Bruselaren neurriek ez dute hobetuko abeltzainen egoera, sindikatuen ustez

EHNEk eta Enbak diote 500 milioi euroko laguntza ez dela nahikoa.Beharrezkotzat jo dute esnearen merkatua arautzeko neurriak hartzea

Arnaitz Lasarte.
2015eko irailaren 9a
00:00
Entzun
Bruselak iragarritako neurriek ez dituzte gogobete esne sektorean lan egiten duten baserritarrak. «Negargarriak» dira EHNErentzat, eta «etsigarriak» Enbarentzat. Bi sindikatuek uste dute Europako Batzordeak sektorearentzat iragarritako 500 milioi euroko diru laguntza ez dela nahikoa. EHNEren arabera, gaur egungo egoera zailari aurre egiteko balio dezakete zuzeneko laguntza horiek, baina merkatua arautzeko neurririk gabe«egungo ogia biharko gosea» izan daiteke. Enbak antzeko argudioak erabili ditu Europako Batzordearen jarrera kritikatzeko: «Ez dugu limosnarik nahi, gure ekoizpenarentzat prezio duina baizik».

Enbaren ustez, prezio duinak lortzeko ezinbestekoa da merkatua arautzea, ekoizpena kontrolatzea eta elikagaien katea orekatzea. Bruselaren aldetik, ordea, ez du ikusten horretarako «gaitasunik eta borondaterik». Nabarmendu du okerreko aurreikuspenetan oinarritu zela kuota sistema kentzeko, eta orain ez duela erabaki hura zuzentzeko pausorik eman nahi: «Baserritarron etorkizuna bihotz gabeko espekulatzaile, bitartekari, industria eta banatzaileen esku uzten du».

EHNEk, berriz, zehaztasun gutxirekin jardutea leporatu dio Europako Batzordeari. Zuzeneko laguntzak adabaki bat besterik ez dira, sindikatuaren ustez: «Bitartean, soberakinak eragiten dituen ekoizpena bultzatzen jarraitzen dute, galerak besterik ez dakarten salneurriekin, eta abeltzainen soldatak desagerraraziz». Esne sektorea eramangarria izan dadin ezinbestekotzat jo du prezioak kostu prezioaren gainetik egotea, eta salatu du hori bermatzeko ezer ez duela egin Bruselak.

Amaiurrek Isabel Garcia Tejerina Espainiako Nekazaritza ministroaren agerraldia eskatu du Espainiako Kongresuan, Bruselan egindako goi bileran hartutako erabakiak azaltzeko. Maite Aristegi diputatuaren arabera, «sekula ezagutu gabeko» krisi baten atarian dago sektorea, eta erakunde publikoek esku hartu behar dute: «Arazoaren muinera doazen irtenbideak proposatu behar ditu Nekazaritza Ministerioak; gobernuak ezin dira esne industriaren menpe egon».

Bihar, bilera Madrilen

Bihar INLAC interprofesionalak egingo duen bilerara begira daude orain sindikatuak. Sektoreko eragileak bilduko dira han, eta EHNEk erakundeei eskatu die industria eta banatzaileak pausoak ematera bultzatzeko salneurrien alorrean. Akordioren bat lortzea espero du Enbak, eragileen arteko harremanei «argitasuna, gardentasuna eta jasangarritasuna» emateko. Jaurlaritzari ere hitz egin dio sindikatuak; Esnearen Mahaira deitzeko eskatu dio, ekoizleek, kooperatibek, industriak eta banatzaileek egoera aztertu, eta neurriak har ditzaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.