Arrauna. San Miguel liga. Mikel Orbañanos. Hondarribia traineruko entrenatzailea

«Oso zaila izango da iazko bandera kopurua irabaztea»

San Miguel hastear dela entrenatzaile bat lasai egoteko moduan bada, hori Mikel Orbañanos da. Haren taldeak oso ondo jarraitzen du, eta faborito nagusia da koroa irabazteko.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2016ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Bihar hasiko da aurtengo San Miguel liga, Sevillan (Espainia), eta iazko garaipenari eusten saiatuko da Hondarribia. Baita duela bi urtekoari ere. Orain arte emandako maila ikusita, gai da hori lortzeko Mikel Orbañanosen (Orio, Gipuzkoa, 1973) taldea. Bera, beti bezala, zuhur mintzo da, baina.

Zer itxura hartzen diozu sasoiari?

Lanak ondo egin ditugu prestakuntzan, aurreko urteetan bezala. Neguko eta oraingo estropadetan emaitza onak atera ditugu, eta horrek ziurtasuna ematen digu.

Prestakuntza aurreko sasoietako bera edo antzekoa izan da?

Bai. Arraunlari asko ibili gara, eta pixkana joan gara sailkatzen: batzuk, ontzi nagusian, eta besteak, bigarrenean.

Nola aldatuko duzu, bada, prestakuntza, emaitzak hain onak izaten ari direnean.

Jakina. Aldaketak egin egin behar dira, baina poliki eta lasai, emaitza onek ez dutelako hori egiteko premiarik eragiten.

Poliki eta lasai, esan duzu. Hondarribiaren estiloari dagozkion bi hitz.

Saiatuak izatea da gure beste oinarri bat, gauzak berez-berez egitea.

Kanpotik begiratuta, ematen du aurreko denboraldian San Miguel ligan egin zenutena berriz egiteko moduan izango zaretela. Hala uste duzu zuk ere?

Gure helburua izango da iazko trainerua ibili zena baino azkarrago ibiltzea, eta, azkarrago ezin bada, iaz bezala ibiltzea. Hori da hobekuntza guretzat, eta urtez urte planteamendu bera egiten dugu. Ez dakidana da hobekuntza horrek iaz irabazi genituen hainbeste bandera irabazteko aukera emango digun edo ez; oso zaila da berriz hainbeste trapu ateratzea. Guk geurea ondo egiteaz gainera, aurkarien maila ere ikusi egin beharko da.

Aurkari bakarra Urdaibai izango duzue?

Iruditzen zait traineru dezente daudela lehian ibiltzeko eran, eta oraindik goiz da bakoitza non ibiliko den esateko. Hasieran, behintzat, lehia irekia aurreikusten dut.

Liga irabazten baduzue, hirugarrena izango da jarraian, eta Ligako koroa eskuratuko duzue. Beste motibazio bat da?

Polita litzateke koroa geureganatzea, baina hori lortu nahiak ezin gaitu jan. Bukaera arte lehian ibili nahi dugu, eta ea gai garen koroa irabazteko.

Iaz, arraunlari batzuk aldatzen ibili zinen estropadaz estropada, eta traineruak maila ona ematen segitu zuen hala ere. Aurten aldaketa gehiago egiteko aukera izango duzu?

Beharrezkoak eta garrantzitsuak dira aldaketak, hainbeste estropadarekin denek parte hartzea funtsezkoa delako guretzat. Horrekin, gainera, goian ibiltzeko moduan bagara, askoz hobe.

Aldaketak, plangintza... urruti dago oraindik iraila?

Bai. Asko falta da. Uste dut maila bat eman dezakegula taldeek irailera arte, eta hor gauzak aldatu egin daitezkeela.

Kontxako Banderan, lan ederra egin, baina bigarren egin zenuten iaz. Zer ondorio atera duzu barrura begira?

Gustatuko litzaiguke iazko erregulartasunari eustea, eta, gero, Kontxan, gure onena emateko moduan izatea. Baina Kontxakoa berezia da, faktore asko dira erabakigarriak, ez bakarrik norberaren sasoi puntua: kalea dela, haize aldaketa dela... Baina badakigu zertara joaten garen, eta ea berdintasunaren barruan onenak irabazten duen.

Bigarren taldea KAE1 ligan da aurten, eta lan ona egiteko eran izango dela ematen du. Altxor preziatua duzue talde hori.

Oso ona da klubarentzat talde hori horrela ibiltzea. Oso maila ona ari da ematen azken denboraldietan, eta ziurtasuna ematen digu Hondarribiak etorkizunean arraunlari onak izango dituela. Hala ere, garbi eduki behar dute goiko taldean sekulako maila dagoela, eta pazientzia behar dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.