Bilboko Aste Nagusia

Bertako aparretan

Lau euskal garagardo artisau dastatzeko aukera izan da Hontzak konpartsan.Konpainia handien eredutik urrunduz, kalitatezko garagardoaren alde egin nahi dute euskal ekoizleek

Jende ugari batu zen atzo Hontzak konpartsaren txosnan egindako garagardo dastatzean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Nerea Ibarzabal
Bilbo
2014ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
«Lau euskal marka ekarri ditugu probatzeko: Laugar, The Black Bitch Brewing Company, The Angry Brewery eta ZERB. Denak bizkaitarrak, eta ZERB, Arrasatekoa», azaldu zuen Fernando Garciak, Hontzak konpartsako kideak. Dastatzea gidatua zenez, etxe bakoitzeko ordezkariek beren edariari buruzko azalpenak eman zituzten; mingostasuna,koloreaarima eta gorputza izan ziren ezpainetan erabili zituzten hitzetariko batzuk, gainerakoenak aparrez bustitzen ziren bitartean. Bi euroren truke, garagardo bakoitzetik baso bana edan ahal izan zuten denek.

Txistulariei eta erraldoiei begira zeudenak ez ziren ohartuko agian, baina garagardozaleek laster sumatu zuten zerbait ezberdina zegoela gertatzear Hontzak konpartsaren txosnan, atzo. Kristalezko edalontziz betetako mahaiak adieraz zezakeen hori, edo haren ondoan zeuden garagardo botilek, bestela. Euskal Herrian ekoiztutako garagardo artisau dastatzea antolatu zuten atzo eguerdian, lehen aldiz. Paretik igaro ziren gehienek amaitu zuten ilaran, edalontzi bana eskutan.

Lau ekoizleek egin zuten bat horretan: multinazional eta garagardo konpainia handien produktutik urrundu nahi dute. Zaporerik gabeko garagardoak edateaz aspertuta, euren gustuko edaria ekoiztea erabaki zuten denek. Baina, horrez gain, beste gabezia bat ere ikusi zuen Nerea Makazagak, ZERBen ekoizleak: «Ohartu ginen ez zegoela Euskal Herriko kalitatezko garagardorik. Horregatik erabaki genuen denen gustuko euskal garagardo bat egitea, gure kulturari lotuta egongo zena». Lau euskal marken izenak pixkanaka merkatuan hedatuz doaz, eta ZERBek, esaterako, aurtengo Donostiako Piraten txosnetara iristea lortu du.

Jendea gustura, eta konpartsakideak ere bai. Ekoizle txikiei bultzada eman nahi dietela azpimarratu zuen Garciak. «Honek merezi du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.