Klasikoak eta ikusgarriak

Wolfsburgek eta Olympique Lyonek, azken urteetako bi talde onenek, jokatuko dute gaur Kieven Txapeldunen Ligako finala. Bien aurka aritutakoa da Marta Unzue Bartzelonako kapitain iruindarra. Alemaniako taldea jo du faboritotzat.

Julen Etxeberria.
2018ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Lehengo lepotik dauka burua Txapeldunen Ligak. Gaur jokatuko da finala, Kieven, eta azken bederatzi urteetan zazpigarrenez Alemaniako talde bat eta Frantziako beste bat izango dira aurrez aurre: Wolfsburg eta Olympique Lyon.

Talde klasikoak dira biak. Lyonek lau aldiz irabazi du Txapeldunen Liga, tartean jokatu diren azken biak. Beste bitan txapeldunorde izan da. Gaur irabazita, beste mugarri bat ezarriko luke. Bosgarren txapela luke, inork baino gehiago. Egun, Frankfurtekin dago berdinduta, lau titulurekin. Bakarra izango litzake lehiaketa hiru aldiz jarraian irabazten ere.

Txapeldunen Liga irabazteko lehian, talde klasikoa ere bada Wolfsburg: bitan izan da txapeldun, eta beste behin txapeldunorde. Alemaniarrek, beraz, hirugarren txapela nahi dute, eta 2013an eta 2014an irabazitako tituluei jarraipena eman.

Elkarren aurka jokatutako hirugarren finala izango da. Bana daude berdinduta orain artekoetan: 2013an, alemaniarrek 1-0 irabazi zuten Londresen; eta 2016an, penaltietan nagusitu ziren frantziarrak Reggio Emilian (Italia), arauzko denbora banakoarekin amaitu ondoren. Parekotasuna hautsiko da gaur.

«Ez da ezustea. Lehiaketa hasieran, bi hautagairen izena eskatuz gero, ziur gehienek Lyon eta Wolfsburg aipatuko lituzketela. Frantziakoa eta Alemaniakoa dira Europako ligarik indartsuenak, eta finalean ariko diren bi taldeak txapelketa horietako klub onenak». Marta Unzuerena (Iruñea, 1988) da baieztapena, Bartzelonako kapitainarena. Ongi ezagutzen ditu biak, bien aurka aritutakoa baita Txapeldunen Ligan. Ez du oroitzapen onik, beti galdu baitu. «2014an, Wolfsburgek kanporatu egin gintuen final-laurdenetan. Iritsi berriak ginen, eta apenas izan genuen aukerarik: 3-0 eta 0-2 galdu genuen. Lyoni, aldiz, lanak eman dizkiogu aurten final-laurdenetan. Jendeak zioen aise irabaziko zigula, baina estu hartu genuen, nahiz eta galdu: 2-0 eta 1-2».

«Sekulako taldeak dira»

«Sekulako taldeak dira», azpimarratu du. Bien garaipen zerrendari erreparatu besterik ez dago. Lyonena da ikusgarriena. Frantzian, azken hamabi ligak eta sei kopak irabazi ditu. 2008an ere kopa lortu zuen, eta, aurten, finala jokatuko du Paris-Saint Germainen aurka. Hain zuzen, talde horrek irabazi dio azken aldiz Frantziako lehiaketa batean, eta duela ia urte eta erdi izan zen. Txapeldunen Ligan ere urtebete pasatxo darama galdu gabe, iaz, finalerdietako itzulikoan Manchester Cityk irabazi zionetik. Beldurgarria da sasoi honetan daraman bidea: 34 partida jokatu ditu, eta 32 irabazi ditu, eta bi galdu. 188 gol sartu ditu, eta sei besterik ez dizkiote sartu.

Halako zenbaki ikusgarrien aurrean apala dirudi Wolfsburgek egindakoa, nahiz eta bikaina izan: 33 partida jokatu ditu, 29 irabazi ditu, hiru berdindu eta bakarra galdu, azaroan, ligan, Friburgen aurka. 106 gol sartu ditu, eta hamabost bakarrik egin dizkiote. Bolada ikusgarri horri esker, liga eta kopa irabazi ditu, liga laugarrenez, bigarrenez jarraian, eta kopa bosgarrenez, laugarrenez jarraian. «Itzela da. Oso argi dago egun, Lyon eta Wolfsburg direla Europako talderik onenak».

Zer duten horren talde onak izateko? «Bada, dirua, eta horri esker, jokalari bikainak bereganatzeko gaitasuna», azpimarratu du Unzuek. Lyonen, lau jokalari nabarmendu ditu. «Defentsan, Wendy Renard erdiko atzelaria dago. Oso segurua da, apenas egiten duen akatsik. Zelai erdian, berriz, Dzsenifer Marozsan dute; teknika bikaina du. Erasoan, azkenik, Eugenie Le Sommerrek eta Ada Hegerbergek erraz sartzen dituzte golak».

Wolfsburgen, berriz, atzealdea eta erasoa nabarmendu ditu. «Gure aurka jokatu zuten batzuk punta-puntan segitzen dute: Schultek, Fischerrek, Goesslingek... Aurrean, berriz, Alexandra Popp eta Pernille Harder dituzte. Aurrena, Alemaniako selekzioko aurrelaria izan da urte askoan, eta bigarrena Danimarkako kapitaina da».

Unzueren arabera, «Lyonen teknikaren eta Wolfsburgen indarraren arteko lehia izango da, eta ohiturari jarraituz, final oso estua izango da». Ausartu egin da apustua egitera. «Wolfsburgen alde egingo nuke. Uste dut sasoi hobean iritsi dela».

WOLFSBURG - OLIMPIQUE LYON

Wolfsburg. Schult; Blaesse, Fischer, Goessling, Maritz; Gunnarsdottir; Dickenmann, Harder, Popp, Graham Hansen; eta Pajor.

Olympique Lyon. Bouhaddi; Renard, Kumagai, M'Bock Bathy; Bronze, Henry, Abily, Majri; Maroszan, Hegerberg eta Le Sommer.

Epailea. Jana Adamkova (Txekiar Errepublika).

Lekua. Valeri Lobanovski estadioa (16.873 ikusle).

Ordua. 18:00etan (Gol).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.