Errusiako Munduko Kopa

Festa bat itzalpean

Etzi hasiko da Munduko Kopa, Moskun, eta Errusiak lehen aldiz antolatu du futboleko ekitaldi handi bat. Zalantzak sortu dira dopinaren eta segurtasunaren karietara.

enaut agirrebengoa
2018ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Errusia futbolaren epizentro izango da ostegun honetan hasi eta uztailaren 15era arte. Luze egiten da lau urteko itxaronaldia, baina hemen da jada Munduko Kopa. 32 selekzio, 64 partida, hamabi estadio eta hamaika hiri munduko kirol ekitaldirik handienetakoan. Bapo geldituko da futbol zalea. Paparrera beste izar bat gehitzen saiatuko dira Brasil, Alemania, Espainia, Frantzia edo Argentina, eta gainontzekoak aurreikuspenak apurtu nahiko dituzte. Ikuskizuna bermaturik dago; haatik, zalantzak ere badira. Lehen aldia izango da txapelketa Ekialdeko Europako herrialde batek antolatzen duena, eta nazioartean duen irudia garbitzeko baliatuko du abagunea Errusiak.

Gainean du dopinaren mamua, 2016an McLaren txostena argitaratu zenetik. Bertan, Dopinaren Kontrako Munduko Agentziako ikertzaile Richard McLarenek jaso zuen 2011 eta 2015 artean Errusiako estatuak bertako atleten positiboak ezkutatzeko sistema bat erabili zuela. Auziak 1.000 kirolari baino gehiago zipriztindu zituen, eta susmopean jarri zen futbola, beste 30 bat kirolekin batera. Ikerketaren ondorioz, atleta errusiarrek ezin izan zuten parte hartu 2016ko Rioko Olinpiar Jokoetan, eta aurten Pyeongchangen (Hego Korea) jokatutako Neguko Jokoetatik at gelditu zen Errusia. FIFAk 2010ean aukeratu zuen Errusia aurtengo Munduko Kopako egoitza gisa; dopinaren eskandaluak eztanda egin aurretik, alegia. Kalapitak eragina izan dezake txapelketan, nahiz eta FIFAko presidente Gianni Infantinok adierazi ez dagoela kezkarako motiborik.

Errusiak munduko beste potentzia batzuekin duen tentsio politikoak ere zalantzak eragin ditu, segurtasunaren alorrean batik bat. Harreman bereziki petrala du Erresuma Batuarekin, Siriako gatazka eta ustez Errusiak lurralde britainiarrean pozoitutako espioi errusiarraren kasua dela eta. Krisi diplomatikoa eragin du azken auzi horrek, eta, ondorioz, Erresuma Batuko ordezkari ofizialik ez da izango. Ezinegon horrek kolokan jar lezake segurtasuna. 2016ko Eurokopan liskar larriak izan ziren ultra ingelesen eta errusiarren artean, eta halakorik errepikatzea kosta ahala kosta eragotzi nahiko dute antolatzaileek. Aurten hainbat istilu eragin dituzte erradikal errusiarrek; hala nola Bilbon, Athleticen eta Spartak Moskuren arteko lehiaren aurretik.

Bestalde, oihu arrazisten hiru kasu izan dira azken sasoian Errusian, hirurak ere San Petersburgon. Esaterako, tximino soinuekin zuzendu zitzaizkien Frantziako zenbait jokalariri martxoan jokaturiko lagunartekoan. Bertanfinalerdiak jokatuko dira. Azken bi Eurokopetan zaleen jarrera arrazistagatik zigortua izan da Errusiako Federazioa.

Alemania, Brasil, Espainia...

Kirol arloari dagokionez, Alemania da Moskuko Loujniki estadioan garaikur preziatua altxatzeko faboritoa. 2014an Brasilgo Munduko Kopa irabazi ondotik, Errusian hitzordua du historiarekin. Alde batetik, 56 urte dira selekzio batek ez dituela bi garaipen kateatzen. Hori lortzen azkena Peleren Brasil izan zen, 1958ko eta 1962ko Munduko Kopak irabazita. Eta, bestetik, aukera du bosgarren izarra lortu, eta Brasilen marka berdintzeko. Alemaniarren ametsa zapuzten saiatuko dira brasildarrak. Mendeku gosez da 2014an Belo Horizonten Alemaniaren eskutik jasotako jipoi historikoaz geroztik (7-1). Espero baino arazo gehiago izan zituen Munduko Koparako sailkatzeko, baina onbidera itzuli da Titeren lemapean. Talde ikusgarria du, Neymar buru.

Espainiak bi belaunaldiren arteko nahasketa profitatu nahi du 2010ean Hegoafrikan lorturiko garaipena errepikatzeko. Beste inork baino kalitate handiagoa du zelai erdian, eta egonkortasuna lortu du Julen Lopetegi teknikari asteasuarraren gidaritzapean. Lau euskal jokalari ariko dira Espainiako selekzioarekin: Kepa Arrizabalaga, Alvaro Odriozola, Cesar Azpilikueta eta Natxo Monreal. Frantziak, berriz, orain hogei urte irabazi zuen azkenekoz Munduko Kopa, eta urteurrena garaipen berri batekin ospatzen saiatuko da. Talde gaztea da, baina jada nahiko zailduta dago. Txapeldunorde izan zen 2016ko Eurokopan, eta gaia badu selekzioen arteko txapelketa nagusian ere onenen pare aritzeko. Didier Deschamps baionarrak jarraitzen du hautatzaile karguan.

Argentina presiopean iritsiko da, baita haren izar Leo Messi ere. 1986an irabazi zuen azkenekoz Munduko Kopa, eta 2014an finalera iritsi arren, lehorteak bere hartan dirau. Messik, aldiz, gainetik kendu nahi du Maradonaren itzal luzea, eta bere palmaresean falta zaion garaikurra lortu. Bestalde, Belgika ere kinieletan sartu beharreko selekzioa da. Haren historiako belaunaldirik onenetakoa du. Ordea, lehiakortasuna falta izan zaio orain arte.

Hiru selekzio garrantzitsu faltako dira aurtengo txapelketan: Italia, Herbehereak eta Txile. Tradizio handiko selekzioak dira, baina kanpoan gelditu dira. Txanponaren beste aldean, Islandia eta Panama aurrenekoz lehiatuko dira Munduko Kopa batean. Berritasun nagusia, dena den, ez da selekzio horien parte hartzea izango, VAR sistema baizik. Izan ere, bideo epaile laguntzailea txapelketa honetan erabiliko den lehen aldia izango da. Lau kasutan aplikatuko da: goletan, penaltietan, kaleratzeetan eta epaileak jokalarien identitatea nahastean. Neurriaren eragin zuzena sumatuko du Roberto Diaz marrazain gasteiztarrak.

2026ko Munduko Kopan ere berritasun handi bat izango da: partaidetza 48 selekziora zabalduko da. Bihar jakingo da zein izango den egoitza. Hautagaiak Maroko eta Ipar Amerika dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.