Oraindik ez da bukatu festa

Reala eta Athletic elkarren aurka arituko dira Espainiako Kopako final-laurdenetan. Joanekoa asteburuan izango da, Zubietan, eta itzulerakoa, maiatzaren 23an, Lezaman

ainara arratibel gascon
2018ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Herenegun Anoetan izandako festaren ostean, Reala eta Athletic beste bi aldiz ariko dira nor baino nor gehiago datozen zortzi egunetan. Hala erabaki du zoriak. Izan ere, atzo egin zen Espainiako Kopako final-laurdenetarako zozketa, eta elkarren artean jokatzea egokitu zaie bi euskal taldeei. Joaneko partida Zubietan jokatuko dute —Anoetan ezin da, zelaia altxatzen hasi baitziren atzo—, asteburuan, eta itzulikoa, Lezaman, maiatzaren 23an, datorren asteazkenean. Irabazleak Bartzelona edo Levante izango du aurkari, maiatzaren 26-27ko asteburuan, eta Reusen (Herrialde Katalanak) jokatuko da finalerdia; finala Meridan (Espainia) jokatuko da, ekainaren 2an.

Athleticek Espainiako Koparen arantza du. Bi aldiz jokatu du finala, eta bietan galdu egin zuen. Porrot mingarriak izan ziren biak. Lehenengoa 2012an izan zen, Espanyolen kontra. 2-1 galdu zuten zuri-gorriek luzapenean. Bi urte geroago berriz ere finalera ailegatzea lortu zuten, eta Bartzelonaren kontra aritu ziren. Partida eta luzapena 1-1 bukatu ostean, 5-4 galdu zuten penaltietan.

Kanporaketa honela ikusten du Joseba Agirre Athleticeko entrenatzaileak: «Atzo [herenegun] guk oso ondo jokatu genuen, eta irabazi egin genien. Baina Kopa beste mota bateko txapelketa da». Partida «gauza txikietan» erabakiko dela uste du: «Defentsan ondoen moldatzen den taldeak asko izango du irabazia, baita fisikoki ondoen dagoenak ere. Bi partida jokatu behar ditugu egun gutxitan, eta sasoia amaitzear dagoela, indarrez justu gaude denak. Uste dut itzulerako partidan erabakiko dela kanporaketa».

Gonzalo Arkonada Realeko entrenatzaileak ere argi du ez dela izango kanporaketa erraza: «Koparako ligako zortzi talderik onenak sailkatzen dira, eta bagenekien egokituko zitzaigun aurkaria zaila izango zela». Baina nabarmendu du, behintzat, gertuko aurkari bat egokitu zaiela: «Behintzat, bidaia ez da luzea; aste barruan ere jokatu behar dugula kontuan hartuta, garrantzitsua da. Jokalariek errazago egokitu ahal izango dituzte lan eta ikasketa kontuak».

Hain zuzen ere, herenegungo partida «ikasgaia» izan zela aitortu zuen: «Oso gertuko erreferentzia da, eta horrek asko laguntzen du. Partida ondo prestatuko dugu. Lehenbizi, atzoko [herenegungo] ahaleginaz osatu behar dugu. Partidari begira, aldaketa taktiko txikiak egingo ditugu». Bigarren partida etxean jokatu nahiko luketela esan du. «Baina hala ez izanda ere, saiatu behar dugu etxean emaitza on bat lortzen».

Realak behin bakarrik lortu du final-laurdenetako langa gainditzea, 2011. urtean, eta berriro lortu nahi du balentria hori. Kopan izan den azken bi aldietan, Bartzelonak kanporatu du.

21.500 ikusle

Espainiako Kopako final-laurdenetako lehia horiek herenegun Anoetan jokatutako derbian bizi izandako festaren jarraipena izango dira. 21.500 ikuslek bete zuten Anoeta, eta hasierako aurreikuspenak gainditu. Goiko harmailak ere ireki behar izan zituzten. Zaleen artean giro aparta izan zen, eta batzuetan olatua ere egin zuten.

Partida hasi baino lehen argazki bat atera zuten bai Reala Lehen Mailara igo zeneko taldeko hemeretzi jokalariek eta bai txuri-urdinekin hitzarmena duten taldeetako kide batzuek.

Zelaian, Athletic izan zen nagusi. 1-4 gailendu zen. Ramajok bere atean, Erikak, Nekanek eta Luciak sartu zituzten zuri-gorrien golak, eta Cristina Pizarrok Realarenak. Galdu arren, beste aurkarien emaitzei esker lortu zuen Realak Koparako sailkatzea; Athleticek, berriz, hirugarren postuari eutsi zion.

Lehen itzulian ere, Lezaman Athletic nagusitu zen, 2-1, Yulemaren eta Maite Orozen golei esker. Realarena Ane Etxezarretak sartu zuen. Ikusteko dago Espainiako Kopan zuri-gorriek ligan erakutsi duten nagusitasun horri eusten dioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.