Atzelariei begira

Waltary-Gixandut dira faborito bihar, Baionan, binakako trinket finalean. Iturberi sendatu egin zaio orkatila, eta ez du arazorik izango jokatzeko

Waltary jarrera behartuan pilota astintzen, Larralde begirada duela. Atzean Gixandut ageri da. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Baionako Moderne trinketak urteko egunik handienetakoa izango du bihar: Berezkoen Binakako Txapelketako finala jokatuko da bertan (11:00). Batetik, Waltary Agusti eta Peio Gixandut ariko dira; bestetik, Peio Larralde eta Ion Iturbe. Azken horiek eman dute txapelketako ezusteko nagusia: kanporaketa bat irabazi behar izan zuten jokatzeko, eta, multzoko fasea laugarren postuan bukatu ondoren, finalean sartu dira.

Datu horrek argi erakusten du zergatik diren faborito Waltary eta Gixandut. Trinketean finala hasi arte, ezin da jakin nola irtengo diren apustuak, baina ziurtzat jo daiteke haien aldekoak izango direla. Besteak beste, ligaxkan elkarren aurka jokatu zutenean 40-30 irabazi zietelako Larralde eta Iturberi. Partida hura Donibane Lohizunen jokatu zuen, harrizko pilotaleku batean. Moderne, ordea, beirazko paretaduna da, eta horrek asko alda dezake jokoa.

Finala hasieran zehaztu baino bi aste geroago jokatuko da. Finalerdietako partidan Iturbek eskuineko orkatila mindu zuen, eta, hala ere, irabazi egin zuten. Iturbek atzerapena eskatu, eta Frantziako Federazioak onartu egin zuen. Ohikoa da halako eskaerei baiezkoa ematea, eta, besteak beste, horregatik jokatzen da Herri Urrats jaiaren egun berean. Bi aste egin ditu egunero masaje emailearengana joaten, eta erabat sendatu da. Hori bai, pilota aukeraketan aditzera eman zuenez, ezin izan da nahi bezala entrenatu egun hauetan.

Iturbe da finalaren atarian arreta handiena piztu duen pilotaria. Duela hiru hilabete, Bigarren Mailako txapeldun izan zen buruz buru, eta Lehen Mailako txapeldunarekin bikote eginez jokatu du. Duela lau urte arte, ezker paretan jokatzen zuen, baina 2012ko Munduko Txapelketaren ondoren trinketean hasi zen. 25 urte ditu; lorezaina da ogibidez, eta fisikoki oso indartsua da. Lehen Mailako lehen finala du, eta gabezia teknikoak kolpe biziarekin estaltzen ditu.

Iturbek eta Larraldek hobera egin dute txapelketak aurrera egin ahala. Aurretik, buruz buruko finalen ondorioz, denbora gutxi izan zuten elkarrekin entrenatzeko. Finalerdietan, ezusteko handia eman zuten Etxeberri eta Bilbaoren aurka irabazita (40-26). Egun hartan, Larraldek hartu zuen ardura kideak min hartu zuenean. Larralde bi aldiz izan da binakako txapeldun.

Waltary, seigarrenaren bila

Waltary eta Gixandut iazko txapeldunordeak dira, eta hasieratik zeuden txapela irabazteko hautagaien zerrendan. Udan Baionako Mastersa ere irabazi zuten. Atzelariarentzat bigarren finala da, eta hark esana du iazko finalak ikasteko balio izan ziola —40-38 galdu zuten Larralde-Bilbaoren aurka—. Waltary, berriz, laukoteko beteranoena da, eta txapel bilduma handiena duena. Binakako azken hiru finalak jokatu ditu, eta, bihar irabazten badu, binakako seigarren txapela eskuratuko du. Era berean, berezkoekin hasi zenetik irabazitako 11. txapela izango da. Modernean min handia egiten du bere sake biziarekin, eta partidako gakoetako bat izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.