Katedralaren erraien xarma

Suma ezin daitekeen historia luzea gordetzen du barruan Gasteizko Santa Maria katedralak, eta ezagutzeko aukera ematen du 'Obretan irekia' bisita programak.

Gurtzarako prest dago jada Santa Maria katedrala; barruan, bankuetan eserita, bisitariak Loinaz Mosteiro gidariari adi. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Lur Gil.
Gasteiz
2014ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Gasteizko historian murgiltzeko ezinbestekoa da Santa Maria katedralaren historia ezagutzea. Arabako lautadako muino batean eraiki zuten lehenbiziko biztanleek etxolaz osatutako herrixka bat VIII. mendean. XI.aren bukaeran, eraldaketa garrantzitsua izan zuen herrixka horrek, hiribildu bihurtu zen, harresia eta lehenengo defentsa eraikinak zituela. Garai horretan eraiki zuten lehen eliza orain katedrala dagoen tokian, eta eraldaketa askoren ostean, zimenduek amore eman duten garaia iritsi da.

Katedralaren edertasun nahiak lehentasuna izan zuen noizbait, segurtasuna bigarren maila batean utziaz, eta orain, beraz, egindako oker horiek zuzentzea ezinbestekoa da. Katedralaren zaharberritze lanek hamarkada bat baino gehiago daramate jada, eta ez du ematen laster amaituko direnik. Obretan dagoen bitartean, baina, bisitariei irekita dago, eta horrek orain arte ikus ezin zitezkeen katedralaren erraiak ezagutzeko aukera ekarri du. Bisitari asko izaten ditu, udan bereziki; asko Ken Folleten The Pillars of the Earth edo World Without End liburuak irakurrita, fikzioa errealitatean ikusteko. Izan ere, Gasteizko katedralean oinarrituak dira bi liburu horiek. Bisitarien jatorria oso ezberdina izaten da, eta gehien kataluniarrak eta madrildarrak joaten direla dio Txus Pavon katedralaren bisiten koordinatzaileak, baina AEBetatik, Frantziatik eta Euskal Herritik bertatik ere joandakoak asko direla dio.

Zimenduetatik hasten da bisita, lur azpitik, eraikina eutsita dagoen azpiegitura ahula ezagutuz. Han, katedrala malda baten gainean eraikita dagoela ikus daiteke, lur heze eta mugikorraren gainean. Horrek izan du, Loinaz Mosteiro katedraleko gidariaren esanetan, eragin handiena habearte nagusiaren zutabeen okertzean: «Lur azpian egin da zaharberritze lan handiena; batzuetan irudipena daukagu hamar urte daramagula kriptako obretan soilik, baina hori da lanik garrantzitsuena, eraikinari eusteko zimenduak sendotu behar baitira».

Ez da, ordea, egin duten lan bakarra; uda baino lehen, katedrala zorurik gabe zegoen, biluzik, kriptaren erraiak agerian. Orain, ordea, egurrezko zoru berria jarri diote, eta erraiak ezkutatu. Gurtzara zabaldu berri, bisitariak ez ezik, fededunak ere jasotzen ditu larunbat eta igandeetan. Pavonek dio jende asko biltzen dela mezara, hainbeste urtez itxita egon ostean asko irrikan baitzeuden elizaren zorua berriz zapaltzeko.

Elizaren sarreratik aldare nagusira joatean, ez du ematenbederatzi metroko zuloa dagoenik azpian, ez eta Markinako kareharriz egindako aldare nagusiak ganga eder bat ezkutatzen duela lur azpian, kriptaren zutabeak eutsiz. Berritze lanak egin ezean, jendeak ezagutuko ez zituen ezaugarriak erakusten ditu Obretan irekia bisitarientzako programak, eta urtean 100.000 bisita izaten dituzte, Pavonen esanetan.

Aldare nagusitik begiratuta, ikusgarria da elizaren zutabe altuek daukaten makurdura. Ez dago zutabe zuzenik, ezta pitzadurarik gabeko paretarik ere. Gotiko ereduko habearte nagusiak degradazio izugarria jasan du azken mende erdian. Mosteiro gidariak dioenez, «60ko hamarkadan, gotiko garaiari dagokion katedral dotore eta argitsu bat izateko, habearte nagusiko zutabeak eusten zituzten arkuak kendu egin zituzten, iluna zen katedralari argia eta handitasun itxura emateko. Ez zuten, ordea, arkuek zeukaten eusteko funtzioa kontuan izan, eta momentu hartatik aurrera zimenduak mugitzen hasi ziren».

Nieves Rutkowski bisitari estatubatuarrak txundituta begiratu ditu zutabeen makurdurak: «Izugarria da nola okertu daitekeen hainbeste harrizko egitura bat, eta, hala ere, erori gabe iraun». Lehen aldiz ezagutu du Rutkovskik Gasteiz, eta katedrala izan du lehen geldialdia. «Argazkigintza asko gustatzen zait, eta katedralak horretarako aukera aparta eskaini dit; Ken Folleten liburuetan idatzita dagoen bezain ederra iruditu zait».

Dorrearen ikusmira

Gasteizko katedralaren dorreak eskaintzen du Arabako lautadaren ikuspegirik onena. Gasteizko tokirik altuena da, eta gaur egun hiriaren handitzea ikus daiteke, baina Erdi Aroan katedralaren pareta zen hiriaren bukaera. Defentsarako toki ezin hobea da dorrea, garai batean soldaduz betea zegoen erronda ibilbidearekin batera, Gorbeia eta Anboto bistapean.

Bizitza berria dauka orain katedralak, gurtzara ireki ostean, baina, nahiz eta lur azpiko lan nagusiak amaituta egon, konponketa lanak ez dira hor bukatzen. Aldamioz josia dago oraindik ere elizaren kanpoaldea, baita kripta eta dorrearen barrualdeak ere. Pavonek dio hurrengo urratsa katedralaren sarrera nagusia eta ondoko plaza irekitzea izango dela, eta ondoren kanpaiak bere lekura bueltan eramatea, dorrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.