Izerditze kolektibo bat

Lilatoia lasterketan 5.900 emakume bilduko dira, bihar, Donostia erdiguneko kaleetan. 29. urtez jarraian, espazio publikoa hartzeko eta kirolean parekidetasuna aldarrikatzeko lasterraldia izango da

itziar ugarte irizar
2018ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Gauza jakina da: Lilatoia herri lasterketa bat baino makina bat gehiago da. Hala espazio publikoaren zabalean nola kirolaren eremu zehatzean, emakumeen presentzia eta ikusgarritasun handiagoa aldarrikatzeko eta aldarria gorpuzteko ekinaldia da Lilatoia; gauza jakina da dagoeneko. Duela ia 30 urte sortutako lasterketa 29. aldira iritsiko da bihar. Eta baita indartsu iritsi ere; aste hasieran, 5.900 ziren izena eman duten emakumeak, eta 6.000 parte hartzailetan zuten muga jarria. Azkenean, 6.050 korrikalari izango dira bihar Donostia erdigunea hartuko duten emakumeak; inoiz baino gehiago. Eta, ezin bestela, pozik da antolakuntza zenbakiarekin.

Urtetik urtera izen ematea goraka doala berretsi du Edurne Martinez de Trebiñok: «Poliki-poliki, baina joera gorakakoa da». Datuen bidez esanda, 2014an, 3.500 bat emakume atera ziren Lilatoian; 2015ean, 3.870; 2016an, 5.500; eta iaz, 5.780. Horietako askok ohitura bihurtu dute Lilatoia, eta, orobat, beti dira estreinako aldia dutenak ere. Horien artean, ikastetxeen bidez taldean izena ematen duten neskak gero eta gehiago direla nabarmendu du Martinez de Trebiñok. «Alde horretatik, Lilatoia gaztetzen ari da, eta hori seinale ona da». Hala, belaunaldi ezberdinen bilgune ere izango da biharkoa, eta horrek ere argazki indartsua sortzen duela uste du Martinez de Trebiñok. «Amona, ama eta alaba elkarrekin irteten direnak ere ezagutzen ditugu», aipatu du.

Iazko «eskema berdintsua» izango du aurtengo Lilatoiak. 10:30ean abiatuko da lasterketa Bulebarretik, eta azken urteetako ibilbide bera osatuko dute korrikalariek. Trikitilariak, batukadak, txarangak... girotuko dute ibilbidea. Hori da, hain justu, Lilatoia bereizten duen ezaugarrietako bat, Martinez de Trebiñorentzat, eta, aurten indartzea erabaki dutena, Nafarroa etorbidean beste musika gune bat gehituta. Heliozko 500 globo ere lotu dituzte biharko, aurrenekoz. «Kolore gehiago emateko lasterketari».

Korrika irten aurretik, «beroketa» antolatu dute Bulebarrean bertan, Aero Zumba saio batekin. «09:40an hasiko da, iaz baino pixka bat lehenago, gero argazki bat egin nahi dugulako Begisare elkartekoekin. Horiek konoak banatuko dizkiete berotzen ari direnei, eta horiekin begietako gaitza dutenen eran ikusteko». Izan ere, Begisarerentzat izango da aurten modu solidarioan bildutako dirua, erretinosi pigmentario gaixotasuna dutenen Gipuzkoako elkartearentzat. Ikusgarritasuna eman nahi diote gaitza dutenei, informazioa zabaldu, eta, batik bat, ikerketarako dirua bildu.Martinez de Trebiñok azaldu duenez, ez dago gaixotasun bakar bat erretinosi pigmentazioaren gaitzaren atzean. Modalitate ugari daude, eta ikertzeko «oso garestiak» dira. Korrikalariek aukera izan dute izena ematean «euro solidario bat» ordaintzeko, eta horrela bildu den dirua bideratuko da Begisare elkartera.

Izaskun Oses atleta paralinpiarrak —ikusmen urritasuna du—botako du lasterketa abiaraziko duen tiroa, eta sari banaketan ere hartuko du parte. Ikusmenaren hariari lotuta jarri diote Itzaletik argitara leloa aurtengo edizioari. Martinez de Trebiñok azaldu du: «Gaurko egoera ez da duela 30 urtekoa, eta eskerrak. Baina emakumearen egoera argitara ateratzen jarraitu behar dugu».

Berlindik 1990ean ekarria

Duela 30 urte, Donostiako emakume talde bat Berlinera joan zen oporretara. Emakumez jositako lasterketa bat ikusi zuten, eta Donostiara ekarri zuten. Hala laburtu du Lilatoiaren sorrera Martinez de Trebiñok. 150 emakume irten ziren estreinako aldi hartan, gutxi asko. Urteetan Donostiako Koordinadora Feminista arduratu da antolakuntzaz, baina «handi geratzen hasi zitzaien», eta, duela lau urtetik, Atletico San Sebastian elkarteak dihardu lan horretan. Hango kidea da Martinez de Trebiño. «Nabaritzen duguna da sendotu egin dela lasterketa kirolaren ikuspegitik, beste puntu formal bat eman zaiolako, falta zitzaiona. Eta onena da Lilatoiaren filosofia mantendu duela: parekidetasunaren aldeko mugimendua izatea». Aurreko antolatzaileekin oraindik ere harreman estua dutela aipatu du, halaber.

Eguneroko jardunean Atletico San Sebastian elkarteak emakume kirolariei beti garrantziazematen diola dio Martinez de Trebiñok. Apurka, emakume kirolarienganako sentsibilizazioa badoa aurrera, haren iritziko: «Pauso asko daude emateko, baina bidea, behintzat, egina dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.