Mauleko bestak

Maule ere, zuri-gorriz jantzita

Zuberoako hiriburuko bestak egun hasiko dira, eta asteartean bukatu.Besta komitea eta kirol elkarteak Mauleko plazaz jabetuko dira, eta elkarte euskaltzaleak, inguruko lekuez

Kirol batasunak plaza erdian dagoen bodegan eskainiko ditu bazkariak jaietan. GAIZKA IROZ.
Joanes Etxebarria.
Maule
2015eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Mauleko bestak egun hasten direnez, zuriz eta gorriz jantziko da jende gehiena. Uniformearen ohitura hori ez da zaharra, baina azken urteetan errotzen ari da. Aitzinagotik dator, berriz, bihar gertatuko dena: belaunaldi bereko talde gotorrak elkartuko dira aperitifa eta bazkaria partekatzeko. 25 urtekoak eta 30 urtekoak bihar, eta 50 urteko klaseak bilduko dira ondoko egunetan.

Baina adinkideen bilkura horiek besta ofizialen egitarautik kanpo antolatzen dira, funtsean Zinka ostatuaren egitaraua bezalaxe. Ostatu horrek urteak daramatza elkarte baten esku, eta urte osoko gastuei aurre egiteko ezinbestekoak zaizkio Mauleko bestetako diru sartzeak. Horregatik, egitarau polita prestatu dute oraingoan ere. Gaur bertan, bidea egiten hasi den Xiberoots taldea ikusten ahalko da, Frikun taldearekin batean. Xiberootsek ohiko kantu zuberotarrak bereganatu ditu, reggae estilora moldatuta.

Egitarau ofiziala, berriz, Maule Gaineko gazteluan estreinatuko da, iluntzean. Zuberoako Oilarrak eta Bedatse Liliak abesbatzak eta Okzitaniako Los de Louzoum taldea ariko dira kantari. Baina goizetik arratseko besta proposamena bihar hasiko da. Gainera, besten hasiera ofiziala, Baionan bezala, herriko giltzen botatzearekin izanen da. Aurten, herriko etxeko leihotik giltzak botatzeko hautatu duten gomita Patricia Karrikaburu da, bukatu berri den sasoian Frantziako errugbi taldearekin ari izan baita. Altzürükütarrak 12:00etan botako ditu giltzak.

Ondotik, eta ondoko egunetan ere bai funtsean, bazkaria Mauleko kirolen batasunak eskainiko du, plaza erdian dagoen bodegan. Batasuna osatzen duten kirol desberdinetako arduradun eta kideak ariko dira eguerdi eta iluntzeetan janaria prestatzen bestazaleentzat. Besta komitearen egitarauak plaza hartuko du, arratsaldean dantza ikuskizunak —Etorkizuna Kontzeptuak taldearen Leihotik ikuskizuna eta Mauleko dantzariak— eta kantaldia han izanen baitira —Altzükütarrak eta Hilhas de Bigorra—. Gauean, Skakeitan taldearen kontzertua izanen da plazan; eta, Zinka ostatuan, berriz, Tres Hombres eta Peyo taldeak ariko dira.

Etxahun Irurik idatzi zituen dozenaka kantuetatik batzuk frantsesez idatzi zituen, eta, maite edo ez maite, kantu hori da gehienik entzunen ondoko egunetan. Mauleko besten kantua frantsesez egin baitzuen. Dena den, kantuaren egilea omenduko dute igandean, 12:00etan, plaza inguruan. Etxahunen garaietan zaldi lasterketa zena, berriz, azken urteetan txirrindulari lasterketa bilakatua da, eta hori ere igandean izanen da, 15:00etan. 21:00etan, suzko dantzak eta ura eta musika lotzen dituzten ikuskizunak izanen dira, eliza aitzinean.

Asteartea ere besta egun

Uztailaren 14a besta eguna baita, Mauleko bestek asteartera arte iraunen dute, eta astelehena ez da pausa eguna izanen. Laneguna izaki, besta komiteak bezala Zinka ostatuak ere gauerako pentsatuak dituzte animazio batzuk. Gaur Zinkan ariko den talde bera ariko da orduan ere, 21:30ean, plazako kioskoan; eta, ondotik, dantzaldia izanen da Berri Good taldearekin. Zinkan, berriz, Antihumano eta Smuzz taldeak ariko dira.

Asteartean, Frantziako begirada andana bat Mauleri so izanen dira, Frantziako Tourrak Victor Hugo karrikatik pasatu behar baitu 15:00ak aldera. Karrika horretan bertan, Zinka ostatuan izanen diren batzuek ez diote beharbada kasurik ere eginen, euskal preso eta iheslari politikoen aldeko bertso bazkaria izanen baita ordu berean. 11:00etan dira biltzekoak, Kürütxe Xurian, bertso poteo alaitua egiteko, Zinkara bazkaltzera joan aitzin. Azken urteetan arrakasta handia ukaiten ari den ekitaldi horretarako, aurten, lekuko bertsolariez gain Eneko Fernandez nafarra eta Eneritz Zabaleta lapurtarra gomitatu dituzte. Horiek eta Ramuntxo Christy ariko dira ondotik Lextarreko plazan kantari. Hebentik elkarteak antolatzen duen Lextarre Kantan ekitaldian, bertsolariez gain, Joseba Tapiak Tximela kapitainaren izarrak kantaldia eskainiko du. Kantaldi hori, Hebentik elkarteak antolatzen badu ere, besten egitarau ofizialean sartua dute azken urteetan.

Plazan segituko du bestak, esku huskako partida batekin. Iluntzean, berriz, Maialen Errotabehereren kontzertua izanen da kioskoan, eta uztailaren 14ko suziriak 22:30ean izanen dira, gaztelura begiratuko dutenentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.