Motxila kendu eta gozatzen

Mikel Oiartzabal sasoi distiratsuan itzuli da lesiotik. Iraganeko arazoak ahaztuta, eraginkor ari baita ate aurrean. Taldeko golegile nagusia da, lau golekin. Unerik onenean iritsiko zaio Europako debuta.

jon eskudero
Donostia
2017ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Realean olatuaren gorenean dagoen jokalaria da une honetan Mikel Oiartzabal. Iragan denboraldiko motxila atzean utzita, 2015-16ko sasoi amaieran azaldu zuen distira hartara itzulirik ari da eibartarra, eta zenbakiek ez diote gezurrik. Juanmiren eta Willian Joseren gainetik, taldeko golegilerik onena da lau gol sartuta, eta ezinbestekoa izaten ari da Eusebio Sacristanen eskeman. Betiko kemen eta lan egiteko grinaz gain, ate aurrean eraginkor jokatzen ari da, eta unerik gozoenean iritsiko zaio Europako debuta. Izan ere, bihar jokatuko du estreinakoz Europako lehiaketa batean, Vardarren zelaian. «Gogotsu nago partida hori iristeko, eta orain arteko boladari eustea espero dut».

Iragan denboraldia «gogorra eta astuna» izan zen Oiarzabalentzat. Goleko pase gehien eman zuen txuri-urdina izan zen, zazpi guztira, eta lana gogotik egin zuen beti. Besteak beste, ligako 38 partidetan parte hartu zuen. Hots, ate aurreko eraginkortasunik ezak une latzak pasarazi zizkion, soilik bi gol sartu baitzituen. «Baloiak ez zuen sareetarako biderik hartzen, eta buruari buelta asko eman nizkion. Halere, ikasteko asko balio izan zidan sufritzeak». Hori bai, azken jardunaldian «askatasuna» sentitu zuen Vigon, Realak sailkapeneko seigarren postua lortu zuen egunean gola sartu baitzuen. «Zerbait sinbolikoa izan zen».

Joan den denboraldia bukatu bezala hasi du aurtengoa gazteak: «konfiantzaz eta pozik». Gainera, jada taldeko golegile nagusia izateak meritu bikoitza du, gainerako taldekideek baino minutu gutxiago jokatuta estatistika ezin hobeak baitaramatza. Orain arte jokaturiko 448 minutuetan lau gol sartu ditu; 112 minutuko bat, beraz. «Boladak etorri bezala joaten dira. Oraingoz, gozatzen ari naiz, baloiak ate barrura bideratzen ari naizelako, eta ea gai naizen denboraldi osoan horri eusteko». Lesiorik ez itzultzea espero du. Besteak beste, ligako lehen bi partidetan aritu ondoren, eibartarrak min hartu baitzuen gero Espainiako selekzioarekin, eta hurrengo bost partidetan deialdietatik kanpo geratu behar izan zuen: ligan Deportivoren, Real Madrilen eta Levanteren aurka eta Europa ligan Rosenborgen eta Zeniten kontra.

Haatik, ez zaio nabari min hartuta egon denik ere. Lesiotik itzuli eta jokatu dituen hiru partidetan gol bana sartu du, hurrenez hurren, Valentziaren, Betisen eta Alavesen aurka, eta Realaren eraso lerroko jokalari onena izan da —sasoiko estreinako gola lehen jardunaldian sartu zuen Celtaren kontra—. Lau gol horietan bat aukeratzekotan Mendizorrotzan sartutakoarekin geratuko litzateke. «Hamahiru minutu bakarrik falta ziren partida amaitzeko, ematen zuen hutsean bukatuko genuela, eta gola sartzeak esanahi handia izan zuen niretzat. Batez ere, hiru puntuak lortzeko balio izan zuelako». Horrez gain, gola ederra izan zen, kalitate handikoa. «Baloia ezker oinera iritsi zitzaidan, eta, inguruan lau aurkari izan arren, burura etorritako lehen ideia gauzatzeko modua izan nuen. Bolada onetan egiten dira halako golak, baina oinak lurrean ditut, eta lanean segiko dut egunerokoan».

Izan ere, ate aurreko eraginkortasun ezagatik kritika dezente entzun behar izan du gazteak, eta badaki une zailagoak ere edozein unetan irits daitezkeela. «Golak sartzea ondo dago, baina taldeari laguntzea da nire lehen helburua. Oraindik oso gaztea naiz, eta ikasteko asko dut». Hogei urte besterik ez du. «Protagonismoa beste taldekide batzuk lortzen dute oraindik. Ni ikasketa prozesuan murgilduta nago».

Iñigo Martinez, deialdian

Ikasketekin jarraitzeko, Europan estreinatuko da bihar Oiartzabal, azken orduko okerrik ezean, hura eta beste hamar jokalari izango baitira hasierako hamaikakoan. Besteak beste, Iñigo Martinez bere esanetara izango du entrenatzaileak. Ligako partida bakar batean parte hartu du orain arte Ondarroako atzelariak, eta badirudi erabat osatu dela belauneko lesiotik. Txanponaren beste aldean, Juanmi eta Odriozola Donostian geratuko dira. Lehenak kolpe bat hartu zuen buruan Gasteizen, eta ez da lehengoratu. Bigarrenak lesio serioagoa izan dezake eskuin belaunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.