Zaleek eskatzen zutena

Bengoetxea VI.ak eta Olaizola II.ak buruz buruko partida jokatuko dute gaur Donostian.Leitzarra hatzeko babesik gabe ariko da aurrenekoz

Oinatz Bengoetxea eta Aimar Olaizola, elkarri traba egiten. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
2015eko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Buruz buruko txapelketa amaituta, urtebetez elastiko gorriaren jabea nor izango den erabaki zen ekainean. Baina, pilotazale askorentzat, oraindik amaitu gabeko txapelketa da hura, partida bat zintzilik duen txapelketa. Arantza hori ateratzeko aukera izango dute gaur, bai zaleek eta bai pilotariek eurek. Aimar Olaizola eta Oinatz Bengoetxea Donostiako Atano III.a pilotalekuan (22:00 ETB1) izango dira, nor baino nor hobeto, izan behar zuen final hura bi hilabete geroago jokatzeko.

Gaur ez dute ezer jokoan, ohorea ez bada, behintzat. Final estu hartako txapela Mikel Urrutikoetxeak bereganatu zuen, ezustean, eta Bengoetxeak aitortu zuen merezimendu osoz irabazi zuela bere ordezkoak. Hala ere, lehiatzeko gogoz irtengo dira bi pilotariak kantxara. Garai batean, errebantxa kutsuko partidak ohikoak ziren udan; egun, baina, enpresek ia alboratuta dauzkate.

Leitzarrak ez du partida samurra jarriko, pixkanaka gora egitea baita haren helburua orain. Hatza osatzeko denbora izan du, 78 egun igaro baitira min hartu zuenetik, baina orain arte erabili duen babesa kentzea erabaki du, eta ikusi egin beharko da nola moldatzen den. Gainerakoan, erritmo falta izan dezake, uda laburra izan baitu aurten. Uztailaren 23an itzuli zen kantxara, eta torneo bakarra jokatu du, Bastidakoa. Untoria atzean zuela, finaletik kanpo gelditu ziren Berasaluze eta Albisuren aurka.

Bestelakoa izan da Olaizolaren uda. Finala galdu zuenetik gelditu gabe ibili da; udako torneo eta jaialdietan, sasoi onean dela erakutsi du. Sanferminetan lau t'erdikoa irabazi zuen, Irujo menderatuta; baina, Untoria lagun, Berasaluze eta Albisuren aurka 22-21 galduta binakako finalaren atean gelditu zen. Gasteizen ere jokatu zuen, Untoriarekin berriz: finalera iritsita, Ezkurdia eta Zubietaren aurka galdu zuten. Zarautz izan du udako gozoa, Beroizen babesean gailendu baitzen bertan.

Donostian ere gozo jarraitu nahiko du, eta Bengoetxea menderatuta laugarren buruz buruko txapela irabazteko gai zela erakutsi. Udan bost aldiz aritu dira elkarren aurka, binaka bada ere, eta horietatik lau irabazi ditu goizuetarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.