Sasoikoen daudenak

Elezkano II.a-Rezusta eta Ezkurdia-Zabaleta izan dira sailkapen faseko bigarren itzuliko bikote onenak. Etzi ariko dira elkarren aurka, Labriten

Zabaleta, Ezkurdia, Elezkano eta Zabaleta, argazkilarien aurrean, atzo Labriten eginiko pilota aukeraketan. BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Etzi hasiko da Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxka, Iruñean, eta bertan, sasoi onenean dauden bi bikotek jokatuko dute elkarren aurka: Elezkano II.a-Rezustak eta Ezkurdia-Zabaletak. Joko puntua irizpide subjektiboa da, ezin baita neurtu, baina horien kasuan, zifrek ere uste hori indartzen dute, sailkatze faseko ligaxkako bigarren itzuliko bi bikote onenak izan baitira.

«Bigarren itzulian hobeto ibili gara. Ordurako partida batzuk genituen elkarrekin jokatuta, eta hobeto elkar hartu dugu. Sasoiz oso ondo gaude, eta kolpe freskoarekin», azaldu zuen atzo Jose Javier Zabaletak, larunbaterako pilota aukeraketan. Zabaletak eta Ezkurdiak osatzen duten bikotearen gabeziarik handiena erregulartasun falta da, eta aurtengo txapelketa horren froga garbia da. Sailkapen faseko lehen itzulian, zazpi partida jokatu zituzten, eta bi irabazi; bigarren itzulian, berriz, zazpi partida jokatu dituzte, eta bost irabazi. Galduriko biak, gainera, 22-21ekoa bat —Rezusta-Elezkanoren aurka— eta deus ere jokoan ez zuten beste bat izan dira.

Agerikoa da goraka egin dutela. Bolada orokorrean hartuta, azken zortzi norgehiagoketatik sei irabazi dituzte —1-5 hasi ziren—. «Presio handiko partidak jokatu ditugu, irabaztera behartuta geundelako, eta konfiantzaz iritsi gara finalerdietara». Finalerdietan sartuta bikote gehienek etxeko lanak eginda daudela esaten dute, baina Etxarrengoak badu anbizioa, eta finala hartu du helburu.

Ezkurdia-Zabaletaren bolada ona da, eta Elezkano II.a-Rezustarena ikusgarria da. Aspeko bikoteak jokaturiko azken 11 partidak irabazi ditu. «Ez dut gogoratzen inoiz horrelako boladarik izan dudan, baina ni asko gozatzen ari naiz», onartu zuen atzo Danel Elezkanok. Haren ustez, bi dira gakoak: arazo fisikorik ez edukitzea eta erregulartasuna: «Iaz ere maila onean jokatu genuen [Zabaletarekin egin zuen bikote], baina egurra eman zidaten. Asko hitz egin zen erregulartasunik ez nuela, eta, hala ere, finalerdietan sartu ginen. Orduan eskuko min larria etorri zitzaidan, eta finalerdietan ez nuen batere gozatu; oso gogorra izan zen».

Elezkano izan da txapelketan gehien nabarmendu den pilotarietako bat. Laugarren aurrelari gisa sartu zen, Jakarekin lehian, eta txapelketan erakutsi du baduela tokia estelarretan. «Enpresak konfiantza eman dit, eta nik itzuli egin diot. Ni saiatu naiz nire onena ematen». Bolada luze horretan bi aldiz irabazi zieten Ezkurdia-Rezustari: 22-6 Eibarren eta 22-21 Iruñean. Azken hori oso gogorra izan zen, eta bi bikoteek uste dute etzikoak partida haren antza izango duela. «Egun horretan bezala jokatu behar dugu, baina huts gutxiago eginez», zehaztu zuen Zabaletak. Arrazoia du, egun hartan hamahiru huts egin zituzten, tartean partidako azken tantoan Ezkurdiak egin zuena.

Sarrerarik ez

Pilota aukeraketari dagokionez, bi bikoteek gustuko pilotak aurkitu zituzten, eta, ondo bidean, ez luke arazorik egon beharko. Labrit goraino beteko da. Ez da izango asteburuan beteko den pilotalekubakarra, Olaizola II.a-Imazek eta Altuna-Martijak igandean Donostian jokatuko duten finalerdietarako sarrerak ere amaitu baitira. Gaur aukeratuko dituzte pilotak(11:30).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.