Iruñeko taldeko sexu erasoa

Erantzun berri eske justiziari

Sanferminetako talde bortxaketaren sententziaren ostean, jomugan dira epaitegien jarduna eta Zigor Kodea bera. Adituek «beharrezko» deritzote sexu indarkeriari buruzko kontzeptuak berritzea

Ehunka lagun bildu ziren atzo, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean. JESUS DIGES / EFE.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Ezinegona piztu du 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren epaiak. Nafarroako Auzitegiak sexu eraso delitua baztertu eta gertatutakoa abusu gisa izendatu izanak amorrua eragin du herritarren, instituzioen eta eragile sozialen artean, eta, sententziaz harago, askok zalantzan jarri dute justizia sistema bera.

Biktimaren abokatuek ez ezik, herri akusazio gisa diharduten erakundeek ere —Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak— iragarri dute helegitea aurkeztuko dutela, Iruñean 2016ko uztailaren 7an gertatutakoa sexu erasoa izan zela berretsita. Atzo, Nafarroako Fiskaltza batu zitzaien. Pilar Martin Najera fiskalaren aburuz, bost auzipetuek «larderiaz» jokatu zuten; hortaz, ez zen sexu abusu soila izan, sexu erasoa baizik: «Erasotzaileek euren nagusitasun fisikoa baliatu zuten, biktima shock egoeran eta alkoholaren eraginpean zegoen bitartean».

Nafarroako Auzitegiko epaimahaia hainbat protestaren jomugan egon da azken egunetan. Atzo, elkarretaratzeak egin zituzten Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta hainbat herritan, auzitegien aurrean. Mugimendu feministak gaurko antolatu duen manifestazioaren leloak ere epaitegiei egiten die erreferentzia: Ez dago gure hitza epaituko duenik.

Kritika erauntsi horren erdian, legelari, abokatu eta magistratuek iritzi kontrajarriak plazaratu dituzte. Protestei zilegitasuna aitortu die Nafarroako Auzitegiko presidente Esther Erizek Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean, baina magistratuen lana defenditu du, sententziaren «erritmoak» ulertu behar direla iritzita: «Prozesua ez da bukatu. Soka luzea izanen du, eta terminologia juridikoaren muga sotilak definitzeko balioko digu». Erizeren ustez, erabiltzen ari diren kontzeptuak «oso konplexuak dira», eta «etengabeko aldaketa prozesuan» daude.

Nafarroako Auzitegiko magistratuekin askoz kritikoago azaldu da Lorena Garrido legelaria. Zuzenbidearen Filosofia irakaslea da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, eta genero ikuspegia lantzen duen Antigona ikerketa taldeko kidea da. «Bi arazo nagusi» antzeman ditu sanferminetako talde bortxaketaren epaian: batetik, «lege sistema zaharkitu bat»; eta bestetik, «epaileek Zigor Kodeaz egiten duten interpretazio murriztailea».

Izan ere, Garridoren irudiko, Zigor Kodea aldatu beharra dago: «Egungo legedian, sexu erasoen eta sexu abusuen arteko bereizketa erabat arbitrarioa da, eta, horren ondorioz, esanahia galdu dute kontzeptu horiek. Sexu abusua, adibidez, jite ezberdineko hamaika delitu biltzen dituen saski-naskia da, eta horrek atea zabaltzen dio inpunitateari».

Hala ere, Nafarroako epaileek egin dutena baino interpretazio«ausartagoa» egin zitekeela uste du. «Ondasunen kontrako delituetan, adibidez, larderia edo intimidazio kontzeptuaren beste interpretazio bat egiten da: bi edo hiru gizon hurbiltzen bazaizkizu diru zorroa lapurtzeko asmoz, epaileek automatikoki onartzen dute larderiaren faktorea, erasotzaileak nagusitasun egoeran daudelako. Sexu erasoetan, ordea, exijentzia maila handiagoa da. Ez da nahikoa, antza, bost gizonek zu inguratzea eta sexu harremanak izatera behartzea».

Oro har, gertakari objektiboei bainoago, epaileek «biktimaren jarrerari» erreparatzen diotela uste du Garridok, «eta hori genero indarkeria kasuetan gertatzen da bakarrik». Horregatik, zuzenbidearen esparruan «genero ikuspegia» eta «formakuntza» falta direla uste du, delituaren ardura biktimaren bizkar gera ez dadin: «Emakumeak trauma osteko estres gehiegi ala gutxiegi duen, bizimodu normala egiten duen, lagunekin parrandan ateratzen den, sexu harremanik duen... Biktima perfektuaren parametroa esaten diogu horri, eta patroi horren arabera ebaluatzen dituzte sexu eraso bat pairatu duten emakumeak».

Boto partikularra, «larria»

Garridorekin bat dator Clara Vall i Duran abokatu penalista. «Aberrazio juridikotzat» jotzen du sententzia, eta magistratuetako batek emandako boto partikularra «bereziki kezkagarria» dela uste du: «Ricardo Gonzalez epaileak absoluzioaren alde egin zuen, sutsuki. Anekdotikoa dirudi, baina oso larria da, boto partikular horrek bidea markatzen die defentsako abokatuei, helegitea aurkezteko garaian alegatu behar dituzten puntuak azaltzen baitizkie xehe-xehe. Delitua urardotzen du, eta horretarako, argudio juridiko ugari jartzen ditu mahai gainean. Argi dago ahalegin berezia egin duela, eta interes handia igartzen zaio. Ez dut uste kasualitatea denik: esparru judizialeko profesional guztiok argi genuen sententzia hau ez zela bere horretan geldituko, eta aldeek helegitea aurkeztuko zutela; hortaz, boto partikular horren helburu bakarra da defentsak eman beharreko hurrengo pausoak erraztea».

Bestalde, «aurrekari arriskutsuak» ezartzen dituela uste du Vall i Duranek: «Inpunitatearen mezua zabaltzen du, talde bortxaketa bat sexualki kitzikagarria izan daitekeela argudiatuta, eta aringarri gisa aurkeztuta». Horregatik, Zigor Kodea aldatzeko galdegin du, gogoz kontrako sexu harreman guztiak eraso gisa sailkatze aldera.

EHUko Zigor Zuzenbideko irakasle Miren Ortubairen aburuz, «justizia sistema osoa» da emakumeei sinesgarritasunik aitortzen ez diena; hortaz, epai bakar baten xehetasun teknikoen eztabaidan ez sartzeko galdegin du: «Ez dut sententzia gustuko, baina ez dut uste hori denik emakumeoi eta feministoi komeni zaigun eztabaida esparrua, egungo Zigor Kodeak ezarritako ikuspegia onartzea dakarrelako». Ortubairen irudiko, kezkagarria da zigor gogorragoak eskatzeko joera: «Zenbat eta zigor handiagoa, orduan eta segurtasun handiagoa lortuko dugula diote. Bada, ez. Gezurra eta demagogia hutsa da, eta, halako diskurtsoei eutsiz gero, arriskua dugu errepresioaren aldapan behera labaintzeko. Errudunari bederatzi, 22 edo 50 urteko zigorra ezartzeak ez ditu biktimaren mina eta laidoztatzea konponduko», adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.