Sindikatuek gehiegizko soldatak eskatzen dituztela kexu da FVEM

Patronalak esan du 2008tik Bizkaiko metaleko sektorean soldatak KPIa baino bi puntu gehiago igo direla. Esportazioa %8,7 igo da lehen hiruhilekoan, eta FVEM baikor dago

Pedro Hernandez FVEMeko diruzaina, Lander Artetxe presidenteordea, Jose Luis Lopez presidentea eta Adolfo Rey zuzendari kudeatzailea, atzo. L. J. / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Bizkaiko metalaren sektoreko ituna negoziatzeko mahaian aurrerapauso gutxi eman dira hainbat bileraren ostean, eta atzo FVEM patronalak esandakoek erakusten dute nekez hobetuko dela egoera hurrengo asteetan. Jose Luis Lopez Bizkaiko metaleko patronaleko presidenteak hala adierazi zuen: ez duela zentzurik esateak soldatetan galdutako dirua berreskuratu behar denik. Ez behintzat Bizkaian, eta are gutxiago metalean. 2008an sinatu zen sektoreko azken ituna, eta 2017. urtera arte soldatak KPIaren gainetik bi puntu igo direla azaldu zuen Lopezek. Horregatik funtsa kendu nahi izan zion sindikatuen argudio nagusiari.

Soldatak izan ziren Lopezek atzo Bilbon eskainitako prentsaurrekoaren gakoa: «Enpresak soldatak igotzen ari dira, bakoitzaren merkatuaren arabera, eta dauzkaten eskaerak eta egoera ekonomikoa kontuan hartuta». Igoera hori %1,6 eta %2 ingurukoak izan direla argitu zuen. Datu horiek eskuan zituela egin zuen patronalak bere batzar nagusia.

Soldatak hobetzen ari direla esan zuen Lopezek. Eta hori horrela dela esateak urrundu egiten duela akordioa lortzeko aukera. Areago, sindikatuek «gehiegizko soldatak» eskatzen dituztela salatu zuen, eta zaila dela jarrera bateraturik ez dutenen artean ezer adostea. Izan ere, «sindikatuen artean ere jarrera ugari adostu gabe daude; horrela zaila da negoziazioak aurrera eraman ahal izatea». Hala ere, negoziazio mahaiak aurrera jarraituko duela esan zuen, eta euren asmoa itun berria adostea dela, sindikatu denekin gainera: «Bistakoa da gehiengo sindikal batekin adostutako hitzarmenak mugatua den itun batek baino bide luzeagoa izango duela».

Edonola ere, soldatak ez dira Bizkaiko metaleko lan ituna oztopatzen duten gai bakarra. FVEMeko presidenteak malgutasun handiagoa eskatu zuen, «gero eta gehiago aldatzen diren merkatuei erantzuteko eta gero eta globalagoa den lehiari aurre egiteko». Horregatik, negoziazioek aurrera jarraitzen duten arren, zaila dirudi epe ertainean itunik adostea.

Ikuspegi baikorra

Hitzarmena adosteko negoziazio mahaiek aurrera egiten ez badute ere, sektorea bera bolada onean dagoela erakusten dute datuek. Urtea iaz bezalakoa izatea esperodu Lopezek. 2017. urtean Metalgintzaren Industria Ekoizpenaren Indizea (IPI) %4 inguru hazi zen, eta 2018. urterako antzeko datua iragarri du FVEMk. Lehen hiruhileko esportazioek, gainera, %8,7 egin dute gora.

Esportazioei dagokionez, kezka azaldu zuen AEBetan altzairuari eta aluminioari jarri nahi dizkioten muga zergen harira. «Neurri protekzionista horien ondorioz AEBetako sektore batzuek, hala nola autogintzak eta aeronautikak, lehiakortasuna galduko dute».

Hala ere, euskal enpresek «ondorio txarrak orekatzeko dituzten gaitasunean» sinesten duela azaldu zuen Lopezek. Malgutasuna eta merkatu berriak bilatzea lirateke gaitasun horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.