Askatasun koloreak

Langraiz Okako espetxean preso dauden emakumeek egindako margolanen erakusketa ikus daiteke Gasteizen. Margotzean «barruko guztia» ateratzen dutela nabarmendu dute presoek.

Erakusketako margolanak salgai daude, eta diru guztia presoentzat da. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2015eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Hemen, askatasuna letra larriz idazten den toki honetan, denbora gelditu egiten da. Baina ez gaitu lotzen. Amorerik ez ematen irakasten digu, oraindik bizitza berreskuratu eta berriro has gaitezkeela». Horrela deskribatzen du Langraiz Okako espetxean (Araba) preso dagoen emakume batek bertan jasotzen duten margo tailerra, Gasteizen jarri duten erakusketarako egindako eskutitzean.

Hamalau urte dira Arabako Hiesaren Kontrako Batzordeko bi kidek margo ikastaroa eskaintzen dutela Langraiz Okako espetxean. Tailerrean egindako 70 landaude ikusgai Gasteizko Luis de Ajuria gelan, urtarrilaren 31 arte. Margolan guztiak olioarekin egin dituzte. Teknika horrekin margoa nahi beste aldiz alda daiteke. Mota askotako koadroak daude, hala nola natura hilak, paisaiak eta erretratuak.

Emakume asko igaro dira Langraiz Okako margo ikastarotik. Izan ere, espetxeetan ezer gertatzen ez den itxura ematen badu ere, etengabeko leku aldaketak egoten dira. Ikastaroan parte hartu duen emakumeetako bat da Aitana; ez du bere benetako izena eman nahi, horren ondorioen beldur baita. Hemezortzi hilabete egin ditu espetxean.

Zaintza eginbeharrak urratu eta desobedientzia delituengatik sartu zuten preso. «Nire alabak senar ohiari ez emateagatik zigortu ninduten. Senar ohiak gaizki tratatzen zituen alabak, eta beldur nintzen euren bizitzagatik. Baina ez ninduen entzun ez inongo fiskalek ezta epailek ere».

Hemezortzi hilabetean hiru espetxe ezagutu ditu: Alcala Meco (Madril), Martutene (Gipuzkoa) eta Langraiz Oka (Araba). Lehenengo bietan ez zen denbora asko egon, espetxeetako baldintza txarrak salatzeagatik. Arabako espetxean besteetan ezagutu ez zituen baldintzak eta ikasteko aukerak izan dituela dio. Gainera, betiko grinetako bat berreskuratzeko aukera izan zuen: margoa. «Margotzea askapena da niretzat».

Margo ikastaroa zegoela jakitean, ez zuen bi aldiz pentsatu. Izena eman zuen. Txikitatik margotzen du: «Zerbait naturala da niretzat». Baina beti ezin izan du margotu, zaletasun garestia baita. Espetxean egotea batere samurra ez den arren, bertan egindako lanengatik parte hartu du erakusketan. Horrek ikaragarri bete du. Beraz, ironikoki bada ere, espetxean sartu zutenei «eskerrak» eman dizkie. «Nire lanak erakustera eraman naute».

Inspirazioaren bila

Ikasleak heltzean dena prest dute begiraleek. «Hona heltzean ongietorri beroa egiten digute begiraleek, eta jarraian margotzen hasten gara». Espetxeak ez dira toki ederrak, eta inspiratzea zaila da bertan. Horregatik, irakasleek hainbat irudi eta argazki eramaten dituzte eskoletara.

Aitanak ez du gustuko margotzerakoan beste artisten lanetan oinarritzea. Nahiago du irudimenarekin lan egin eta barruan duen guztia ateratzea. Baina espetxeko egoera berezia zen. «Langraizen inspirazioa edertasunetik sortu behar zenuen, bestela oso sentimendu ilunak ateratzen ziren».

Marta Garralda eta Ramon Torrecilla dira margo ikastaroko irakasleak. Eskolak ahalik eta gehien errazten saiatzen dira. «Lur jota dagoen jendea da, arazo asko dituena. Eurek erabakitzen dute zer margotu nahi duten. Guk marrazten diegu, eta eurak zuzenean margotzen hasten dira», dio Garraldak. Normalean, ikastaroko ikasleek ez dakite margotzen, eta horregatik laguntzen diete. Hala ere, badaude margolaritza landu dutenak eta euren kabuz aritzen direnak. Aitanaren kasua da hori. Hala ere, egunero ikasten zuela aitortu du.

Ikastaroak oso harrera ona duela dio Torrecillak. «Tailerrak ondo funtzionatzen du. Giro berezia dago. Ikasle berriak datozenean segituan nabaritzen dute hori. Ez dugu inoiz arazorik izan». Hemezortzi ikasle inguru dituzte, gehiago sartzen ez direlako. Itxaron zerrenda dute. Hamalau urte daramatzate Garraldak eta Torrecillak espetxera joaten. «Bizitzaren borroka zer den erakutsi didate, amorerik ez ematen. Kosta ahala kosta aurrera egin daitekeela», azaldu du Garraldak.

Presoak hitz ederrak baino ez ditu Garralda eta Torrecillarentzat. «Profesional bikainak dira». Azaldu du begiraleak ikasleen egoera legalaz eta emozionalaz arduratzen direla; norbait kanpora atera edo klasera joaten ez bada galdetzen dutela.

Erakusketarako egindako eskutitzean sentimendu bera azaldu du presoak: «Margotzeko gunea unibertso bat da, oxigenoz, kolorez, argiz, soinuz, emozioz eta bizitzaz betea».

Aitanak askatasuna berreskuratu zuen orain hilabete batzuk. Egunerokoaren borrokan dabil orain, alabak eta bere burua aurrera atera nahian. Margotzen jarraituko du, sekula ahaztu gabe espetxeko hilabete beltzetan izandako koloretako askatasun uneak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.