Eguna iritsiko dela sinetsita

Ofizialtasunerako bidean pauso bat gehiago emateko asmoz, «aldarrikapen festa» izango da abenduaren 26an Bartzelonan jokatuko den Katalunia-Euskal Selekzioa partida bikoitza

Euskal Selekzioko eta Kataluniako jokalariak, ofizialtasunaren aldeko pankarta banarekin, iazko abenduan San Mamesen jokatutako partidan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2015eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
«Gure belaunaldiak ezin badu, gure seme-alabek edo bilobek egunen batean ikusiko dute». Luis Mari Elustondo Euskadiko Futbol Federazioko presidenteak baikortasun mezua helarazi zuen atzo Katalunia-Euskal Selekzioa abenduaren 26ko partida bikoitzaren aurkezpenean, Bartzelonan. «Hunkigarria da horrelako lagunarteko partidak jokatzea. Pazientziarekin eta ahaleginarekin, berandu baino lehen ofizialtasuna lortzeko bitartekoak dira pauso hauek». Elustondok onartu zuen «ametsa» dirudiela aldarrikapenak. «Baina erromantizismo horri eutsi nahi diogu».

Irabazteko garaia lelopean, Kataluniak eta Euskal Selekzioak emakumezkoen eta gizonezkoen partida bana jokatuko dute hilaren 26an. Mini Estadion jokatuko da emakumezkoen lehia (18:45), eta Camp Noun gizonezkoena (21:30). Iaz, abenduaren 28an, Euskal Herrian jokatu zuten bi selekzio horiek, San Mamesen gizonezkoek (1-1) eta Lasesarren emakumezkoek (1-1). «Eta eskertzekoa da urtebete geroago bi partida horiek berriz jokatzeko Kataluniako Federazioak egin duen ahalegina». Kirola, festa eta aldarrikapena uztartuko dira, beste behin, Bartzelonan.

Azken hilabeteotan, egutegiarekin izan da gorabeheraren bat edo beste. Abenduaren 19an eta 20an partidak jokatu ondoren, bost eguneko oporraldia izango dute Lehen Mailan ari diren jokalariek, eta abenduaren 26an itzuliko dira lanera. Hasiera batean, abenduaren 27an ziren jokatzekoak lagunarteko bi partidak, baina Espainiako Futbol Ligak gizonezkoen Lehen Mailako jardunaldia jarri zuen gero abenduaren 30-31n, gainerakoan atsedenerako nahikoa tarte ez zegoelako.

Partiden egunak hilaren 27tik 26ra aurreratuta, oporrekin egon zitekeen talka. «Baina abenduaren 26an oporretatik itzulita, ligako partidak ez dira oztopo izango. Talde guztiek baiezkoa eman digute jada». Mikel Etxarri Euskal Selekzioko hautatzaileetako batek hala argitu zuen aurkezpenean. Gizonezkoen Bigarren Mailan, abenduaren 19-20an jokatuko da Gabonen aurreko azken jardunaldia, eta urtarrilaren 2-3an ondorengoa. Emakumezkoetan, asteburu honetan jokatuko da abenduko azkena, eta urtarrilaren 9-10ean hurrengoa.

Ez Euskal Selekzioak eta ez Kataluniak, ez zuten argitu zein jokalarik osatuko duten deialdia. Baina Sergio Gonzalez Kataluniako hautatzaileetako batek azaldu zuen bertan izango direla Bartzelonako eta Espanyoleko jokalariak. Bartzelonak Kluben Arteko Munduko Kopa dauka bost egun lehenago, baina Gonzalezen hitzetan deialdian izango dira Pique, Bartra, Jordi Alba, Busquets, Sergi Roberto, Samper eta Masip. Arrazoi pertsonalak tarteko, Xavi ez da izango zelaian, eta gonbidapena bidali diote Victor Valdes atezainari. Euskal Selekzioari dagokionez, gizonezkoetan ikusi egin beharko da Athleticeko, Realeko eta Eibarreko jokalari guztiek baimena lortzen duten lagunarteko partida jokatzeko. Gabonetako oporraldia gorabehera, emakumezkoen kasuan ez da izango arazo handirik.

Sarrerei dagokienez, ez da ordaindu beharko Mini Estadin sartzeko. Natalia Arroyo Kataluniako selekzioko hautatzaileak eskaera berezia egin die zaleei partida ikustera joateko. «Emakumezkoen futbola sustatzeko aukera zoragarria da. Ikus daitekeen partidarik onenetakoa da, nazioarteko jokalari asko elkartuko direlako zelaian».

Sarrerak, gaurtik salgai

Gizonezkoen kasuan, gaur jarriko dituzte sarrerak salgai www.fcf.cat webgunean, 10 eta 30 euro artean. Sei sarrera erosi ahal izango dira kasu bakoitzean. Sarrera gehiago nahi dituzten guztiek bi telefono zenbaki dauzkate eskura: 606-46 46 07 eta 606-02 75 64. Kasu horretan, %20ko deskontua egingo dute. Umore onean, Senyerak, ikurrinak eta esteladak eramateko dei egin zuen atzo Jordi Mestre Bartzelonako presidenteordeak. «Kasu honetan ez dut uste zigortuko gaituztenik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.