Lanaldia handituko duen esparru hitzarmen bat egin dute Sidenorren

Konpainia bi urtez egongo da erregulazioan, baina beharginen lanaldia bost egun handituko da 2021. urterako. Langileen oniritzia behar du orain itunak, eta astebeteko epean bozkatuko dute

Sidenor altzairutegi taldeak 1.500 bat langile ditu Euskal Herrian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Irune Lasa.
2016ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
«Lehiakortasunaren bidea berreskuratzea». Sidenor altzairutegi taldeko zuzendaritzak xede hori duela esan du, behin eta berriz, azken bi hilabeteetan, langileen ordezkariekin izan dituen negoziazioen harira. Eta atzo ere bai: CCOO, UGT, USO eta CSI-F sindikatuekin adostutako esparru akordioak «lehiakortasunaren bidera itzultzeko modua» ekarriko duela. Sidenor taldea ez dago, ez, bere onenean. Horren erakusle da hurrengo bi urteetarako hitzartua duten aldi baterako lan erregulazioa, taldeko jarduna batez beste erdira murriztuko duena.

Langileek berretsiz gero, esparru akordioa urtarrilarekin ezarriko da indarrean, 2021. urtera arte. Akordio horren mende izango dira Basauriko, Gasteizko eta Reinosako altzairutegiak, baita Basauriko bulego nagusiak ere. Azkoitiko lantegiak bere hitzarmen propioa du, 2018. urtera artekoa. Sidenor taldeak, orotara, 2.300 langile ditu, horietatik 1.500 inguru Euskal Herrian.

Enpresak, hitzartutako gaietatik, nabarmendu zuen hurrengo bost urteetan beharginen urteko lanaldia bost egunez luzatuko dela. «Europan lehiakide dituen enpresen maila berean egotea ekarriko dio horrek Sidenorri, baita automozio alorreko bere bezero nagusien mailan egotea ere».

Soldata igoera

Bost urteetan, soldatak ere igo egingo dira: 2017. urtean igoera %1ekoa izango da, eta horri orain arteko itunak jasotako %0,5eko beste igoera bat gehituko zaio. 2018. urtean soldatak %3 handituko direla iragarri du akordioak; 2019an, %1,75; 2020an, %1; eta 2021. urtean, %1,25. 2019. urtetik aurrera, soldata pizgarri bat izango dela espero dute, gehienez %2rainokoa eta urtero ordainketa bakarraren bidez egingo litzatekeena, betiere enpresaren emaitzen arabera. Orain arte indarrean egon den ordainketa aldakorreko sistema bertan behera geldituko da. 2013. urtean, konpainiaren aurreko zuzendaritzak %5 murriztu zituen soldatak.

Beste konpromiso bat ere hartu du enpresak: gaur egun Sidenorren behin-behinean ari diren langileen %15 finko egitea. Zenbaketa horretatik at geldituko dira behin-behineko errelebo kontratua dutenak.

Esparru akordioak, era berean, malgutasun neurri batzuk jasoko ditu, duela hogei egun sindikatuen gehiengoak onartu dituenak eta Lanera Egokitzeko Plana deitutakoan zeudenak: lanaldiari dagokionez, zortzi orduko nahitaezko prestakuntza poltsa eratuko da; 72 ordu moldagarri izango dira urteko, lehen denbora librearekin konpentsatu zitezkeenak soilik, eta, orain, baita diru truk ere. Egutegiari dagokionez, beharginen lan egutegiaren gutxieneko iraupena bi hilabetetik hilabete batera jaitsiko da; enpresak urtean lau alditan aldatu ahal izango du egutegia, eta aurrez abisatzeko epea hamar egunetik zazpira jaitsiko da. Oporrei dagokienez, oporretako 30 egunak ezingo dira jarraian hartu. Oporraldia bitan banatuko da: hogei egun jarraian uztail, abuztu eta irailetan, eta beste hamar, enpresak erabakita, urtarrilean, abenduan eta Aste Santuan. Oporraldia aldatzeko abisua 90 egunetik 60ra jaitsiko da.

ELA sindikatuak gaitzetsi egin du akordioa. Haren ustez, bi kontuak ezin dira bateragarriak izan: lan-karga falta argudiatuta beharginak lan erregulazio batekin langabeziara bidali, eta, gero, haien lanaldia luzatzea. LAB sindikatuaren azterketaren arabera, lanaldia bost lan egun handitzeak eta enpresak langileen ordu moldagarriak erabiltzeak gutxienez 181 lanpostu desagerraraziko ditu. Akordioa «antisindikala» eta «antisoziala» da LABentzat.

ELAri «kezka handia sortzen dio prozesuan enpresak ez duela inolako konpromisorik hartu geroari dagokionez». Sindikatuaren arabera, Sidenorrek ez du inbertsiorik agindu, ez industria planik zehaztu, ezta lan baldintza okerragoak izango dituzten langileen etorkizuna bermatu ere. Soldatak igotzeko KPIaren erreferentziarik ez erabiltzea ere kezkatzekoa da ELArentzat. Horrez gain, akordioa sinatzeko astebeteko epea jartzea «zinismoa» da sindikatuaren ustez, «langileriaren zati handi bat oporretan» dagoelako.

ELAren arabera, enpresaren zuzendaritzak eta sinatzaileek helburu bera dute: «Langileria etsitu eta mendeko bat». Hitzarmena sinatu duten sindikatuek, haren ustez, «enpresa zuzendaritzaren gehigarri bat direla erakutsi dute beste behin».

Akordioaren sinatzaileen artean dagoen USO sindikatuaren ustez, aldiz, hitzartutakoak hobetu egingo ditu langileen «lan eta ekonomia baldintzak». Neurriokin, «enpresaren egungo egoera irauli ahalko da, etorkizuna duen industria egitasmo fidagarri bat oinarri hartuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.