Ivan Santamaria.
GEURE KONTU

Pentsioak, DSBEa eta egia deserosoak

2018ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Pentsiodunen erreboltak Espainiako Gobernua makurrarazi du. Espero zitekeen, hasieratik. Ez du logika handirik susperraldi ekonomikoaren lorpenak aldarrikatzeak iritzi publikoaren aurrean, eta, aldi berean, pentsio ordainen eguneratzea %0,25 ziztrin batekin konpondu nahi izateak. Inflazioaren lehen hozkadak nabaritu bezain pronto, pentsiodunek kaleak bete dituzte. Aurkari gisa gutxietsi dituzte: asko dira eta denbora sobera dute.

Erretiratuak, oro har, kolektibo nahiko kontserbadorea izan da orain arte. Uler bedi ikuspuntu ekonomiko batetik izan direla kontserbadoreak. Bizitza aktiboa lanean eman ondoren, dagokien txekea jaso eta bizitzaren kostuaren adina gaurkotu zaienean ez da kexu ozenegirik entzun. Ordainaren eta bizitzaren kostuaren artean zegoen lotura hausteak sumindu ditu. Ohar argia da, etorkizunera begira.

Itxuraz kontrolpean zeukan kolektibo baten haserreak garai korapilatsuan aurkitu du Rajoyren gobernua. Ahul Kongresuan, Madrilgo hamaikagarren eskandalu politikoaren erdian, eta Ciudadanosek eskuinetik aurreratuko dion beldurrez. Legealdia luzatzeko EAJ aurkitu du bidelagun. Finantzei buruz ariko bagina, Rajoy izeneko produktuan inbertsioa egin du Sabin Etxeak, horren kotizazioa oso apal zegoen une batean, etorkizunean etekin handiagoa aterako dion itxaropenaz. Prezioa 2013. urtean onartutako pentsioen erreforma hozkailuan sartzea izan da. Aurten eta datorren urtean ordainak inflazioaren arabera igoko dira. Jasangarritasun faktorea —etorkizuneko pentsioak jaitsaraziko dituen tresna— indarrean sartzea beste lau urtez atzeratuko da. Erreforma eten da, baina ez da legeditik desagertu. Nahikoa izango ote da keinua pentsiodunen animoa baretzeko?

Pentsio sistemaren ajeak hor segitzen du. Erraza da azaltzeko: kotizatzen denak ez du ematen onuradunei zor zaiena ordaintzeko. Konpontzeko ez da horren erraza, ordea. Gobernuak multinazional teknologikoei jarritako zerga berri batekin konpentsatu nahi du jeltzaleekin adostutakoa. Europatik datorren proiektua da zerga hori, eta, Europa ezagututa, bide bazterrean geratzea oso posible da. Gogoratzen al du inork Tobin tasa? Zerga horrekin ez bada, igoera pagatzeko sosak beste nonbaitetik atera beharko dituzte Rajoyk eta Montorok.

Espainian ez bezala, pentsio urrienak osatzeko modua garatu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren bidez. Ordainaren logikari erantzuten dio. Bazterketan edo pobrezian erortzeko arriskua duten pentsiodunei laguntzen zaie, egoera berean dauden beste herritarrei laguntzen zaien bezala. Osagarri hori handitzeko eskaerak egon dira. EAJren eta PSEren proposamenak formalki bi DSBE mota egotea aurreikusten du. Bat, pentsiodunentzat. Bestea, premiak dituzten gainerako herritarrentzat.

Arrisku batzuk ditu bide horrek. Pentsioen kasuan, kotizatutakoaren eta jasotakoaren artean harreman bat egon behar du. Eztabaidagarria da DSBEari eskatzea pentsio sistemak bermatzen ez duen hori ahalbidetzea, gizarte laguntzaren funtzioak ez badira aldatzen. Arrisku argiena onuradunak banatzetik etor daiteke, hala ere. Pentsiodunak pobreen aurka jartzea, alegia. Jarri belarria kontzentrazioetan eta manifestazioetan eta entzungo duzue bat baino gehiago esanez haientzat ez dagoela dirua, baina besteentzat bai. Beste horiek zeintzuk dira? Lanik egin ez eta DSBEa jasotzen duten alferrak, eta kanpotik etorri direnak. Kontuz halakoak elikatzearekin.

Egia da pentsio berrien ordaina apur bat behera egiten hasi dela. Egia da erosahalmenean lehen galerak gertatu direla. Baina esan daiteke pentsiodunak izan direla krisian gehien galdu dutenak? Eustatek errentari buruz dituen datuek ez diote hori. 2009tik 2015era 65-69 urte artekoen batez besteko errenta %7 igo da, 70-74 artekoena %11, eta 75-79 artekoena %5. Begiratu piramidearen beste aldeari: 20-24 urtekoek %33 galdu dute, 25-29 urtekoek %19, eta 30-34 urtekoek %9. Langabezia da, bai, baina ez galdu bistatik etorkizuna hipotekatzen ari garela, baita etorkizuneko pentsioak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.