Argentinak laguntza eskatu dio NDFri, pesoaren krisiari aurre egiteko

30.000 milioi dolar eskatu nahi dizkio NDFri. Ez da nahikoa izan banku zentralak interes tasak %40ra igo izana diruaren hondoratzea ekiditeko

Jon Fernandez.
2018ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Hamabi urte igaro eta gero, Argentinak berriz ere NDF Nazioarteko Diru Funtsaren atea jo du, diru eske. 2003ko urtarrilaren 3an kitatu zituen Nestor Kirchner presidenteak herrialdeak NDFrekin zituen azken zorrak. Orain, ikusita pesoa dolarrarekiko balio asko galtzen ari dela, Mauricio Macri presidenteak erreskate bat eskatu dio Christine Lagarderen funtsari. Macrik bideo agerraldi baten bidez azaldu zien atzo herritarrei laguntza eskatzeko negoziazioa hasi duela NDFrekin. Pantailara begira zeuden argentinar askok egindako beldurrezko paralelismoari erreferentzia egin zion, 2001eko corralito-ari eta haren osteko austeritateari eta krisi ekonomiko eta sozialari, argudiatuz, hain zuzen ere berriro horrelakorik ez gertatzeko eskatu diola laguntza NDFri. «Gure historian zehar izandako moduko krisiak saihestea» jo zuen helburutzat.

Ez zuen zehaztu zenbateko mailegua eskatuko duen, baina Argentinako Clarin egunkariak filtratu du 20.000 eta 30.000 milioi dolar ingurukoa izango dela, hau da, 24.000 eta 36.000 milioi euro bitartekoa.

Pesoaren balioa dolarrarekiko 5,38 puntu apaldu zen atzo, beherakada handiko hainbat egun jarraian kateatuz. Urte hasieran 18,65 peso behar ziren dolar bat eskuratzeko; atzo, aldiz, 23,40 peso. Hondoratzea saihesteko ahaleginean, Argentinako Banku Zentralak %40ra igo ditu interes tasak, eta dirutza xahutu du herrialdeko dirua bultzatzeko. Baina, oraingoz, ez du lortu pesoaren balio galera etetea.

Macrik bideoan argudiatu zuen herrialdea «posible den bide bakarra ari dela egiten geldialditik ateratzeko eta atzeraldia eta denontzako kaltea ekarriko lukeen krisi ekonomiko handi bat ekiditeko». Erruak etxetik kanpo aurkitu zituen: batetik, Cristina Fernandezen agintaldiko politikei egotzi zien «kontu publikoen deskalabrua»; eta, bestetik, ekonomia globala okertzen ari dela azaldu zuen, justifikatuz faktore horiek ez daudela bere gobernuaren esku.

NDFren laguntza «finantzaketa prebentiboa» dela defendatu du gobernuak, eta ez duela zorpetzerik handituko. Ostera, Barrios de Pie gizarte erakundeak «agenda sozial bat» eskatu dio gobernuari, erreskate batek ekar ditzakeen austeritate neurrien beldur. Ohartarazi du, halaber, egoera soziala lehendik ere larria dela, gogora ekarriz inflazioa %6,7 igo dela lehen hiruhilekoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.