EBk merkataritza librearen aldeko apustuari eutsi dio, Mexikorekin ituna eginda

Akordio berriak bi esparruen arteko muga zerga ia guztiak kenduko ditu, baita nekazaritzan ere. Ustelkeriari aipamen propioa egingo diote

Cecilia Malmstrom EBko Merkataritza komisarioa, atzo. OLIVIER HOSLET / EFE.
Ivan Santamaria.
2018ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Europako Batasuna eta Mexiko ados jarri dira bien arteko merkataritza liberalizatzeko akordioa eguneratzeko. Bi urtez negoziatzen aritu ondoren, akordio politikoa «erabatekoa» da, eta datozen hilabeteotan xehetasun tekniko guztiak egiaztatu ondoren, aldaketa sinatuko dute. Itun berriak ia erabat ezabatuko ditu ondasunen salerosketan orain arte ordaindu behar ziren muga zergak, baita nekazaritza sektorean ere, eta hainbat zerbitzu lehiari irekiko zaizkio.

Eduki zehatzaren gainetik, Cecilia Malmstrom Europako Batzordeko Merkataritza komisarioak espero du itunaren bidez «seinale indartsua» igorriko dela komertzio librearen alde. Kanadarekin CETA ituna aurrera ateratzeko izan zituen zailtasunak zailtasun, Donald Trumpen izendapenari halako akordio gehiago bultzatuta erantzun nahi izan diote Europako instituzioek, eta egin duten bigarren ituna da, joan den abenduan Japoniarekin lortu zutenari jarraituz.

Aste mugitua izango da merkataritzan. Europak Mercosurrekin martxan dituen negoziazioak une erabakigarrian daude, eta asteon bilduko dira berriro bi blokeetako negoziatzaileak. Akordioa «oso hurbil» dago, Malmstromen arabera, baina oraindik nekazaritzan desadostasunak daude. Gainera, astebete barru amaituko da AEBek EBri altzairuaren muga zergatan emandako behin-behineko salbuespena. Bruselak exijituko du salbuespena mugagabea eta baldintzarik gabekoa bihurtzea.

Mexiko bera AEBekin eta Kanadarekin buru-belarri ari da negoziatzen, Trumpek NAFTA Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Ituna aldatu ezean herrialdea ateratzeko mehatxua egin zuenetik. Maiatzaren 4rako akordioa amaitzen ahaleginduko dira. Badaezpada, bestelako aliatuak bilatzen ahalegindu da Mexiko. TPP Pazifikoko ituneko partaide da—AEBek utzitako akordioa—, eta Europarekin ere 2000. urtetik indarrean zegoen edukia gaurkotzea lortu du, herrialdeko hurrengo presidentea aukeratzeko kanpaina bete-betean dagoen arren.

Gaztak eta pasta

Indarrean zegoen akordioak honezkero muga zerga gehienak ezabatu zituen EBren eta Mexikoren artean. Gehienak nekazaritza sektorean zeuden, eta hori izan da negoziazioetan askatu behar izan duten korapilo nagusia. Oilaskoak (%100), gaztak (%45), txerriak (%45), txokolateak (%20) edo pastak (%20) zerga aipagarriak ordaintzen zituzten Mexikon. Zazpi urteren buruan janariei eta edariei jarritako muga zerga ia guztiak desagertuko dira. Mexikori laranja zukua, fruta, barazki eta ezti gehiago esportatzeko ateak irekiko zaizkio.

EBn onartuta dauden 340 jatorri izen babesteko konpromisoa hartu du Mexikok, baina horretan ere trantsizio epeak edo salbuespenak egongo dira produktu batzuentzat.

Europako Batasuna Mexikoren bazkide komertzial nagusien artean hirugarrena da. Urtero 62.000 milioi euro trukatzen dituzte bi esparruek ondasunetan. Zerbitzuetan beste 15.000 milioi dira, eta alor hori are gehiago liberalizatzea ekarriko du akordioak. Finantza sektorea, telekomunikazioak, merkataritza elektronikoa edo garraioa badira akordioaren parte. Era berean, EBko enpresek aukera izango dute Mexikoko gobernu federalaren kontratazio publikoetan lehiatzeko, 30.000 milioi mugitzen dituen negozioa.

Inbertitzaileen eta estatuen arteko auziak konpontzeko Kanadarekin hitzartu zen auzitegi iraunkorren sistema berria erabiliko da. Ustelkeriaren aurkako koordinazioa hobetzeko eta diru garbiketaren aurkako neurriak propio jasoko dituen lehen merkataritza ituna izango da, gainera.

Adostutako edukien interpretazio guztietan bat datozen egiaztatzeko prozedura teknikoa abiatuko dute orain negoziatzaileek, akordioa sinatu aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.