Gorri eta beteta

Apustuak Olaizola II.a eta Urrutikoetxearen alde irtengo dira finalean: 100-80ri.Sarrera gutxi gelditzen dira salgai, gehienak kantxakoak

Mikel Urrutikoetxea, umez inguratuta, finalerdietan Bengoetxea VI.a eta Untoriari irabazi ondoren. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
2016ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Bi aste falta dira binakako txapelketako finalerako, baina dagoeneko giroa neurtzen has daiteke. Alde horretatik, bi datu ziurrak dira: apustuak alde pixka batekin irtengo dira Olaizola II.a eta Urrutikoetxearen alde: 100-80ri edo 100-70i, eta Bizkaia pilotalekua bete egingo da. Oraindik sarrerak lor daitezke, baina gutxi, eta harmaila jakin batzuetan.

Enpresek finalerako sarrerak duela bost urteko prezioetan jartzea erabaki zuten, eta, hala ere, ez da eserleku hutsik egongo. Kantxek 140 balio dute, eta beste harmaila batzuetakoak aurrekoetan baino garestiagoak dira aurten. Beste ikuskizun batzuekin alderatuta pilota merkea zela argudiatu zuten enpresariek. Gaiak eman zuen zeresana, baina zaleen erantzunak polemika isilarazi du.

Pilotarien eskakizunak eta enresen konpromisoak alde batera utzita, Internet bidez bakarrik lor daitezke sarrerak, Aspek eta Asegarcerekin lankidetzan dabiltza atariekin. Hor ikus daiteke zenbat sarrera gelditzen diren, eta ez dira asko. Erreboteetako hiru harmailetan denak salduta daude, eta alboko bigarrenean ere bai. Gauzak hala, gelditzen diren sarrera gehienak kantxa nagusiko eta hirugarren solairuko atzeko koadroetan daude —guztira, 3015 ikuslerentzako tokia dago—. Dena den, eta hamar egun geldizten direla kontuan hartuta, litekeena da ale horiek ere saltzea.

Apustuei dagokienez, berriz, aldea egongo da Olaizola-Urrtikoetxearen alde, eta bada albistea, Irujo eta Rezustak sailkapeneko buruan bukatu zutelako lehen fasea. Gorriek finalerdietan emaniko mailak, baina, faborito bilakatu ditu, eta finalean 100-70 edota 80ri irtengo da diruan euren alde, artekariaren arabera. Iragan larunbatean 100-70i irtengo dela zabaldu zen Labriten, baina dagoeneko 100-80ko hainbat postura egin dira. Irujok eta Rezustak herenegun emaniko itxura onak euren aldeko ustea indartu du.

Apustu etxeetan aldeak handiagoak dira: 1,6 Asegarcekoen alde eta 2 eta 2,20 artean Aspekoen alde. Momio horiek ulertzeko, izenez haratago begiratu behar da, aurrekoetara adibidez. Duela hiru aste jokatu zuten elkarren aurka azkenekoz, eta ordukoan dirua parean irten zen. Egun hartan, baina, Olaizola II.ak eta Urrutikoetxeak 22-12 irabazi zuten. Lehen faseko lehen itzuliko partidan ere parean irten ziren trabesak, eta Asegarcekoak 22-18 nagusitu ziren. Bigarren itzuliko partida ezberdina izan zen, Xalak jokatu zuelako Irujoren ordez.

Atarikoak, asteburuan

Binakakoaren ondoren buruz burukoa hasiko da, eta bi edo hiru atariko egongo dira. Aspek jakinarazi zuen Irribarriak eta Merino II.ak etzo Ordizian jokatuko dutela. Bada Asegarcen baliteke bi egotea. Bat behintzat ziur, igandean, El Villar de Arnedon (Errioxa), Beroiz eta Elezkano II.aren artean. Bigarrena, ziurtatzeke, Arretxek eta Albisuk jokatuko lukete. Enpresak parte hartzaile zerrenda zehazten ari dira, eta Aspen badirudi Jose Javier Zabaletak jokatuko duela. Azkenean uko egingo balio, atarikoaren galtzailea sartuko litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.