Chavesen kalbarioa

Mitchelton taldeko kolonbiarra ezinean aritu da hamargarren etapan, eta 25.24 galdu du helmugan. Matej Mohoric irabazle Gualdo Tadinon

Chavesen kalbarioa.
Julen Etxeberria.
2018ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Txirrindularitzan uste zabaldua da atseden egunak bi ahoko ezpata direla. Batetik, mesede egin dezakete, nekea arindu eta indarberritzeko. Baina, bestetik, kalte ere egin dezakete. Eten egin dezakete eguneroko jarduna, eta txirrindulari askori kosta egiten zaie berriz ere erritmoa hartzea. Makina bat txirrindulariren galbide izan da atseden egun baten osteko etapa.

Esteban Chavesen (Mitchelton) izena gehi dakioke zerrenda horri. Txirrindulari kolonbiarrak direnak eta ez direnak sufritu zituen atzo Italiako Giroko hamargarren etapan. 25.24ra helmugaratu zen, Simon Yates taldekide eta liderra iritsi eta ia 25 minutura. Oso garesti ordaindu du makalaldia, atzerapauso galanta eman baitu sailkapen nagusian. Bigarren postuan zen atzoko etapa hasi aurretik, Yatesengandik 32 segundora, eta 39. postuan dago orain, 25.29ra. Amaitu dira Chavesen aukera guztiak Giroa irabazteko.

Egun osoko ezina izan zen Chavesena. Atzean geratu zen hasi eta berehala, Fonte della Creta bigarren mailako mendatean gora. «Ez nuen indarrik hanketan lehen mendatean onenekin egoteko», esan zuen etapa amaieran. Lanean hasi zen Mitchelton hura berriro aurrera eramateko, eta faboritoen tropelarengandik minutu ingurura gerturatu zen. Baina alferrik. Kilometroek aurrera egin ahala, areagotu egin zen Chavesen ezina eta aurrekoen aldea. Mitcheltonek berak lan egiteari utzi zion. Ezinezkoa zen kolonbiarrak aurrekoak harrapatzea.

Pello Bilbaoren erasoa

Aurrean, berriz, eraso festa izan zen. Pello Bilbao bera ere (Astana) saiatu zen tropel nagusia atzean uzten eta ihesean zihoazenekin bat egiten, baina ez zuen helburua lortu. Azkenean, Matej Mohoric (Bahrain) eta Nico Denz (Ag2r) iritsi ziren bakarrik helmugara, eta esloveniarra izan zen azkarrena. 34 segundora helmugaratu zen tropela. Sailkapen nagusian, Chaves lehen postuetatik desagertu izanaz gain, bada beste aldaketarik. Izan ere, Yatesek eta Thibaut Pinotek (FDJ) hiru eta bi segundoren gainsaria lortu zuten tarteko esprint batean. 41era du ingelesak orain Tom Dumoulin (Sunweb).

Atzokoa Giroko etaparik luzeena zen. Gaurkoa, ordea, laburrenetakoa da, 156 kilometro besterik ez baitago Assisi eta Osimo artean. Azken bost kilometroak oso bihurriak dira: harbidea dago, kale estuak, aldapa pikoak... Ikuskizuna egon daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.