Lagun zaharra, erronka berria

Bera Berak baieztatu egin du Imanol Alvarez izango dela entrenatzaile berria. Asteartera arteko epea du Txapeldunen Ligan atarikoan izen emateko, eta taldean baikorrak dira

Imanol Alvarez, hutsarte batean jokalariei aginduak ematen, 2013-14ko sasoiko partida batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Txapeldunen Liga eta Imanol Alvarez; horiek dira Super Amara Bera Beraren hurrengo denboraldirako prestaketaren ardatza. Txapeldunen Ligako atarikoa jokatzeko asmoa du Donostiako taldeak, eta ekainaren 5era arteko epea du baiezkoa emateko. Oztopoa argia da: dirua, eta erronka horrek dakarren gastua. Atariko hori prestatzea, berriz, Imanol Alvarezen ardura izango da, hura baita Montse Puchek utzitako tokia beteko duen teknikaria. Alvarez lagun zaharra du Bera Berak, 2013-14ko sasoian liga eta kopa irabazi zituelako bertan.

Bost egun baino ez dira pasatu Bera Berak liga trofeoa altxatu zuenetik, baina dagoeneko heldu den sasoirako oinarriak ondo finkatuak ditu. Tati Garmendia kirol zuzendariak «arrakastatsutzat» jo du denboraldia, taldeak liga irabazi baitzuen lesio izurriteari aurre eginez. Sasoi berrira begira, deigarriena entrenatzaile aldaketa da. Jakina zen Montse Puchek ez zuela jarraituko, eta taldeko kirol arduradun nagusiak arrazoia azaldu zuen atzo emaniko prentsaurrekoan: «Montse entrenatzaile bikaina da, eta lan handia egin du. Etorri zenean, arrisku apustu bat egin genuen, entrenatu gabea zelako, eta, zorionez, ondo irten da. Baina normala da hiru urtetik gorako harremanean higadura sortzea. Eguneroko lanak eta tratuak asko erretzen du. Oso eskertuak gatzaizkio, baina zikloak amaitu egiten dira».

Batzuk joan, eta besteak etorri. Zergatik Imanol Alvarez? «Urte bikaina egin zuen hemen. Aukera onena zen. Urte hartan kontratua berritzeko aukera eman genion [otsailean], eta Alvarezek arrazoi pertsonalengatik esan zuen ezetz. Orain berriz ere hasi da entrenatzen, Espainiako behe mailako selekzioetan, eta ea itzultzeko prest legokeen galdetu genion. Gainera, etxekoa da». Sasoi hartako jokalariek oso ondo hitz egin zuten Alvarezi buruz, eta estimu handia zioten. Azken urteetan Errotabarri Ermuko eskubaloi taldeko zuzendaritzan egon da.

Entrenatzailean ez ezik, jokalari multzoan ere aldaketak egongo dira. Oraingoz, taldea «osatuta» dago, betiere diru sarrera berririk ez balego. Taldea utziko duten jokalari gehienak ezagunak ziren, baina ez fitxaturikoak. Fitxatu berrien artean Priscila Dos Santos alboko brasildarra eta Judith Sansen itzulera nabarmendu behar dira. Dos Santos Poloniako ligatik dator, eta Sans Danimarkatik itzuli da. «Hiru pibote izango ditugu, baina Sansen aukera irten zenean ezin genion uko egin», azaldu zuen Garmendiak. Orain, taldearen bizkarrezurra osatzen duten beste hiru jokalarirekin kontratua luzatzea negoziatzen hasiko da: Maitane Etxeberria, Esther Arrojeria eta Adriana Cardoso. Hirurek jarraitzea espero dute, «gertu» baitago akordioa. Zailena, agian, Cardoso da, Frantziako talde handien eskaintzak jaso baititu.

90.000 euro behar ditu

Litekeena da Alvarezek gidatzen duen multzoak irail hasiera izatea lehen erronka handia, 8-9ko asteburuan jokatuko baitira Txapeldunen Ligako atarikoak. Bera Berak bost egun barru erantzun behar du, eta, horretarako, diru sarrera behar du. Garmendiak esan zuen «90.000 eta 100.000 euro» arteko bultzada beharko luketela. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak iragan asteburuan esan zuen Bera Berak txapelketa hori joka zezan ahal zuen guztia egingo zuela, eta hor datza taldearen kirol zuzendariaren baikortasuna.

Atarikoa igaroko ez balu, EHF Kopa jokatuko luke urrutik aurrera. Multzoen faserako sailkatzea zail ikusten du taldeak, baina ez dio muzin egin nahi aukera horri. Era berean, eta txapelketaren multzoen fasera iritsiko balitz, beste bultzada bat beharko luke taldeak, txapelketaren eskaera maila, hala kirol ikuspegitik nola antolakuntzakoan, oso handia baita. Atarikoen bitartez Txapeldunen Ligarako lau txartel banatuko dira, eta, besteak beste, Hungariako eta Danimarkako txapeldunordeek hartuko dute parte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.