Irune Lasa.
GEURE KONTU

Larre motza dastatzen

2018ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Gazteak 22 urte ditu, eta Kimika karrera bukatu bezain laster hasi zen eskolak emateko masterrarekin, ederki pagatuta hori ere. Ez da geldirik egotekoa; txikitan galdu zuen aita, eta, amaren buruhauste ekonomikoak arintzeko, gazte-gaztetatik beti izan du lantxoren bat. Orain, behin karrera amaituta, lantxoak utzi eta lanean behar bezala hasteko garaia iritsi zaio. Kimika sektoreko lantegi batean lana topatu du; lehen bi hilabeteetan hezkuntza masterreko praktikak ere gehituko zaizkio bere lan egunari, baina kemenik ez zaio falta izan inoiz, ezta orain ere, eta lana hartu du.

Hilabete batez eduki dute erreakzio kimiko toxikoak eragiten dituzten testak egiten. Eta, aldi berean, masterreko praktikak egiten jardun da eskola batean, nerabeen eta matematikaren arteko kimika lantzen. Lotarako orduak gehitu eta egunek ihes egiten diote, baina gazteak mundua jateko prest jarraitzen du. Zaplaztekoa hartu duen arte: lehen nomina.

Kimika enpresako giza baliabideetako arduradunak estralurtarra balitz bezala begiratu dio aurrena. Damutuko zaiola esan dio gero. Badoa. Kemenik ez zaio falta izan inoiz.

Aurrekoa egiazko kasu bat da. Martxoan gertatu zen Gipuzkoan. Baina badirudi ez dela bakarra. Iñaki Garcinuño Bizkaiko Cebekeko presidenteak hori iradoki zuen asteazkenean egindako hitzaldian. «Enpresek inteligentziaz kudeatu behar dugu gazteen kontratazio berriek merezi duten aitortza ekonomikoa». Bizkaiko patronaleko buruaren arabera, «haiek doktoreak izan edo ez, talentuari eusteak balio handiagoa izango du hurrengo urteetan».Confebasken inkesta bat ere aipatu zuen Garcinuñok: «Langile jakin batzuk kontratatzeko zailtasunak hazten ari dira, eskainitako soldatek enplegurako hautagaiak ez dituztelako gogobetetzen».

Cebekeko buruarentzat «bi izan daitezke horren arrazoiak. Bat, gaztearen espektatiba handiegia enpresak ordain dezakeenarekiko. Eta bestea, egiaz badaudela hobetu behar diren zenbait eskaintza, enplegu eskatzailearen meritu eta gaitasunean oinarrituta, gaztea eta esperientzia mugatukoa izanagatik ere».

Aurrekoak ez dira Garcinuñoren hitzalditik oihartzun mediatiko handiena izan duten hitzak. Baina oso ondo esplikatzen dituzte prentsan agertutako izenburuak. Adibidez, zergatik patronalak uste duen lan eskaintza publiko «masiboek» ekintzailetza moteltzen dutela. Eta funtzio publikoko soldaten «gehiegikeriak» herritarren kontura egiten direla, arlo pribatuan soldatak bezeroak ezarri eta gehiegikeriak enpresaburu eta langileen kontura izaten direnean. Arlo publikoari «lehia desorekatua» egitea leporatu zion Garcinuñok.

Galdetu beharko litzateke nola konpondu behar den desoreka hori. Alor bateko baldintzak okertuz ala bestekoak hobetuz? Soldata handiek enpresen lehiakortasunari ezin diotela kalte egin azaldu zuen Cebekeko buruak, eta arrazoizkoa da hori esatea. Baina euskal enpresen lehiakortasuna zertan oinarritu behar den ere erabaki beharko da noizbait. Soldata txikietan? Zerga pizgarrietan? Egiari zor, soldata batzuk igo behar direla ere aitortu du Garcinuñok, aurreko hitzak horren erakusle.

Halere, haientzat bidea beste bat da. Patronalarentzat berebizikoa izango da biztanleria aktiboa handitzea. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hiru urtean 100.000 lanpostu bete beharko dira, eta biztanleria aktibo handiagoarekin soilik eutsi ahalko diete soldatei. Eta bitartean larre motza dastatzen hastea beste aukerarik ez dute izango giza baliabideetako arduradun zenbaitek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.