Errealitateari egokitutako lege bat eskatu du Euskarabideak

Euskararen legea aldatzeko batzordeak seigarren saioa egin du. Euskarabideko kideek premiazkotzat jo dituzte ofizialtasuna eta eskualdeetara moldatutako hizkuntza politikak

Ane Eslava.
Iruñea
2018ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Euskararen Foru Legea aldatzeko Batzorde Bereziaren seigarren saioa egin zuten atzo Nafarroako Parlamentuan, eta Mikel Arregi eta Paula Kasares Euskarabideko ordezkariek parte hartu zuten. Euskararen legea aldatzean, zonifikazioa ezabatzeko eta Nafarroako lurralde guztien errealitatea aintzat hartuko duten hizkuntza politikak ezartzeko beharra azpimarratu zuten.

«Zonifikazioak Nafarroa kasu bakan bihurtzen du bi hizkuntza ofizial dituzten erkidegoen artean», adierazi zuen Arregik. Azaldu zuenez, badira hizkuntzari dagokionez Nafarroa bezain «heterogeneoak» diren autonomia erkidegoak; hala nola Euskal Autonomia Erkidegoa edo Valentziako Erkidegoa. Horietan, ordea, bi hizkuntzak ofizialak dira, eta egoera soziolinguistiko ezberdinetara bideratutako hizkuntza politikak dituzte, haren hitzetan. Horietan ez bezala, Nafarroan aniztasun linguistikorako konponbide bakar gisa zonifikazioa ezarri izana kritikatu zuen Arregik. «Ez zen izan aniztasunari emandako erantzun natural bat; hautu politiko bat izan zen».

Bestalde, hizkuntza gizarte gertakari «bizi» bat dela nabarmendu zuen Kasaresek: «Ez da beti berdin egon; gorabehera soziohistorikoek baldintzaturik bilakatu da». Hain zuzen, azken hiru hamarkadetan ezagutzak eta erabilerak gorakada nabarmena izan dute: bereziki gazteen artean. Horregatik, legea errealitate horretara moldatu behar dela uste du. Bat dator Arregi: «Ez da arau mugiezin bat».

Nafarroako Gobernua sostengatzen duten alderdietako ordezkariek ere bat egin dute lege hori aldatzeko eta gizartearen beharretara egokitzeko premiarekin. «Egoera zaila da euskararentzat, eta hori aldatzeko hizkuntza politika sendo bat behar da, herritarrei hizkuntza ikasteko eta erabiltzeko arrazoiak, aukerak eta gaitasunak emango dizkiona», adierazi du Dabid Anaut EH Bilduko parlamentariak eta Euskara Batzordeko presidenteak.

Geroa Baiko Koldo Martinezek, berriz, esan du Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikak euskararen foru legea duela oinarri, eta, beraz, lege horrek «ezin duela gizartea zatikatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.