EBren arrantza kuotak, zientzialariek egindako gomendioen gainetik

Azken bost urteetako kuoten erdiek gainditu dituzte gomendioak. 2018rako banaketan ere faktoreetako bat izan da biomasarena

Jon Fernandez.
2017ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Arrainen eta ogien miraririk gertatu ezean, Europan ez da arrantza jasangarririk egingo 2020an ere, nahiz eta Bruselak muga hori ezarri zion bere buruari 2013. urtean. The Pew Charitable Trusts gobernuz kanpoko erakundeak egindako Taking Stock txostenaren arabera, Europako Batasunak urtero banatzen dituen arrantza kuoten erdiek baino gehiagok gainditzen dituzte zientzialariek gomendatutako mugak. Hain zuzen ere, bi egun egin dituzte bileretan EBko Arrantza ministroek Bruselan, abenduero bezala, datorren urteko harrapaketa kuotak banatzeko. Atzo arratsaldean zen amaitzekoa bilera, baina lerrook idazteko orduan mahaitik altxatu gabe jarraitzen zuten ministroek, akordio barik.

Urteko batzarrik garrantzitsuena izaten da abendukoa arrantza sektorearentzat, eta ministroek azken urteetan goizaldeko ordu txikietara arte luzatu izan dituzte negoziazioak. Txosten zientifikoetan oinarrituta egiten ditu hasierako proposamenak Europako Batzordeak, baina benetako partiketa erabakitzeko garaian politika sartzen da jokoan, azken bi egunetako negoziazioak horren lekuko.

2013an, APB Arrantza Politika Bateratua berritu zuten EBko kideek, eta arrantza jasangarria lortzeko mugarria ezarri zuten: 2015erako amaitu behar zen gehiegizko arrantza ahal zen tokietan, eta gehienez ere, 2020rako. Arrain espezieen biomasa maila kopuru jasangarrietara ailegatzea da helburua, eta aurrerantzean horri eustea. Espezie jakin baten populazio osoaren pisua neurtzen du biomasak.

2014an sartu ziren indarrean jasangarritasun politikak, eta Tacking Stock txostenak ondorioztatu du egungo erritmoan ez duela lortuko 2020rako helburua lortzerik. Europako Batzordeak berak emandako datuen arabera, ikus daiteke «kezkagarria» dela arrantza mugak gainditzen dituzten kuoten proportzioa.

«Urtero, Europako Batzordean biltzen diren Arrantza ministroek erabakitzen dituzten kuoten erdiek baino gehiagok gainditzen dituzte mugak. Horren ondorioz, urtez urte zailagoa da 2020rako helburua lortzea», ondorioztatu du txostenak. 2013an, kuoten %62 zeuden zientzialariek gomendatutako mugen gainetik; aurten, ostera, %55 dira. Pixka bat behera egin du kopuruak, baina oraindik ere erdiak baino gehiago dira.

2020rako arrantza jasangarria izateko, eta mirarik ezean, bide bakarra dagoela azaldu du txostenak, EBko ministroek datozen hiru urteetan «azken orduko murrizketa handiak egitea kuota banaketetan, zientzialarien gomendioetan oinarrituta». Arrain espezie guztien biomasa maila egokiak bermatzeak eta arrantza jasangarria egiteak ez lioke onura eragingo soilik ingurumenari, baita ekonomiari ere. Munduko Bankuak aurten adierazi duenez, arrantza kuotak hobeto kudeatuz gero, sektoreak 70.700 milioi euro gehiagoren irabaziak izango lituzke mundu osoan.

Legatzaren peskizan

Euskal arrantzaleek, itsasoari so egon arren, begi bat Bruselara begira eduki dute azken egunetan. Funtsean, lasaiago egon dira baxurakoak, eta izutuago alturakoak: izan ere, EBk %30 txikitu nahi zuen legatzaren arrantza kuota; eta, aldiz, %21 handitu txitxarroarena. Gaur goizerako baretuko edo handituko dira kezkak, kuota banaketa ezagututakoan.

«Legatzaren iazko kuota mantentzea» posible dela esan zuen Isabel Garcia Tejerina Espainiako Arrantza ministroak bilera baino lehen, espeziearen biomasa hobetzeari uko egin gabe. Aurreikuspenak hobeak ziren atzo txitxarroaren inguruan, EBk jasangarritzat jo baitu haren biomasa, eta datorren urterako arrantza kuota %21 handitzea proposatu baitzuen. Kantauriko antxoari buruzko proposamenik ez zuen egin EBk, baina kuotari eusteko itxaropena du sektoreak, azken biomasa datuak onak direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.