Azken uneko 'gourmet' gida

Parrandaren erritmoari eusteko, ezinbestekoa da sabela betetzea. Azken egunean ere, mokadutxo bat jateko aukera zabala eskaintzen dute Iruñeko sanferminek.

Kuadrilla bat Compañia karrikan, hamaiketako oparoa egiten. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2017ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Egunotan, askotariko eskaintza dago Iruñean gosaldu, bazkaldu, afaldu edota, besterik gabe, garagardo baten eta hurrengoaren artean mokadutxo bat jateko. Sanferminetako gastronomiaren kalitatea, ordea, oso bestelako kontua da. Gehienetan, norberak jarritako exijentzia mailan dago koska. Festaren azken eguna izanagatik ere, amaigabea da sabela betetzeko balio dezaketen jatetxe, txosna, kafetegi eta tabernazuloen zerrenda. Hona hemen aipagarrienetako batzuk.

GOSALTZEKO

Txokolatean nahiz kubatan bustiak, txurroak beti errege

Inork ez du txurroen jatorria zehatz-mehatz ezagutzen. Gehien zabaldu den teoriaren arabera, merkatari portugaldarrek Txinatik iberiar penintsulara ekarri eta bertoko lehengaietara moldatutako errezeta izan zen. Argi dagoena da gutizia urrekara horiek ez zituela iruindar batek asmatu. Eta, hala ere, tradizio handieneko gosaria da sanferminetan.

Toki askotan egiten dituzte—gehienetan, itxurako kalitatearekin—, baina, iruindarren artean, gutxi batzuek bakarrik lortu dute sona. Horien artean, Mañuetako txurro denda da tradizio handienekoa —sanferminetan eta urrian soilik egoten da zabalik—; Estafeta karrikan dagoen Leringo txurrogileak ere fama handia lortu du, eta, txurroez gainera, txokolate beroa ere eskaintzen du; azkenik, ezagunak dira San Migel txurro postu ibiltariko gutiziak: txokolate eta kremazko txurroak, porrak... Egunotan, Antoniutti parkean egoten da aparkatuta.

HAMAIKETAKOAK

Sanferminetan beti modan dagoen klasikoa

Sanferminetan klasikorik bada, huraxe da hamaiketakoen tradizioa. Uztailaren 6an, txupinazoaren aurretik eginikoak dira sonatuenak, baina Iruñeko tabernak egunero betetzen dira goizeko mokadutxoa hartzera doazenekin. Arrautzak patata eta urdaiazpikoarekin, txistorra, solomoa piperrekin edota txahalki erregosia dela, hamaiketako oparoak egiten dira sanferminetan. Ez dira dieta egiteko egokienak.

Peñek ohitura dute hamaiketakoak karrikan bertan egiteko, baina, horiez gain, ia edonon eskaintzen dituzte. Iruñeko kuadrillen artean, tradizio handia dute La Servicial eta Casa Paco tabernek. Horiez gainera, San Nikolas, Estafeta eta Merced karriketako jatetxe gehienetan eskaintzen dituzte, eta ez dago aurretik erreserba egiteko beharrik.

ESERITA NAHIZ ZUTIK

Menua, plater konbinatuak eta ogitarteko goxoenak

Hamaiketakoari izkin egin diotenek —edo, besterik gabe, oraindik gose direnek— aukera zabala dute sanferminetan bazkaltzeko eta afaltzeko. Mahai baten inguruan lasai eseri nahi duenak, alta, arazo bat izanen du, aurretik erreserbarik egin ez badu. Gaur azken eguna izanik, gainera, jendez lepo egonen da Iruñeko Alde Zaharra.

Kale nagusiko Katakrak tabernan, sanferminetako menu berezia eskaintzen dute eguerdian, eta iluntzean, berriz, ogitartekoak eta hanburgesak. Karmen kaleko Herriko Tabernan eta Arrano elkartean ere menua eskaintzen dute, eta, horrez gain, pintxoak eta ogitartekoak. Katakraken eta Herriko Tabernan, gainera, aukera beganoa eskaintzen dute. Animalietatik eratorritako produkturik eskaintzen ez duten jatetxeen artean, ordea, Baratza Kafea da menu begano oparoena duena. Bernardino Tirapu kalean dago, feria gunearen ondoan.

Bestalde, ohiko jatetxeez gainera, herri mugimenduko guneak ere aukera interesgarria izan daitezke, festaren erdian bazkaltzeko eta afaltzeko. Herri Sanferminak plataformak kudeatutako bi eremuetan —Errekoletak plazan eta O plazan— askotariko eskaintza dute euren jantoki ekologikoan: menua, pizzak eta ogitartekoak.

MOKOFINENTZAT

Michelin izarrak eta 'mitxelin' zaharrak

Kalitate bikaineko lehengaiak, tradizioan errotutako errezetak, abangoardiako sukaldaritza... Iruñeko zenbait jatetxek ahaleginak eta bi egiten dituzte goi mailako gastronomia eta sanferminetako ohiko zurrunbiloa uztartzeko. Mokofinen aukera izan ohi da hori. Ahal den neurrian, kale kantoietako zikinkeria saihestu nahi dutenena.

Sona handikoak dira, esate baterako, Rodero (Arrieta karrikan) eta Europa (Espoz y Mina) jatetxeak. Michelin izar bana dute, eta horren arabera kobratzen dituzte menuak ere. Sanferminetako azken eguna izanda, gainera, ezinezkoa izanen da bi horietan mahaia eskuratzea. Aukera ekonomikoagoak dira La Cocina de Alex Mujika (Estafeta kalean), Anttonenea (San Anton) eta Baserriberri (San Nikolas). Sukaldaritza modernoa eta kalitate handikoa eskaintzen dute horietan ere.

ERRULETA ERRUSIARRA

Arriskuaren aurrean irri egiten dutenentzako aukera

Gosari, hamaiketako, bazkari, merienda eta afariaz gainera, sanferminek badituzte modalitate gastronomiko propioak ere. Horien artean, ezagunena —eta arriskutsuena— sorgin afaria da: goizaldeko ordu txikietan, parrandaren nekea arintzeko hartzen den bigarren afaria. 04:00 edo 05:00etan, ordea, jatetxe gehienak itxita daude, sukaldea itzalita daukate edo, besterik gabe, dantzaleku bihurtu dira. Eskari horri erantzunez azaleratu ziren janari saltoki klandestinoak. Jarauta, Mercaderes eta Nabarreria artean zabaldu ohi dituzte, eta, gehienetan, oinarri-oinarrizkoak dira: gas bonbona eramangarria, parrila, eta, horren gainean, jatorri susmagarriko haragia. Jakina, jatetxe inprobisatu horiek legez kanpokoak dira, eta ez dute ikuskatzerik pasatzen edota gutxieneko higiene baldintzak betetzen. Ordu txikietan —eta alkohol maila dezenteko batekin—, tentagarriak izan daitezke, baina atxikia daramate sanferminak kakapirriarekin bukatzeko arriskua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.