Tronpetak, goizaldera arte

Blues, swing eta beste hamaika erritmo biltzen ditu gauero Canciller Ayala hotelak Gasteizko Jazzaldiaren barruan; areto eta kaleak beteko ditu jazzak bihar arte.

New Orleans Swamp Donkeys jazz taldea, Andre Mari Zuriaren plazan; erdiguneko kaleetan izango dira gaur eta bihar, 13:00ean eta 19:30ean. RAUL BOGAJO / ARP.
Anakoz Amenabar.
Gasteiz
2014ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Gauerdia baino ordubete lehenago, txitxar eta hontzen kantua baino ez da entzuten Florida parkean. Bare dago Gasteiz erdiguneko txokoa, harik eta Canciller Ayala hotelean bisitarien joan-etorria hasi den arte; argiak piztu, eta lehendabiziko piano eta tronpeta hotsak entzun dira atea zabaltzearekin batera. Mendizorrotza eta Principal antzokietako jazz zurrunak lekua egin die patxadari, dantzari, tragoei, solasaldiari, parke alboko hotel zaharrean.

Gasteizko Jazzaldira etorri diren artisten topalekua da Canciller hotela egunotan, eta dozenaka jazz zaleren bilgune, gauerditik aurrera. Barruan, askotariko jazz estiloekin gozatzeko aukera. Aurretik ere jaialdian izan ziren The Pink Turtle taldearen swing doinuak entzuten dira areto nagusitik, Pierre Louis Casen saxoa, Julien Sylvanden tronpeta eta June Miloren ahotsa tartean. Hasiera batean lasai eserita, laster jarri dituzte dantzan ikusleak, swing ikasle taldea gidari.

Noaren kontra egindako manifestazioa, Darcy Jamesek asteartean eskaini zuen kontzertu bikaina, Cecile McLorin artista deskubritzeko gogoa, Buena Vistaren agurra... kopa eta kopa artean, musikaren ingurukoak dabiltza hoteleko egongela handiko solasaldietan. Horietan murgilduta, lagun ezagun batzuk ere bai, Fernando Trueba zinemagilea, Xabier Moraza musikaria eta Pepa Fernandez eta Jose Maria Iñigo kazetariak, besteak beste. Saioa behar moduan doala ikusi eta lagunak agurtzera gerturatu da Iñaki Añua ere, jaialdiaren zuzendari eta zutabe nagusia: «Nik gustura ikusiko nukeen jaialdi bat antolatzen saiatzen naiz, izar handiekin, deskubritzeko dauden beste batzuekin... eta horien artean leku berezia du Canciller hotelak».

Gasteiz hotelean egiten zuten aurretik gauerdiko saioa, eta bertara salto egin zuen 1993an. Hamaika artista eta momentu ditu gogoan Añuak, baina Jose Jamesek eta Jamie Cullunek osatutako saioa nabarmendu du: «Benetako luxua izan zen bikote hura hotelean ikusi ahal izatea, talde txiki batentzat eskainitako saioa, hurrengo egunean Mendizorrotzan eskaini zuten bera».

Egunotan ere bisitatu du hotela Añuak, baina larunbatekoa izango da haren gaua: «Orduan bai, txartela kendu, 38. jaialdia amaitu, eta burua hurrengoan jartzeko unea izango da; batez ere, azkeneko gaua gozatzen dut nik». Antzoki erraldoien aldean, jazz kluben gertutasuna eskaintzen du hotelak, musikariak parez pare ikusteko aukera: «Asko eskertzen dute zaleek halako aukera bat izatea, doan gainera». Dr. Johnekin argazkiak egin edo musika tertulietan parte hartzeko aukera dute bertan.

Pop bertsioak eta swinga entzuten da batetik, eta David Kikoski eta haren hirukotea bestetik. Soinu dantzagarrien aldean, inprobisazioari eta musikarien trebetasunari adi dauden entzuleak dituzte Kikoski hirukoteak eta euren gonbidatuak, Terel Stafford tronpeta jole bikainak. Zaleen artean, baina, hamaika iritzi eta gustu, eta badira erritmo biziagoak nahi dituztenak. «Oso musikari trebeak dira, ez dago zalantzarik, baina iruditzen zait ikusleek baino eurek gozatzen dutela gehiago kontzertu honetan», esan du Igor Muñozek, hoteleko areto batetik bestera musika gosez abiatu den gazteak. Harekin batera, Henar Gilek ere «dantzagarriagoen» alde egin du, baina gustuko du desberdinak deskubritzea.

Goizetik gauera

Canciller hotela ez da, ordea, goizeko ordu txikiak arte jazzaz gozatzeko toki bakarra. Floridan bertan, 8 B Club-ek Angel Celada bateria jole gasteiztarraren kontzertua eskainiko du bihar, eta The Man in The Moon tabernak ere prest izango du jazz jaia.

Eta aretoetatik kalera egingo du jauzi musikak. Izan ere, New Orleanseko doinuekin gozatzeko aukera dago egunero, goiz eta arratsalde, Swamp Donkeys taldearekin. Gasteizko erdiguneko kaleetan ibiliko dira gaur eta bihar ere, Sam Friend buru.

Richard Bona, Paul Anka, Baptiste Trotignon, Chucho Valdes, Buena Vista Social Club. Aretoetan nahiz kalean, Principalen eta Mendizorrotzan, hamaika aukera dituzte jazz zaleek hurrengo orduetan. Guztien artean, baina, «ezinbestean» ikusi beharreko kontzertu bat gomendatu du Iñaki Añuak: Cecile Mclorinek bihar eskainiko duena. «Duela urtebete ezagutu nuen nik, eta aho zabalik utzi ninduen; aurtengo sorpresa izango dela uste dut. Ez galdu». Principal antzokian izango da, 18:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.