. Hasierako kilometroetan igaroko dute eguneko mendate bakarra: Ardales —7,2 kilometro eta %4,3ko pendiza—. Azken kilometroek goranzko joera dute, eta ikusiko da ea txirrindulari azkarrenak tropelburuari eusteko gai diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.