«Hipokrisia politikoan» hesituta jardutea egotzi die Errazkinek PSEri eta EAJri

Azaldu du EH Bilduk errauste plantaren plana erretiratzea beste hauturik ez duela izan.Gaikako bilketa %60tik gorakoa da bi mankomunitatetan

Errazkin, Urtetako zabortegiaren itxiera iragartzen, artxiboko irudian. G. RUBIO / ARP.
arantxa iraola
2015eko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Hondakinen kudeaketarekin lotutako 2014ko datu zenbait jakinarazteko deitu zituen atzo Iñaki Errazkin Ingurumen diputatuak Gipuzkoako Foru Aldundira kazetariak; eta hainbat zifra eman zituen: gaur egun bi mankomunitate —Sasieta eta Tolosaldea— ari dira gaikako bilketan %60ko helburutik gora. «Ikusgarria da». Deialdia baliatu zuen, era berean, PSE-EEk eta EAJk diputazioaren kontra azkenaldian esandakoak gaitzesteko. Errauste plantaren egitasmoa albora laga duela eta, kritika handiak egin dizkiote, baina Errazkinen arabera, «hipokrisia politikoa» besterik ez dute erakusten. Izan ere, salatu zuen planta haren proiektua —sozialistek eta jeltzaleek aurreko legealdian sustatua— haiek ere ez dutela egun defendatzen: «EAJri eta PSEri Zubietako errauste planta egingo al luketen galdetzen zaienean, ez dira erantzuteko gai».

Errazkinek adierazi zuen «datuetan» oinarritu behar duela hondakinen gaineko eztabaidak, eta 2014ko lehen zifretan oinarrituta, ikus daitekeela gaikako bilketaren emaitzek hobera egiten segitzen dutela. 2013an gaika 14.170 tona hondakin organiko bildu ziren, eta iaz 25.362. Errefusa, berriz, behera, beste urte batez: 2013an 190.383 tona bildu ziren, iaz 171.830. Egin asmo zen errauste planta, ordea, 260.000 tonarako prestatuta zegoela oroitarazi zuen. «Bere garaian egin zituzten prebisioak guztiz desfasatuta zeuden». Planta, horregatik, ezin zela egin esan zuen.

Haren zama ekonomikoa hor da, ordea, azpiegitura egiteko maileguaren harira aurreko legegintzaldian hitzartu ziren swap produktuetan. Horiengatik egun hilero 600.000 euro pagatzen ari da Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa GHK, eta epai bat jaso berri du, gainera, ordaintzen jarraitu behar duela esanez. Errazkinek esan zuen helegitea jarriko dutela erabakiaren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.