Productos Tubularesek kendu egin du espedientea, greba amaiarazteko

Beharginek batzarra egingo dute gaur arratsaldean, greba mugagabea amaitu ala ez erabakitzeko. Enpresak beharrezkotzat jo ditu premiazko neurriak. Jaurlaritzak eskatu du ituna «laster» lortzeko

Productos Tubulareseko langileen manifestazioa, joan den zapatuan, Barakaldon. JAVIER ZORRILLA / EFE.
Jon Fernandez.
2018ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Productos Tubularesek atzera egin izana 41 eguneko borrokaren emaitza izan da, sindikatuen arabera. Arabako Tubos Reunidos konpainiaren adarrak atzo iragarri zuen kendu egingo duela lan erregulazio espedientea, joan den apirilaren 4an jarri zuena. Trapagarango lantegian (Bizkaia) 418 langiletik 157 kaleratzea zekarren erregulazio dosierrak, eta geratuko liratekeen 350 langileei soldatak %25 jaistea, lanaldia 24 ordu luzatzea eta altzairutegiaren bihotza ixtea, labe elektrikoa. Langileak greba mugagabean daude martxoaren 8tik; zuzendaritzak, hain zuzen, argudiatu du lanuzteak «enpresa are gehiago kaltetu» duela, eta haren «etorkizuna arrisku handian jarri»; horregatik erabaki duela dosierra kentzea. Zuzendaritzak «premiazko elkarrizketa» bat eskatu dio langile batzordeari, eta beharginak lanera buelta daitezela «lehenbailehen». Langileek gauregingo dute batzarra, 18:00etan, greba bertan behera laga edo ez erabakitzeko.

Langile batzordeak uste du «bataila bat» irabazi duela; «langileen borrokari esker lortu ere». Atzo, langileen ordezkariak pozik zeuden, baina gaineratu zuten zuhur jokatuko dutela, irabazi dutena bataila bat baino ez dela azpimarratuz. Izan ere, «gerrak oraindik ere jarraituko du».

Zuhurtziaz jokatzeko arrazoia zera da, enpresak ez duela «konpromiso sendorik» hartu ziurtatzeko ez dituela berriz ere mahai gainean jarriko apirilaren 4ko lan erregulazio espedientean proposatutakoak. Hori dela eta, langile batzordeak zehaztu du «analisirako» garaia dela, patxadaz aztertu behar dutela dosierra kendu izanak sortutako testuinguru berria. Batzordeak batzarrera deitu ditu Trapagarango langileak gaur, 18:00etan, greba mugagabeari eutsi ala ez erabakitzeko.

ELAk langileen mobilizazioa txalotu du ohar batean: «Erakutsi dugu martxoaren 8an hasitako borrokak balio izan duela zuzendaritzak ezarritako bide orria aldatzeko, zeinaren plan estrategiko bakarra baitzen langileak kaleratzea, soldatak jaistea eta altzairutegia ixtea». Gauza bera egin du Euskadiko CCOOk ere, esanez «enpresako zuzendaritzak iltzatutako Damoklesen ezpata» kentzea lortu dutela, «41 eguneko borrokari esker».

Bitartekaritza eskaintza

Zuzendaritzak eta langile batzordeak lan erregulazio espedientearen kontsulta aldiko hirugarren bilera egin zuten atzo Barakaldoko hotel batean, eta bertan eman zuen enpresak dosierra kentzearen berri. Beharginen eskarietako bat zen hori, «presarik gabe eta kaleratzeen mehatxurik gabe» beste negoziazio mahai bat osatu ahal izateko, fabrikaren etorkizunaz hitz egiteko.

Ez da etorkizun samurra. Zuzendaritzak berretsi du enpresa salbatzeko «premiazko neurriak» behar direla, eta sindikatuei eskatu die elkarrizketak berehala hasteko.

Eusko Jaurlaritzak bitartekaritza lana egin dezake negoziazio berrian. Joan den astean, Lakuak bere burua eskaini zuen langileen eta zuzendaritzaren arteko bitartekari izateko: Tubos Reunidoseko zuzendaritzak eskaintza onartu zuen, baina langile batzordeak ez, nahiz eta hasieran bitartekaritza ontzat eman. Langileak ez zeuden prest Jaurlaritzaren bitartekaritza onartzeko espedientea mahai gainean bazegoen; baina atzodanik ez dago kaleratzeen dosierrik mahaian.

Atzo, berriro eskaini zuen bere burua bitartekaritzarako Arantxa Tapiak, Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak, Productos Tubulareseko zuzendaritzarekin bilera egin eta gero. Haren ustez, bi aldeek «ahal bezain laster» lortu behar dute akordioa, konpainia «egoera larrian eta konplikatuan» dagoelako. Tapiaren iritziz, enpresak akordiorako «benetako borondatea» erakutsi du, dosierra atzera botata. Halaber, azpimarratu zuen langileak lanera bueltatzea dela geroa ziurtatzeko gakoa.

Tubos Reunidosek 100 milioi euroko galerak pilatu ditu azken urteetan, batez ere petrolioaren prezioaren jaitsierak haren hodien eskaria txikitu duelako. Bada, 100 milioiko galeratik 32,5 milioi Productos Tubularesi dagozkio. Trapagarango planak %50 handitu du zorra 2012tik 2017ra bitartean: 25 milioi eurotik 37,6 milioi eurora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.