Gerdauk ez du argitu Euskal Herriko lantegiak salduko dituen ala ez

Brasilgo altzairugileak esan du ez duela erabakirik hartu salmentaren inguruan.Kontua «lehenbailehen argitzeko» eskatu dio Jaurlaritzak

Gerdauk Basaurin (Bizkaia) daukan lantegia, artxiboko irudian. LUIS TEJIDO / EFE.
Jon Fernandez.
2015eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Ez ukatu, ez baieztatu. Gerdauk ez du argitu Euskal Herrian dituen lantegiak salgai jarriko dituen ala ez. Joan den astean Frantziako kazeta batek albistea publikatu ostean mantendutako isiltasuna apurtu du altzairugile brasildarrak, baina ezer argitu barik. Soilik esan du ez duela horri buruzko erabakirik hartu. Brasilgo Higiezinen Balioen Batzordeak egindako galderari erantzunez argitaratu du Gerdauk agiria.

Azken egunetan prentsan zabaldutako informazioa argitzeko eskatu zion batzordeak, ea egia den Santander bankuak Sidenor filialaren lantegiak saltzeko jasotako agindua. Gerdauk azaldu du konpainiak sarri aztertzen dituela bere «aktiboak hobetzeko dituen aukerak, negoziorako, operazioetarako eta akziodunentzako onurak handitzeko helburu estrategikoarekin», baina lantegiak saltzeko erabakia hartu barik dagoela gaineratu du.

Eusko Jaurlaritzak, hain zuzen, «egoera lehenbailehen argitzeko» eskatu dio konpainia altzairugileari. Arantza Tapia Garapen Ekonomikoko sailburuak egin dio eskaera; izan ere, txarrenean ere, Gerdauk lantegiak saltzeko asmoa balu, Jaurlaritzak «neurriak» hartuko lituzke. Tapiaren esanetan, salmentarik balego, «erosle bat bilatu beharko litzateke»; Jaurlaritzaren helburua «lantegi horiek Euskadin ekoizten jarraitzea, lehiakorrak izaten jarraitzea eta lanpostuak hemen mantentzea» delako.

Sidenor konpainiaren oinordekoak dira Gerdauk Euskal Herrian dituen lantegiak. 2005. urtean erosi zuen Gerdauk Sidenor. Gaur egun sei lantoki ditu martxan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Handiena Basaurin dago (egoitza nagusia), eta beste bi altzairutegi ditu Gasteizen eta Azkoitian (Gipuzkoa). Horrekin batera, altzairu arina ekoizten du Legution (Araba), eta Soraluzen (Gipuzkoa). Azkenik, txatarra biltzen du Legazpin (Gipuzkoa). Ustezko salmentak Espainian dituen lantegiei ere eragingo lieke. Guztien artean, 2.250 langile dira; Basaurin, 900 inguru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.