Lapitzen eta margoen festa

Arkatzak eta marrazteko orriak hartuta, Areatzako giroa irudikatu dute hainbat lagunek Bilboko Aste Nagusian. Haurrek ere izan dute aukera Marijaia apaintzeko.

Marijaia margotzeko tailerra egin zuten haurrentzat. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Bilbo
2017ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Lapitzak esku batean eta marrazteko taulak bestean zituzten herritarrak zebiltzan atzo Areatzan. Jendez lepo zegoen ingurua, Aste Nagusiaren laugarren egunean—tortilla txapelketa egin zuten bertan—. Marrazkilariak momentua islatu nahian ari ziren. Bilboko Konpartsa Federazioak gonbidaturik, Dibujatolrato taldeko marrazkilariak bertako jai giroa marrazten aritu ziren.

Arrautza irabiatzen zegoen mutil baten aurrean jarri zen marrazkilari haietariko bat. «Zartagina eroriko zait denbora luzez begira jarraitzen baduzu», esan zion mutilak, barrez. Baina Gloria Gomezek bere horretan jarraitu zuen, ahalik eta marrazkirik originalenaren bila. Gizarte bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonen elkarte batean marrazten aritzen da Gomez, baina Aste Nagusian ere egon nahi izan zuen atzokoan. «Toki itxietan marrazten dugu gehienetan, eta gaurkoan kanpoan marrazteko aukera baliatu nahi nuen».

Tortilla egiten zebiltzan ehunka pertsonengandik gertu, Areatzan egiten zuen berotik babestuz, urtean osoan marrazteko elkartu ohi diren sei laguneko talde bat zegoen karparen azpian zain. Orria eusteko taulak eta lapitzak eskuetan zituztela. Zenbait metrotara, Dibujatolrato taldekoak. Elkarren ondoan bi jende multzoak, baina ezin elkar topatuz. Euskadiko tortilla txapelketak sorturiko anabasaren erdian, antolakuntzak ez zuen lan erraza izan partaide guztiak biltzeko.

Behin denak elkartuta, Aiert Zubigarai komikigilearen aholkuak entzun zituzten —Dibujatolratoko kidea da Zubigarai—. Astelehenero biltzen dira marrazteko eta egindakoa elkarrekin banatzen dute. «Besteena ikusiz ikasten dugu». Helburu hori zuten, atzokoan ere. Horrez gain, egiten dutena gainontzeko herritarrei zabaltzea ere bazuten helburu. «Jendeak ikus dezala marraztea zerbait normala dela», esan zuen Zubigaraik.

Paperak banatu zizkieten antolatzaileek partaideei. Marijaiarekin talde argazkia atera, eta orduan ekin zioten arkatzak astintzeari, bakoitzak bere martxan. Asko izan ziren Marijaiarekin hasteko hautua egin zutenak. Jorge Rubio zen horietako bat: «Errealitateak ez du mugarik, eta zailena orrian zer marraztu aukeratzea da». Horregatik erabaki zuen aurrez aurre zuen Bilboko festen ikurrarekin hastea, eta geroago ekin zion Areatzan zegoen giroa marrazteari.

Beste batzuk txosnak marraztera abiatu ziren. Konpartsa batzuetan sartzeko baimena ere izan zuten, gainera, barruan zegoena irudika zezaten. Eguerdiko ordu biak arte ibili ziren Areatzako bazterretan kuxkuxean. Gainontzeko kideek egindakoa ikusteko ordua, berriz, Hontzak konpartsan zuten jarria. Bertan bazkaldu eta arratsaldean jarraitu zuten. Zubigarairen esanetan, arratsaldeko marrazkiak politagoak izaten dira: «Ordurako, jendeak hasierako lotsa galdua izaten du» .

Marijaia koloreztatzen

Margo potez beterik zegoen Trikimailu konpartsan jarritako mahaiaren ingurua. Aitaren magalean eta energiaz tope ume bat, aulkitik ia mahaira ezin iritsita beste zenbait. Futboleko baloia oinen azpian geldirik zuen beste batek. Konpartsen Federazioa urtez urte etxeko txikienentzako egitaraua osatzen aritzen da. Eta atzo goizean, helduek egin bezala, haurrek ere beren artista sena erakusteko aukera izan zuten. Halako egitasmoei esker, gero eta ohikoagoa da Bilboko Aste Nagusian haurrak konpartsa gunean aurrera eta atzera ikustea.

Oso ondo zekiten umeek Marijaiak zer koloretako jantzia daraman aurten, urdina izan baitzen gehien erabili zen pintura. Naia Muñozek bazekien hori: «Urtero kolore desberdina izaten du Marijaiak, aurreko urtean arrosa eta loreduna zen, baina aurtengo jantzia urdina da». Pazientzia handiz zebilen margotzen.

Marijaiak margotu ondoren, irudiak Kaialdean zintzilikatzeko asmoa zuten antolatzaileek, baina haur gehienek etxera eraman nahi izan zituzten egindako lanak. Nagusiek edalontziak eramaten dituzten bezala, beraiek ere Aste Nagusi honetako oroigarri bat izateko.

Taloak egiten ikasteko tailerra ere bazegoen Marijaia margotzen ari ziren umeen aldamenean. Betanzos ahizpak, beste askok egin bezala, marrazkiak azkar batean akitu, eta ziztu bizian joan ziren hurrengo ekitaldirako ilara egitera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.