«Eskarmentua», 1978ko erara

1978ko sanferminetako polizien oldarraldiak zio politikoa zuela ondorioztatu dute adituen txosten batean. Kereila jartzea proposatu diote udalari gizateriaren aurkako delituengatik

Joseba Asiron Iruñeko alkatea eta ikerketa egin duen aditu taldeko Nere Perez Ibarrola, atzo eginiko aurkezpenean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
jokin sagarzazu
2018ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Poliziaren jarrera aurretik erabakita zegoen: herritarrak zigortzea eta haiei «eskarmentua» ematea zuen xede, herritarren artean beldurra zabaltzeko eta orduan bizi-bizi zeuden eztabaida politikoetan eragina izateko. 1978ko Iruñeko sanferminetako gertaerak aztertu dituen Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) lantaldearen ondorio nagusienetakoa da hori. Hala, eta orain arte Espainiako auzitegiek gertatutako ikertzeko izan duten «arduragabekeria» ikusita, gizateriaren aurkako delituengatik kereila bat jartzea proposatu dio udalari.

Hura babesten duten lau taldeetako ordezkariak izan dira ikerketaren aurkezpenean, Joseba Asiron alkatearekin batera. Asironek azpimarratu du ondorioak «sendoak» direla, eta azaldu du «sakon» aztertuko dutela salaketa jartzeko aukera, udaleko zerbitzu juridikoekin batera.

Emilio Majuelo eta Juan Carlos Garcia NUPeko irakasleek idatzi dute ikerketaren txostena, eta honako historialari soziologo eta legelari hauek parte hartu dute lanean: Josu Chueca, Pedro Ibarra, Amaia Kowasch, Jacinto Lara, Nerea Perez, Pepe Uruñuela eta Begoña Zabala.

Txostena jendaurrean aurkeztuko dute ostiralean, Iruñeko Gaiarre Antzokian, 19:00etan. Bideo bat proiektatuko dute, eta mahai inguru bat egingo dute gero. Unibertsitateak egindako hau da 1978ko uztailaren 8ko gertakariei buruzko lehen ikerketa ofiziala. Udalbatzarrak azaroaren 2an adostu zuen txostena eskatzea.

BELDURTU ETA ZIGORTU

Gauza jakina denez, German Rodriguezen hilketa izan zen 1978ko uztailaren 8ko istiluen ondorio lazgarriena. Ordena Publikoaren Indarrek (FOP) hil zuten, tiroz. LKI Liga Komunista Iraultzaileko kidea zen, eta 23 urte zituen. Harekin batera, eta ikerketak jasotzen duenez, sei zauritu izan ziren, orduko komunikabideek zabaldu zutenez. Ospitaleko txostenen arabera, berriz, zauritutako 50-55 pertsona artatu zituzten egun hartan.

Ikerlariek berretsi dute Poliziaren oldarraldia zezen plazan hasi zela, lagun batzuek amnistiaren aldeko pankarta bat atera zutenean. Poliziek plaza hustu zuten, borrekin, gomazko pilotekin, kezko bonbekin eta tiroak jaurtiz. Istiluek hainbat orduz jarraitu zuten gertuko kaleetan. Han hil zuten Rodriguez.

Ikerlariek uste dutemotibazio politiko argia dagoela gertakari horien atzean. Batzordearen iritziz, Espainiako orduko botere nagusiek Iruñeko herritarrak berariaz zigortzea eta beldurtzea zuten helburu. Ikerlariek hainbat gertakari azpimarratu dituzte testuinguruaz; besteak beste, hainbat protesta izan zirela 1977ko hauteskundeen ostean Iruñeko eta Nafarroako instituzioen osaketaren kontra, edota 1978ko sanferminetako txupinazoan lagun batzuk gose greban egon zirela udaleko solairu batean, maiatzean atxilotutako herrikideen amnistia eskatzeko.

Horiez gain, gertakari orokorrago batzuk ere gogoratu dituzte; bereziki, Espainiako Konstituzioa izango zena ari zirela eztabaidatzen orduan, eta Euskal Herrian mobilizazio ugari egon zirela horren harira, hainbat aldarrikapenen alde: amnistia, autodeterminazio eskubidea eta Hego Euskal Herriko lau herrialdeen batasuna, besteak beste.

Horiek hala, eta dokumentazioa aztertu ondoren, ikerlariek ondorioztatu dute orduko agintariek «erreferente arriskutsutzat» jotzen zituztela Nafarroako biztanleak, «herri eta langile mugimendu indartsua zutelako».

AUZITEGIAK KONPLIZE

Txostenean diotenez, garai hartan hiru sumario ireki ziren: Rodriguezen heriotzarena, zezen plazan zauritutakoei buruzkoa eta plazatik kanpoko gertakariena. Hirurak itxi zituzten 1983an, behar bezala justifikatu gabe. Lantaldearen arabera, gainera, nahita ireki zuten auzibide bat baino gehiago, ikerketa trabatu eta bidean gal zedin.

Horiek ikusita, ikerlariek uste dute ezinbestekoa dela beste auzibide bat zabaltzea, eta hori ahalik eta azkarren egiteko gomendatu dute. Halaber, eskatu dute, aurreko saioetan aginduta baina egin gabe gertatu ziren diligentzia guztiak egiteko, eta behar bezala egin ez zirenak errepikatzeko; besteak beste, Barne Ministerioaren txostenen eta bileren aktak eskatzea eta aztertzea, eta operatiboaren buruak identifikatzea eta haiei deklarazioa hartzea.

Kasua berriz zabaltzeko, gizateriaren aurkako delituen multzoko kereila bat aurkeztea proposatzen dute, dauzkan berezitasunak kontuan hartuta hori delako ikertzeko auzibiderik egokiena, haien ustez.

FROGAK, DESAGERRARAZITA

Ikerlariek azpimarratu dute zailtasunak izan dituztela dokumentazioa biltzeko. Azaldu dutenez, dokumentazio ugari galduta dago, edo desagerrarazita, eta ez diete erantzunik eman ministerio eta bestelakoen artxiboetako hainbat txosten-eta kontsultatzeko egin dituzten eskaerei.

Hala, lantaldeak udalari gomendatu dio eska diezaiola dagokion agintaritza organoari garai hartako dokumentazioa desklasifikatu edo horren kopia emateko. Halere, maiatzean, Espainiako Kongresuak ukatu egin zuen dokumentu horiek desklasifikatzea, PSOEren botoekin, besteak beste.

Txostengileek kritikatu egin dute Nafarroako instituzioek izan duen jarrera ere, orain arte ikerketarik ez dutelako egin. Gogoratu dute orduko foru diputatuek gogor salatu zituztela gertaerak, baina ez zutela bestelako biderik abiarazi. Eta udalak ikerketa batzorde bat jarri zuela martxan, baina ez dela ezagutzen haren ondoriorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.