Carmen Alba Pastor. Hezkuntzan doktorea

«Irakasle asko mugatuta sentitzen dira 45 minutuko eskolekin»

Eskolak diseinatzeko orduan ikasle guztien beharrak kontuan hartu behar direla azpimarratu du Alba Pastorrek. Haren ustez, teknologia ezinbestekoa da gela inklusiboak lortzeko bidean aurrera egiteko.

Hernani
2018ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakaslea da Carmen Alba Pastor, hezkuntzan doktorea. Aniztasunak eta teknologia berriek duten lekua aztertzen aritua da, bereziki. Hernaniko (Gipuzkoa) Orona Ideon izan zen joan den ostegunean, Ikastolen Elkarteak inklusibitateari buruz antolatutako jardunaldi batean.

Aniztasunaz aritzean, ohikoa da jendeak elbarritasunen bat duten ikasleetan pentsatzea. Zer da, baina, benetan, aniztasuna?

Aniztasuna hitzak erreferentzia egiten die gizartean diren diferentziei: gaitasun ezberdinei, lehentasun edo interes ezberdinei, kultura ezberdinei eta abar. Horiek guztiak gizartean daude, eta, eskola gizartearen isla denez gero, ikastetxeetan ere badaude. Aniztasun horrek askotariko beharrak sortzen ditu; horrez gain, ordea, gizartea aberastu ere egiten du. Dibertsitatea, baina, ez da jendarteko kontua soilik; norberaren barruan ere badago.

Horregatik diozu curriculuma ikasle guztiengan pentsatzen diseinatzen bada ikasle guztiei mesede egiten diela?

Noski. Aniztasunari arreta emateak dakarren onura nagusia da hezkuntza ulertzea testuinguru konplexu baten moduan; hau da, ikasgela bitan zatitu beharrean—behar bereziak dituzten ikasleak eta normalak—, ikasle guztiak aintzat hartzen dituzten eskolak diseinatzea da kontua. Ikasle guztiengan pentsatuz planifikatzen badugu, ikasle guztiei egiten diegu mesede; eta mesede egiteaz gain, aukerak ematen dizkiegu benetan ikasteko. Horretara baitoaz eskolara: ikastera. Guk ikasteko baliabideak eman behar dizkiegu.

Pentsamolde horrek ba al du eraginik maila psikologikoan?

Bai. Irakasleak aniztasuna kontuan hartzen badu, eta informazioa jaso edota prozesatzeko aukera ezberdinak ematen badizkie ikasleei, haietako bakoitzak gehien komeni zaion moduan inplikatzeko aukera izango du. Adibidez, orain oso modan dago adimen anizkoitzaren teoria: ikasle bat oso soziala bada, baina gelako ariketa guztiak bakarka lan egitekoak badira, ikasle horrek ez du aukerarik izango bere gaitasuna erakusteko. Aniztasuna kontuan izanik planifikatzen badugu, ikasleek ikasteko dituzten modu ezberdinei erantzuna emango diegu. Ez dago ikasle ororentzat ikasgai orotan erabilgarria den metodologia perfekturik, ez da existitzen. Hori bilatu beharrean, egin behar duguna da aukera ezberdinak eman, eta malguak izan curriculumak diseinatzeko orduan. Baliabide eta ariketa mota ezberdinak eskaini behar dizkiegu, ikasle guztiek ikaskuntza prozesuan inplikatzeko aukera izan dezaten.

Aniztasuna kontuan hartzeak norbanakoarengan dituen onurez hitz egin duzu; zeintzuk dira, ordea, talde kohesioari dagokionez dituen onurak?

Izaki sozialak gara gizakiak, eta ikastetxea sozializatzen ikasteko espazio bat da. Gizartean bizitzeko beharrezkoak diren gaitasunak ikasten dituzte ikasleek eskolan. Horretarako, beharrezkoa da ikastea taldean lan egiten edota gatazkak kudeatzen; komunitate baten parte sentitu behar dute ikasleek, eta jarduera esanguratsuak egin behar dituzte ikastetxean. Komunitate baten parte izaten ikasten badute, errazagoa da bazterkeria eta bullying egoerak ekiditea. Horregatik da garrantzitsua balioak transmititzea: elkarrekiko errespetua, eskuzabaltasuna, lankidetza, elkar baloratzen jakitea, ezberdintasunak errespetatzen jakitea eta abar. Ezinbestekoa da eskolan halako gaiei garrantzia ematea.

Zuk azaldu duzu teknologia oso lagungarria dela aniztasun horri arreta emateko.

Teknologia alderdi ezberdinetan gerta daiteke lagungarri. Alde batetik, aukerak ematen dizkie beste era batera zailtasunak izan ditzaketen ikasleei; adibidez, hizkuntza menperatzen ez badute, informazioa beste hizkuntza batean bila dezakete; idazteko zailtasunak badituzte, baliteke ordenagailuarekin hobeto moldatzea. Bestetik, ikasle guztiei aukera ematen die gizarte digitalaren parte bihurtzeko: ikasleak teknologiaren hizkuntzan alfabetatu behar ditugu, teknologiaren aldaera bakoitzak eskain ditzakeen onurei probetxua ateratzeko gai izan behar dute. Teknologia, beraz, ikaskuntza prozesua aberasteko beste baliabide bat da.

Beharrezkoa al da ikastetxeetako espazio fisikoak moldatzea?

Baietz uste dut. Irakasleok malguak izan behar dugu, eta malgua izan behar du, halaber, espazioaren antolaketak. Oso komenigarria da ikasle taldekatzeak malguak izatea, talde handi zein txikietan lan egin dezaten. Hori posible izateko, lagungarria da gelak ere prest egotea modu ezberdinetan lan egiteko; esaterako, mahaiak mugitzeko aukera izatea. Bi arlotan behar da malgutasun handiagoa: espazio aldetik eta denbora aldetik.

Denbora aldetik?

Ordutegi aldetik. Irakasle asko oso mugatuta sentitzen dira 45 minutuko eskolekin. Nire iritziz, irakasleek autonomia izan beharko lukete, behar izanez gero, beste irakasle batekin elkartu eta bi orduko eskolak emateko, proiektu luze eta zeharkakoagoak egiteko. Malgutasun horrek ez du esan nahi den-dena elkarrekin egin behar dutenik, baizik eta irakasleei askatasuna ematea haien lana ondo antolatzeko.

Ikastetxe askotan badira arbel digitalak. Zenbaitetan, ez dira erabiltzen. Nola aldatu hori?

Ez dut uste konponbide bat bakar bat dagoenik. Alde batetik, ikastetxeko hezkuntza proiektuak daude; aukera bat izan daiteke ikastetxeek teknologia proiektu horietan txertatzea. Bestetik, irakasleen prestakuntza eta babesa dago: irakasleak ikasle ere badira zenbait kasutan, eta laguntza beharra izan dezakete teknologia haien jardunean txertatzeko. Azkenik, bermatu behar da irakasle berririk ez sartzea hezkuntza sisteman ez badu garatu konpetentzia digitalik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.