Baieztapenaren zain

Estreinakoan Toulonen aurka irabazi zuen bezala, gaur ere irabazi egin nahi du Baionak, berriro Jean Daugerren, Castresen aurka (18:30)

Baionako jokalari Martin Bustos-Moyanok Touloni egindako entsegua ospatzen, joan zen igandean. BO.
Eneritz Zabaleta.
2016ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Handikiro hasi du Baionak Top14a. Maila nagusira itzuli berritan, estreinakoan gainditu zuen Toulon, hirutan Europako txapeldun izandakoa eta Top14ko txapeldunordea; lepo bete zen Jean Dauger zelaia (28-23). Sei egun geroago, berriz ere etxean jokatuko dute zuri-urdinek, Castresen aurka (18:30). Mediterraneoko talde boteretsuaren aurka lortutakoa errepikatzea izanen dute helburu.

Sasoi berria hasi baino lehen, anitzek estu eta larri ikusten zuten Baiona maila nagusiari egokitzeko orduan. Inor gutxik espero zuen Touloni irabaziko zionik. Castresi irabazita, etxeko bi partidak jarraian irabazteko parada du. Abiatze ezin hobea litzateke.

Toulonen aurkako garaipenak ezustea eta euforia sortu ditu. Baionarrek poz handia hartu zuten, haiek ere espero ez zuten garaipena lortu eta gero. «Ezustea izan zen irabaztea», aitortu du Vincent Etxeto kirol zuzendariak.

Hala ere, zuhur agertu dira hedabideen aitzinean: «Gogo, grina eta energia izugarria eman genituen Toulonen aurka. Baina zuzentzeko gauzak ditugu: uztartzean sufritu genuen, zangoz geure buruari arnasa ematen ez genuen asmatu… Dena ez zen perfektua izan», azaldu du Etxetok.

Top14ko egutegia argitaratzean, etxeko lehen bi partiden artean denek marraztu zuten gorriz Castresen aurkakoa. Irabazteko modukoa, eta irabazi beharrekoa. Touloni irabazita, abantzatu egin da Baiona: «Castresen aurka lasaiago jokatzen ahalko dugu. Baina pena litzateke Toulonen aurka lortutakoa ez lortzea berriro».

Johnnie Beattie eskoziarrak ere gaurko partidaren garrantzia nabarmendu du. «Etxeko partida guztiak finalak dira guretzat. Badakigu salbazioa etxean irabazita etorriko dela». Beattiek ondo ezagutzen du Castres, han aritu baitzen aurreko sasoian. «Oso bloke indartsua du. Aitzinean min egiten du. Borrokarako prest egon beharko dugu».

Poki eta Lovobalavurekin

Maila bikaina duen liga batean, puntu bakoitzak balio dezake, eta ez dago lo hartzerik. Gaurkoa ere oso partida garrantzitsua izanen da. Nola aurre eginen dio presio horri? «Jokalariek pentsatzen badute jokaldi bat eskuz jokatzeko ona dela, joka dezatela. Kalkulurik gabe jokatzen badugu bakarrik salbatuko gara», esan du Etxetok.

Baionako kirol zuzendariaren filosofiari jarraikitzen dio taldeak. Toulonen aurka lotsarik gabe aritu zen, eta hainbat jokaldi eskuz jokatu. «Batzuetan kalte eginen digu, baina estilo horren alde egin dugu», aitortu du Gregory Arganese aztalkariak.

Joko ausart eta ireki hori jokatzeko bi albiste on iritsi dira aste honetan. Osatu dira Gabriele Lovobalavu eta Kade Poki barnekoak, eta deialdian sartu ditu Etxetok. Bietarik batek hasieratik jokatuko du, seguruenik. Fijiarraren eta australiarraren talentua ez dira sobera izanen, baloiak hegalera zabaldu eta jokoa sortzeko. Benjamin Thiery gibelekoak, ordea, ez du zorte bera izanen. Hiru hilabetez taldetik kanpo egonen da, min hartuta. Harekin batera, Aretz Iginiz hendaiarra eta Pierre Gayraud okzitaniarra dira min hartuta dauden jokalariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.