Bi orduko lanuztera deitu du LABek hilaren 30erako, greba buruan duela

Langile guztiak deitu ditu protestara, deialdia eragile sozial eta sindikalekin adostua izan ez arren. Greba orokorraren beharra aldarrikatu du, prekaritatea gero eta gehiago zabaltzen ari delako

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
«Prekarizazioa hemen geratzeko iritsi da». Analisi orokor bezain zehatza egin zuen atzo Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak. Azaldu zuenez, egoera ekonomikoa bideratzen ari direla dioten ahotsek ez dute bat egiten gizartearen zati baten egoerarekin, «kapitalak diru gehiago bildu behar duelako, modu desorekatuan, gainera». Eta, horregatik, lan egingo dute datorren maiatzaren 26an pentsiodunek deitu duten manifestazioa «langile klase osoaren» mobilizazioa izan dadin. «Egungo soldata baxuek etorkizuneko pentsio prekarioak ekarriko dituztelako eurekin». Baina pentsiodunen mobilizazioa sindikatuak aurreikusten duen «maiatz beroaren» lehen zatia besterik ez da izango, hilaren 30ean bi orduko lanuztea antolatu duelako LABek.

Prekarizazio egoera orokortua dago, Aranbururen ustez, «eta ez dago inor egoera hori bizi izan ez duenik». Pentsiodunak, gazteak, emakumeak eta langileak dira hori sufritzen dutenak. Sektore horiek kaleko aldarrikapenak bere egiten ari dira azken hilabeteetan, eta horren lekuko jarri zituen martxoaren 8ko protestak, pentsiodunen mobilizazioak eta langileak hainbat enpresatan egiten ari diren grebak. Horien guztien indarra nabarmendu ostean, «erantzun orokorrago bat» emateko beharra aldarrikatu zuen. «Greba baten beharra daukagu».

Galiziako CIGek ekainaren 19rako greba orokorrerako deia egina du, esaterako, eta Espainian ere horren oihartzuna entzuten hasi da. «Erronka hori gure egin beharra daukagu, eta, horregatik, maiatzaren 30erako mobilizaziorako deia egin behar dugu».

Sindikatuak ez luke nahi afiliatuak mobilizatzeko egun bat izatea, eta, horregatik, langile denei egin zien gonbidapena Aranburuk: «Ez dugu mobilizazioa gure egin nahi, eta, horregatik, deialdi zabala egin nahi izan dugu». Beste eragile sozial edo sindikalekin adostu gabe egin du deialdia, ordea, baina lantegiz lantegi aurkeztuko dute lanuzterako deialdia, ahalik eta behargin gehienek bat egin dezaten. «Aurtengoa maiatz beroa izango dela aurreikusten dugu».

Estatalizazioa enpleguan

Egoeraren gordina azaltzeko, Xabier Ugartemendia ekintza sindikaleko idazkariak hainbat datujarri zituen mahai gainean: emakumeek gizonek baino %24 gutxiago irabazten dute, gazteek dauzkaten kontratuen %40k urtebete baino gutxiago irauten dute, eta lanaldi partzialen kopurua %22 handitu da azken urteetan. Egoera hori gutxi ez, eta estatalizazioaren joera orokortzen ari dela salatu zuen Ugartemendiak: «Lan hitzarmenen estatalizazioa bilatzen dute enpresa askok, lan baldintzak okertzen direlako». Espainiako lan moldeak Hego Euskal Herrira ekarrita, gainera, «langileen erabakitzeko eskubidea urratzen» dela salatu zuen. Gaur egun indarrean dauden lan itunen %22 bakarrik dira «bertakoak».

Estatalizazio horren ardura patronalari egotzi zion batez ere,baina CCOO eta UGT erantzuleen artean aipatu zituenUgartemendiak. «Espainian erabakitzen dituzte hemengo baldintzak, negoziazio kolektiboa esparru hartara eramanda». Baina lan baldintza horiek Confebaskek aplikatzen ditu, eta, horregatik, euskal eremuko itunen negoziazio esparrua blokeatuta egotea haren erantzukizuna dela azpimarratu zuen. Sindikatuko ordezkaria kexu azaldu zen negoziazio esparru berriak irekitzen saiatzendirenean ere ezezkoa jasotzen dutelako.

Azkenik, azpikontratatutako langileen egoeran jarri zuen begirada, batez ere arlo publikoan aritzen direnen kasuan. «Azpikontratatutako langileen kasuan subrogaziorako aukera ukatu egiten zaie». Datu eta egoera horiek guztiek bultzatu dute sindikatua datorren hilaren 30eko bi orduko lanuztearen deialdia egitera. Eta luzera begira jarrita, greba orokor baten beharra beste behin ere aldarrikatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.