Gorka Salces. Historialaria

«Interakzio sozialak hedabide nagusiak indartzen ditu»

Euskarazko hedabideen kontsumitzaileak eta haien iritziak aztertu ditu Gorka Salcesek. Erabiltzaile militanteak eta entretenimendurako kontsumitzen dutenak bereizi ditu; bigarrenak «zorrotzagoak» dira.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2016ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
«Euskaldunek hedabideak nola erabiltzen dituzten, zenbat erabiltzen dituzten, eta, batez ere, euskarazkoei begira, haiekin zelako identifikazioa daukaten». Hiru galdera horiei erantzuten saiatu da Gorka Salces historialaria (Portugalete, Bizkaia, 1986) Euskaldunak komunikabideen aurrean: iritzien, ohituren eta jarreren azterketa kualitatibo eta kuantitatiboa tesian.

Zer frogatu nahi izan duzu?

Soziolinguistikoki komunitatea asko aldatzen ari da. Elebidunen proportzioa asko hazi da azken urteetan. Bestalde, hedabideetan aldaketak sekulakoak izan dira; bat-bateko kontsumo joerak, doakoak eta hedabidearen eta kontsumitzailearen arteko harremana aldatzen dutenak. Testuinguru horretan euskaldunek zelan jokatzen duten ikustea interesatzen zitzaidan.

Hiztun komunitatea hazi den neurri berean hazi da kontsumitzaile kopurua?

Ez da erraza erantzuten. Alde kuantitatibotik azken urteak bakarrik aztertu ditugu; 2008tik honako datuak hartu ditugu. Zaila da epe luzeko ondorioak ateratzea. Kontsumoa nahiko egonkor mantendu da azken urte horietan. Tamalez, erdarazko komunikabideek menderatzen dute kontsumoa Hego Euskal Herrian. Hori, eskura ditugun iturriei kasu egiten badiegu. Ondorio garrantzitsuenetako bat, hain zuzen, hori da: dauzkagun iturri estatistikoek ez dute islatzen Euskal Herriko kontsumoa. Hasteko, herrialdea osatzen duen unitate politiko-administratibo bakoitzean estatistika ezberdinak daude, parametro eta metodologia ezberdinekin eginda. Neurketa horiek osatzeko irizpideak ez dira Euskal Herritik egindakoak: ez dira kontuan hartzen ez irizpide soziolinguistikoak, ez herrialdearen eskala demografikoa, ez euskarazko komunikabideen esparruaren ezaugarriak. Azken finean, hemen komunikabide txiki asko daude, herri eta eskualde mailakoak, eta eskura ditugun iturriek ez dituzte kontuan hartzen. Euskarazko kontsumo indartsu bat hor galtzen da.

Beraz, neurketak zelakoa izan beharko luke?

Neurketa kuantitatibo hutsa egiteak ez dauka zentzurik, beste dimentsio kualitatibo bat txertatu beharko litzateke: kontsumoaren esperientzian arakatuko duena, bilatuko duena zeintzuk diren kontsumitzaileen arrazoiak, sentimenduak eta motibazioak, zergatik eta zertarako erabiltzen diren bigarren pantailak telebista ikusten ari garenean...

Zelakoa da euskarazko hedabideen kontsumitzailea?

Bi perspektiba daude. Bat militanteagoa da: «hizkuntza komunitatearen parte izateko eta hizkuntzaren alde kontsumitzen dut» esaten dutenak. Baina badago bigarren bat, hedonistagoa, hedabideak edozein hizkuntzan kontsumitzen dituena, entretenimendurako edo dena delako beharrizan praktiko bat asebetetzeko tresna gisa. Bigarren kontsumitzaile horrek eskaintzari begiratzen dio gehiago, zorrotzagoa da: osatua izatea nahi du.

Osatua dela uste dute?

Hitz egin dugun kontsumitzaileek antzeman dute badirela hutsune batzuk, baina, aldi berean, zalantzan jartzen dute askotan, euskararen tamaina duen hizkuntza komunitate batek gaitasuna duen kirol kazeta bat sortzeko, adibidez. Hala ere, nahiko perspektiba positiboa dute.

Non ikusten dituzte hutsuneak?

Esaten dute euskarazko hedabideak oso serioak direla; gai serioetara begira ikusten dituzte. Ez dakit hori ez ote dagoen hizkuntza gaitasunarekin lotuta. Oso bitxia da BERRIA eta Hitza, biak dauden lekuetan, nola esaten duten Hitzek askoz hizkuntza errazagoa erabiltzen dutela eta BERRIArena kostatu egiten zaiela. Nik esango nuke hizkuntza mailarekin baino gehiago edukiekin lotuta dagoela. BERRIAn, politikari, makroekonomiari eta kulturari lotutako gaiek beste seriotasun bat dute. Hitzetan tokiko gaiak jorratzen dituztenez, arinagoak dira, eta ulerterrazagoak iruditzen zaizkie.

Erdarazko medioek zein neurrian eragiten dute?

Interakzio sozialak indartu egiten ditu hedabide nagusiak eta gehien kontsumitzen diren saioak. Gerta daiteke euskarazkoa kontsumitzeari uztea eta erdarazkoa kontsumitzea taldean komentatzeko. Adibidez, nik galdetu izan diot El Conquis ikusten duen bati ea zergatik ez duen ikusten ETB1en ematen duten antzeko saioa. «Ez; gero norekin hitz egingo dut horretaz?», erantzun dit. Oso garrantzitsua da presentzia publikoa, hedabide bat gizartearen erdigunean ipini eta normaltasun irudia hartzeko. Eta ez da soilik zer kontsumitzen dugun, baizik eta zerk kontsumitzen gaituen: guk ez dugu erabakitzen tabernako telebistan zein kate ipini edo barra gainean zein egunkari dagoen. Egote horrek badauka bere inportantzia. Adibidez, ezin da neurtu BERRIA tabernetako barra gainean egoteak zenbateko eragina izango lukeen, baina, behintzat, eragingo luke publikoak egunkariaz duen pertzepzioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.