Pilotalekuak zabaltzen

Emakumeen binakako esku-pilota txapelketa hasiko da urtarrilean: Emakume Master Cup. Martxoan jokatuko dute finala, Zornotzan

Bilbo
2016ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Emakume Master Cup lehiaketa jokatuko dute 2017ko urtarrilean hasi eta martxora bitarte: emakumeen binakako esku-pilota txapelketa. Norberaren mailaren arabera, elite mailan edo lehen mailan izena eman ahalko dute nahi duten emakume guztiek, abenduaren 31ra arte. Parte hartu nahi duten emakumeek ez dute lizentziarik eduki beharko. Horren zergatia azaldu du txapelketaren antolatzaile Iker Amarikak. «Federatu gabekoek ere parte har dezakete; nagusitan jokatzen jarraitzen dute, baina ez ofizialki». Horretarako www.emakumemastercup.eus webgunera jo beharko dute.

Txapelketako finala martxoan izango da, Zornotzan (Bizkaia), ahal den neurrian emakumeen egunarekin bat eginda. Horra iristeko bi sailkapen fase jokatu beharko dituzte pilotariek, urtarrilean eta otsailean. Oraindik ikusteke dago zenbat emakumek emango duten izena; hortaz, Amarikak adierazi du ez dutela erabaki zehazki nola antolatuko dituzten kanporaketak. Nolanahi ere, iragarri dute finala ETB1en ikusi ahalko dela, eta jai giroa nagusituko dela. Animazioa egongo da frontoian, eta zuzeneko elkarrizketak egingo dituzte, besteak beste.

Hamahiru urteko edozein herrialdetako emakumeek izango dute Laboral Kutxak babesten duen Emakume Master Cup lehiaketan parte hartzeko aukera. Esku pilotaren munduko hainbat erakunderekin harremanetan jarri direla adierazi du Amarikak, eta iragarri du oraingoz «erantzun ona» jaso dutela. Gainera, esku pilotan jokatzeko emakumeentzako material egokia prestatu dutela ere jakinarazi du. «Pilota goxoekin, hori izaten baita askotan emakumeek esku pilotan jokatzerakoan izaten duten zailtasunetako bat».

100 federatu Euskal Herrian

Duela urte batzuk esku pilotan aritzeari utzi arren, Patri Espinar pilotaria «oso pozik» azaldu da lehiaketa dela eta. «Txikitan esku pilotan jokatzeko nuen gogoa berreskuratu dut orain, txapelketa honi esker. Ilusio handia egiten dit». Bizkaitarrak bezala, maila altuko hainbat emakume pilotarik hartuko dute parte, hala nola Maite Ruiz de Larramendik, Maddi Mendizabalek, Amaia Ariztegik eta Leire Etxanizek.

Espinarrek jakinarazi du Euskal Herri osoan 100 emakume federatu inguru daudela, baina gehienek palan jokatzen dutela. Txapelketan Euskal Herriko emakumeek parte hartzeaz gain, Herrialde Katalanetako pilotariek ere jokatzea espero dute, duela gutxi Bartzelonan egindako lehiaketa batean 50 lagun bildu baitzituzten. Lehen mailako kategorian parte hartu nahi dutenek binaka eman beharko dute izena; elitekoan, berriz, posible izango da bakarka aritzea. Janzkera eta arau orokorrei dagokienez, Euskadiko Pilota Federazioaren araudia beteko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.