Manu Gomez. Etxarri Aranazko kontsultako taldekoa

«Ezagutza guztia besteen esku uzteko prest gaude»

Herri galdeketaren antolakuntza aberasgarria izaten ari dela dio Gomezek, eta uste du garrantzitsuena jendeak bozkatu ahal izatea dela.

2014ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Etxarri Aranazko galdeketaren antolatzaileetako bat BERRIAren elkarrizketa digitalean izan da, Andoainen: Manu Gomez.

Baikor zara galdeketarako? Antton.

Prozesuan parte hartu dugunontzat oso aberasgarria da. Boto bakar bat jasota ere merezi duela pentsatzen dugu.

Zer moduzko giroa antzematen duzu herrian? Eider R.

Giro polita; egun on bat pasatzeko gogoa dago. Gaiak espektatiba sortu du, eta lantaldeetarako jende ugari ari da eskaintzen.

Ze parte hartze espero duzue? Beñat.

Ahalik eta parte hartze handiena izatea nahiko genuke, baina ni ez naiz ausartzen zifra bat ematera. Garrantzitsuena ariketa da.

Pentsatu duzue galdeketa nola egin, debekatua izanez gero? Txomin.

Orain ez dugu inondik inora debekurik aurreikusten. Nola debeka daiteke galdetu nahi eta erantzun nahi izatea? Legez kanpo dagoen ezer ez goaz egitera. Herritarrek euren sentimendua azalduko dute galdeketan, nahi badute, eta hori apirilaren 13an gauzatuko dugu.

Hurrengo egunean zer? Aitor.

Hurrengo egunean lanera joango naiz, egunero bezala. Lana txukun burutu izanaren poza eraman nahiko nuke. Bildu dugun ezagutza guztia besteen esku jartzeko prest gaude.

Lehenengo herria izango zarete Euskal Herriko independentziaz galdeketa egiten. Uste duzu herri gehiagok zuen urratsei jarraituko dietela? Anara O.

Orain arte ez da herririk jarri gurekin harremanetan, baina ziur gaude bide honek jarraipena izango duela. Euskal Herrian gai honi buruz iritzia eman nahi duen jende asko dago.

Independentziara bidean, Katalunian herritarrek egindako lanak emaitzak izan dituela ikusten ari gara. Euskal Herrian hori posible dela uste duzu? Laida A.

Gazta zati bat filmean esaten dute: «Erabakitzeko eskubidea gai inportanteegia da politikoen esku bakarrik uzteko». Herritarron garaia da, gure garaia. Ez dut inolako zalantzarik herritarrok pausoak ematen baditugu lehenago edo geroago gure etorkizuna erabaki ahal izango dugula. Baina Kataluniak eta Euskal Herriak bakoitzak bere bidea egin behar du, bestearena ezagutuz, osatuz eta errespetatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.