Renferen megakontratuaren lasterketan jarraitzen du CAFek

Espainiako Talgok irabazi du arlo teknikoa, baina Beasaingo konpainiak egin du eskaintza merkeena. Pare bat egunetan argituko dute irabazlea; Talgok dagoeneko esan du lehiaketa irabazi duela

Tren ekoizleen konpainien ordezkariak Madrilen, atzo. EMILIO NARANJO / EFE.
Oihan Vitoria.
Madril
2016ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Airean dago oraindik Renferen kontratu erraldoiaren adjudikazioa, baina hasi dira askatzen lehen hari muturrak. Historian lehen aldiz, Renfek ekitaldi ireki batean zabaldu zituen atzo lehiaketako konpainia finalisten gutun itxiak, eta haien aurrean ezagutarazi zituen, «gardentasunaren» izenean. Ikusmin handia zegoen: abiadura handiko 30 tren berri egiteko eta 40 urtez horien mantentze lana bermatzeko enkargua jasotzen du 2.600 milioi eurotik gorako megakontratuak. Hautagai bakoitzaren eskaintzak eta lortutako puntuak irakurrita, CAFen eta Talgoren artekoa da orain megakontraturako lehia.

Renferen Madrilgo egoitzan galderak etengabeak ziren atzo, baina Renfek ez zuen eman erantzun argirik. «Ezin dugu ezer esan». Eskaintza guztiak berraztertu arte irabazle ofizialik ez izendatzea erabaki du, eta itxikeria hori nahikoa sugar izan da zurrumurruak haizatzeko.

Talgok lortu du puntuazio handiena eskaintza teknikoan, eta hark dagoeneko irabazletzat jo du bere burua, «birtualki». Hala adierazi zion atzo CNMV Espainiako merkatuaren arautzaileari. Oraindik goizegi da, ordea, bat edo beste irabazle jotzeko. CAFen eskaintza ekonomikoak lortu ditu puntu gehien, eta, datuak okerrak ez badira, hura gailendu daiteke. Irabazlea zehazteko garaian, eskaintza teknikoari dagozkio 100 puntuetatik 35, eta ekonomikoari, 65. Puntuazioa eskaintza merkeenarekin ondoen orekatzen duenak irabaziko du, beraz. Hori da, hain justu, Renferen premisa: «Lehiaketa publiko honen helburua ez da izan soilik tren on bat eskuratzea, eraginkortasunean eta kostuetan onena dena lortzea baizik».

Baina Renfek dio «gaur-gaurkoz» Talgoren eskaintza dela «lehiakorrena», eta, ustekaberik ezean, badirudi haren alde mugituko dela balantza pisutsua: balorazio tekniko handiena hark lortu du —35 puntutik 29 pasatxo—. CAFeko ordezkari batek ere hala onartu zuen atzo korridoreetako hartu-eman informaletan. Horrek, halere, ez du esan nahi enkargua dagoeneko Talgorena denik, formula matematiko baten arabera alderatuko baitituzte orain datu guztiak.

Itxaron egin behar

Eskaintza merkeena, gainera, CAFena da: 83.507 euroko kostua aurkeztu du Beasaingo etxeak 30 urterako kilometroko eta plaza bakoitzeko. Enkargua lortzea jauzi eta erronka izugarria litzateke Gipuzkoako konpainiarentzat, sekula ez duelako AHT motako trenik martxan jarri; lehenbizikoak 2018an entregatuko ditu Norvegian. Haren puntuazio teknikoa Talgorena baino txikiagoa da —22'6 puntu lortu ditu 35etik—, eta lehia estua espero da bien artean. Renfeko iturriek BERRIAri adierazi diote, ordea, litekeena dela CAFen daturen bat «okerra» izatea, eta hori «behar bezala» aztertu eta kalkulatu arte ezingo dela baieztatu nork erdietsiko duen kontratu sonatua.

CAFek bost urteko bermea proposatu du eraiki asmo dituen trenentzat, 487 bidaiari hartzeko gai dira, eta %1,5ean ezarri du prezioen berrikuste tasa, gainontzekoen pare; Talgorena, hori bai, %1baino ez da. Renferi, haatik, «atentzioa» eman dio CAFek mahai gainean jarritako balio ekonomikoa lehiakideen batez bestekoaren «oso azpitik»—50.000 euro baino gutxiago— egoteak. Talgorena 137.768 euroren bueltan dago, Alstomena 166.821 euroren inguruan, eta Siemensena, garestiena, 183.350 euroren bueltan.

Lau hautagaien artean, CAFena da eserleku gutxien dituen trena, eta, guztira, 870 milioi euroko kostua aurreikusten du hamabost trenak eraiki eta mantentzeko. Talgok, berriz, 521 eserlekudun trena eskaini du, ekoizpen kostua 786 milioira jaitsita. Datu horiek eskuan, Renfeko adituentzat, «ezohikoa eta arraroa» dirudi plaza bakoitzeko kostua txikiagoa izatea CAFen kasuan, betiere eserleku gutxiago eta ekoizpen kostu garestiagoak dituela kontuan hartuta. Horregatik erabaki dute berraztertzea.

Frantziako Alstom eta Alemaniako Siemens, hala, esan daiteke ia-ia lehiatik at geratu direla, nabarmen geratu baitira atzean. Puntuazio tekniko txikienak eta balio ekonomiko handienak haienak dira: 25,1 eta 21,3, hurrenez hurren. Renfek esan du «tentuz» aztertuko dituela datu guztiak azken erabakia hartu aurretik.

Gutxienez egun bat edo bi gehiago beharko dira behin betiko emaitza jakiteko. Espainiako konpainiak aste honetan espero du adjudikazioa gauzatzea, haren administrazio kontseiluak —hilaren 29an du hitzordua— oniritzia eman diezaion.

Euskal Herria, presente

CAFenak bakarrik ez, Talgoren fabrika nagusietako bat ere Euskal Herrian dago, Rivabellosan (Araba). Adjudikazioa Talgok lortuz gero, urte askorako lan zama garrantzitsua bermatuko luke 500 behargineko fabrikak. Mekarako AHT ekoizten ari dira han. CAFek, berriz, 2019ra arteko karga du bermatua, 6.500 milioi eurotik gorako balioa duen eskaera poltsa duelako 2016 historiko bati esker.

Renfek berak kalkulatu du enkargua mila lanpostu sortzeko modukoa dela. Bazirudien CAFek eta Talgok beste biek baino aukera handiagoa izango zutela, eta hala izan da, Espainiari ere komeni zaiolako kontratua Estatuan gelditzea. Kontratuaren pisu politikoa agerikoa da, herrialde batean edo bestean ekonomikoki izango duen eraginagatik. Burtsan ere berehalako isla izan zuen atzo: Talgoren akzioa %15eraino igo zen eskaintzen berri eduki bezain pronto, eta CAFena, ostera, askoz apalago hazi zen. Inbertitzaileen apustua zein den argi erakusten du horrek.

Talgok, Alstomek eta Siemensek bina proiektu aurkeztu dituzte; CAFek, berriz, bakarra. Kanadako Bombardier etxea ere aurkeztu zen lehiaketara hasieran, baina lehiatik at geratu zen gutxieneko baldintzak ez betetzeagatik; helegite bat jarri zuen. Orotara, urtebete iraun du adjudikazio prozesuak: Renfek giro politiko nahasian jarri zuen martxan, orduko Sustapen ministro Ana Pastorren eskutik, eta Iñigo de la Serna ministro berriak ez du gehiago atzeratu nahi izan, ondodakielako proiektu estrategikoa dela herrialdearentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.