Mendia gune, euskara arnasa

Euskara eta mendizaletasuna lotuko ditu 'Oxigenoa euskarari 6.000 metroan ere' egitasmoak. Espedizioa egingo dute Himalaian Euskal Herriko gazteek eta xerpek.

Euskal Herriko gazteak, ibilaldi batean. MENDIAK ETA HERRIAK.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2018ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Bide luze eta malkartsua dugu aurretik, baina ederra izango da». Euskara goi mendira eramateko ametsa du Felipe Uriarte mendizaleak, eta abian da dagoeneko. Euskal Herriko hamabost gazte Himalaiara joango dira urrian, hilabeteko espedizioa egitera. Xerpa gazteak izango dituzte bidelagun. Euskararen bueltako saretze lana du helburu Oxigenoa euskarari 6.000 metroan ere egitasmoak, baita xerpa herriarekiko elkartasuna ere.

Euskal Herriko zazpi herrialdetako gazteak izango dira espedizioko kideak, 15 eta 17 urte artekoak. Nafarroa Behereko eta Zuberoako kideak falta zaizkie lotzeko, baina «itxaropentsu» da Uriarte. Hamar xerpa gaztek ere hartuko dute parte. Uriarte bera izango dute gazteek gidari, hiru xerpa mendi gidarirekin batera.

Hiru balio nagusi ditu proiektuak: elkartasuna, autokudeaketa eta euskara. Elkartasuna bi zentzutan landu behar dela uste du Uriartek: euskal gazteen artean, batetik; eta xerpa herriarekin, bestetik. Autokudeaketa ere funtsezkoa da, gazteak eurak ari baitira lanean, «euskaraz eta elkarlanean». Hirugarrenik, euskara Himalaiara eramateko erronka dute: «Euskaraz hitz egingo duen talde bat izango gara». Euskara eta xerpa hizkuntza erabiliko dituzte, baita ingelesa ere.

Gailurrerako bidea

2016an piztu zitzaion Uriarterieuskara 6.000 metrora igotzeko ametsa: «Nepalen nengoen, Sonam Tashi xerpa lagunaren etxean, menditik jaitsi berri. Hor piztu zitzaidan Oxigenoa euskarari egitasmoa urrunago eramateko ideia». Izen bereko egitasmoa egiten du Mendiak eta Herriak Elkarteak Araban, duela zazpi urtetik. 12-17 urteko gazteek ibilaldiak egiten dituzte euskal mendietan eta Pirinioetan, euskaraz.

«Bidea da mendizaletasuna eder egiten duena», hala dio Uriartek. «Espedizioak ez ezik, haren antolaketak ere badu garrantzia. Bidean dago gakoa, euskararen saretze lanean». Gazteak eurak ari dira antolaketan. Ibilaldiak egiten ari dira Euskal Herriko mendietan, herrialde bakoitzeko kideek antolatuta. Baigorrin egingo dute hurrengoa, apirilaren 21ean eta 22an. Proiektua Euskal Herri osoari aurkeztuko diote han.

Finantzaketa lantzen ari dira egun. 6.000 euroko kostua du espedizioak pertsonako. «90.000 euro inguru lortu behar ditugu, eta horrek euskararen eta mendizaletasunaren bueltako saretze lan handia eskatzen du», azpimarratu du mendizaleak. Kamisetak atera berri dituzte, bertso saioa ere antolatu dute maiatzerako. Instituzio eta enpresei diruz laguntzeko ere eskatuko diete.

Mendizaleak eta euskaldunak dira espedizioko gazteak. Ezinbesteko baldintza da hori. Baina ingurukoen babesa izatea ere beharrezkoa dela azaldu du Uriartek: «Bakoitzak bere babes taldea du, gurasoek, irakasleek eta ingurukoek osatua». Proiektua garatzen lagunduko diete.

«Bidezidorretik» ekin zion lanari Uriartek. Amets Arzallus eta Aitor Sarriegiri aurkeztu zien asmoa iazko udazkenean.«Txikitik abiatzeko» aholkatu zion Arzallusek, praktikotasunari begira. Hala egin zuen, egun bizileku duen Oñatiko (Gipuzkoa) ikastolako ateak jo baitzituen lehenengo. Irakasleen atxikimendua lortu ondoren, ikasleei aurkeztu zien. Horrela osatu du, pixkanaka, taldea. Xerpena, berriz, 2017ko udazkenean osatu zuten.

Urriaren 11tik azaroaren 9ra egingo dute espedizioa. Everest inguruko Khumbu xerpa eskualdea ezagutuko dute. Zeharkaldi zirkularra egingo dute, Luklan hasi eta han bukatuz. 5.000 metroko lauzpabost mendate igaroko dituzte, baita 6.000 metroko bi gailur igo ere. Espedizioko irudiekin serie bat egingo dute. Mikel Fernandez mendizale eta bideo egilea arduratuko da grabaketaz. «Aurre-ekoizpena egiten ari gara; tokiak, gaiak eta atalak zehaztuta ditugu», adierazi du Uriartek.

«Mendian beti dago arriskua, gutxien uste den tokian sarri», argi du Uriartek. Inguruko 8.000 metroko mendiekin alderatuta txikiak direla azaldu du, baina 6.000koek ere glaziarrak eta pitzadurak dituztela. «Elur-jausiak izaten dira. Arriskurik egonez gero, atzera egingo dugu, segurtasuna bermatzeko».

Euskarak eta xerpa hizkuntzak badute antzekotasunik, Uriartek azaldu duenez. 1950etik xerpa hizkuntza hegemonikoa izan da, baina, orain, hizkuntza gutxituen zantzuak ditu. «Irakaskuntza, esaterako, nepaleraz da erabat. Mailegu ugari hartzen ari da, nepaleratik eta ingelesetik. Familietan ere, hizkuntzaren transmisioa galtzen hasi da». Bi hizkuntzen arteko zubiak eraikitzeko asmoz, euskara-xerpa-ingelesa hiztegia sortuko dute espedizioan.

«6.000 metroan euskaraz egin al daiteke?». Hori galdetu nahi dio Uriartek gizarteari. Galdera nagusi horrek beste hainbat ditu barnean: antolatu al daiteke espedizio bat euskaraz? Han bizitakoa euskaraz azaldu al daiteke?... Uriartek argi du: «Guk baietz uste dugu. Gazteek erakutsiko dute posible dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.