Andre Mari Zuriaren jaiak Gasteizen

Txosnek prest dute gidoia

Euskalduntzearen alde egindako lanagatik, Gasteizko txosnek AEKri emango diote Txosnisaria. Bi txosna berri izango dira aurten: Errekaleor Bizirik eta Berriztu Araba

Txosna Batzordeko kideak, atzoko prentsa agerraldian, Gasteizko jaietako proposamena aurkezten. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2017ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Gutxi falta da Gasteizko jaiei ongietorria emateko. Urtero legez, jaien hasierarekin batera, Gasteizko Txosna Batzordeak Unibertsitateetan dagoen eremua zabalduko du, abuztuaren 4tik abuztuaren 9ra arte. Txosnak oraindik muntatuta ez badaude ere, dagoeneko prest dago Gasteizko jaietako gidoia. Berrikuntzak izango dira aurtengo jaietan. Bi txosna berri izango dira txosnen artean, izan ere, Errekaleor Bizirik eta Berriztu Araba kolektiboak Txosna Batzordera sartu dira.

Abuztuaren 4an bertan, txosnak zabaldu eta gero, inaugurazio ekitaldia izango da, karpa nagusian. Ekitaldian, Txosnisaria banatuko dute: sari horren helburua da omentzea txosnak osatzen dituzten kolektiboak, edota herrigintzan nabarmendu diren pertsona edo eragileak. Aurten, AEKri emango diote, hain zuzen ere, Txosna Batzordeak dioenez, AEK-k lan handia egin duelako Gasteizko txosnetan giroa euskalduntzen, eta, urte askoan, euskara ikasteko aukera eman diolako gasteiztar askori.

Txosna Batzordeak, beste behin, apustu egin du jai eredu euskaldun, parekide, plural, parte hartzaile eta herrikoi baten alde. Hortaz, berdintasuneko harremanen alde egingo du, eta eraso sexistak gaitzetsiko ditu. Gasteizko Mugimendu Feministak datozen egunotan aurkeztuko du eraso matxisten aurkako protokoloa. Erasoen aurka, autodefentsarako deia egin die emakume eta gizonezko guztiei. Txosna Batzordeak erasotzaileei helarazi nahi die ez direla ongietorriak izango txosnetan. Bestalde, erasorik pairatu edo ikusiz gero Gasteizko Mugimendu Feministaren telefonora jotzeko dei egin dute: 688 71 87 01. Telefonoa eskuragarri izango da 24 orduetan.

Emakumeak izango dira protagonista oholtza gainean, abuztuaren 7an, Gazte Egunean. Egun horretan izango diren kontzertu guztiak emakume musikariek emango dituzte, aurten lehenengoz. Ekintza hori aurrera eramatea erabaki dute; izan ere, emakumeek jai egunetan edo jai eremuetan bizi duten zapalkuntza bakarra ez dira eraso sexistak. Emakumeek jaien testuinguruan hartzen dituzten rolak aldatu egin behar direlako erabaki du Txosna Batzordeak egitasmo hori aurrera eramatea.

Bestalde, Gasteizko Udalari atsekabea adierazi nahi izan dio Txosna Batzordeak. Duela hilabete batzuk, emakume talde batek kontzertu bat egitea proposatu zion Txosna Batzordeari, uztailaren 24rako, Santiago bezperarako, alegia. Batzordeak adierazi duenez, udalak ez zuen kolaboratu, eta, gainera, ez zuen erraztasunik eman emakume taldearen kontzertua gauzatzeko.

Txosnen antolaketa

Bi kolektibo berri izango dira aurten txosnak jartzen: Errekaleor Bizirik eta Berriztu Araba. Baina, kolektibo horiez gain, beste urte batzuetan izan direnak ere egongo dira: Askapena, Gazte Karpa, Mugimendu Feminista, Iraultza 1921, Kalera Kalera, Hala Bedi, Arabako Bertsozaleen Elkartea eta Sukalde Gerrilla.

Herri mugimendua plurala denez, egun bakoitzak izaera berezia hartuko du. Abuztuaren 5ean, Preso eta Iheslarien Eguna izango da; 6an, Entxosnazio Eguna; 7an, Gazte Eguna; 8an, lehenengoz, Herri Botere Eguna, eta; azkenik, abuztuaren 9an, Egun Feminista.

Txosnen gunean zortzi txosna, bi karpa eta karpa komun bat izango dira, agertoki nagusiaz gain. Gainera, Gazte Karpak programazio berezia eskainiko du, eta, Kalera Kalera karpan ere, egitarau propioa egin dute. Gainera, Bertsozale Elkarteak eta Errekaleorrek ere, hainbat jarduera antolatu dituzte.

Txosnetan edalontzi berrerabilgarriak eta birziklagarriak egongo dira, soilik. Horrez gain, produktu ekologikoak dastatzeko aukera izango du txosnetara biltzen den orok.

Txosna Batzordeak argindarrerako hornitzailea aldatuko du aurten. Urte askoan egin dute lan Iberdrolarekin, baina, aurten, Goiener enpresarekin lan egitea erabaki dute. Batetik, kooperatibismoan oinarritzen delako, eta, bestetik, Iberdrolak Errekaleorrekin edo GESekin izan duen jarreragatik.

Txosna Batzordeak adierazi du jaiak euskaraz bizi nahi dituela. Horregatik, euskaldun guztiei dei egi die, bai euskaraz dakitenei, eta bai ikasten ari direnei, beldurrik eta konplexurik gabe hitz egiteko euskaraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.