Txinak Trumpi erantzun dio, muga zergak jarriz AEBetako 128 produkturi

Pekinek %15 eta %25 arteko aduana tarifak jarri dizkie txerrikiei, frutei, fruitu lehorrei eta ardoari

AEBetatik inportatutako fruta freskoak Pekingo supermerkatu batean, atzo. WU HONG / EFE.
Jon Fernandez.
2018ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Begia begi truk. Washingtonen muga zergen erasoari kontraeraso batekin erantzun dio Pekinek. Txinak, batetik, %25eko aduana zergak jarriko dizkie, atzoz geroztik, AEBetako aluminio txatarraren eta txerri haragi izoztuen inportazioei; bestetik, %15eko muga tarifak ezarriko dizkie AEBetako dozenaka produkturi: besteak beste, fruta freskoei eta fruitu lehorrei, ardoari eta xaflatutako hainbat altzairu barrari. Guztira, Pekinek AEBetako 128 produkturi jarri dizkie aduana tarifak, eta 2.400 milioi euroren inportazioei eragingo diete.

Martxo hasieran erabaki zuen Donald Trumpek AEBetako altzairu eta aluminio inportazioei muga zergak jartzea, %25 eta %10ekoak hurrenez hurrenez. Washingtonek lapurreta zibernetikoa egozten dio Pekini, jabetza intelektuala ostea. Horregatik, bereziki Txinari zuzendutako erasoa da, aduana tarifetatik salbuetsi baititu, oraingoz, Australia, Argentina, Europako Batasuna, Brasil, Hego Korea, Kanada eta Mexiko. Estatubatuarrek Kanadari (%16,5), EBri (%14,5) eta Brasili (%13,5) erosten diete altzairu gehien; Txinari inportazio guztien %2,1 baino ez. Hala ere, %25eko muga zergak 48.500 milioi euroren altzairu esportazioei eragingo die Txinan.

Merkataritza gerra pizteko hotsak gero eta ozenagoak dira, baina, oraingoz, erasoak baino ez dira. Gainera, Txinak modu neurritsuan erantzun dio: AEBen muga zergek haren 48.500 milioi esportaziori eragingo diote; aldiz, Pekinen aduana tarifek AEBetako 2.400 milioi euroren esportazioei eragingo die.

Zuzenean merkataritza gerra piztu baino lehen, zuhur jokatzea erabaki du Pekinek, eta produktu jakin batzuei soilik ezarri dizkie zergak: Txinako ekonomiari ahalik eta kalte txikiena egingo diotenei, eta, aldiz, AEBetako metalgintzari eta nekazaritzari min emango dienei. Pekinek uste du, bereziki 2016ko hauteskundeetan Trumpi botoa eman zioten sektoreei kalte eginez, haien haserreak Trumpen protekzionismo estrategia baretu dezakeela.

Gerra komertzialik ez duela nahi esan du Pekinek behin eta berriz azken asteetan, baina bueltatu die kolpea AEBei. Kolpe txiki batekin hastea erabaki du, baina, beste aldetik erasoak handituz gero, neurri mingarriagoak har ditzake. Bestalde, Trumpek esana du ez diola beldurrik gerra komertzialari: haren hitzetan, horrelako batailak «onak» dira eta «erraz irabazten dira».

MMEren «erabilera»

Benetako kaltea beste sektore batzuen muga zergak igota eragingo lioke Txinak Trumpi, sojaren eta robotikaren sektoreetako inportazioenak. Iaz, esate baterako, nekazari estatubatuarrek 11.400 milioi euro esportatu zituzten Txinara sojatan. Sojari aduana zergak handitzeak kalte handia eragingo lieke AEBetako nekazariei, baina mina eragingo lioke Txinari berari ere, menpekotasun handia baitu produktu estatubatuar horrekiko, zeina erabiltzen baitu animalientzako jaki moduan ere.

Beraz, muga zergen tentsioa dezente gaiztotu daiteke, eta hori saihestu nahi duela azaldu du Pekinek. «Espero dugu AEBek bertan behera laga ditzakeela neurri horiek, normaltasunera bueltatu dadin bi herrialdeon arteko merkataritza», adierazi zuen atzo Txinako Merkataritza Ministerioak agiri bidez. «Biontzako aukera egoki bakarra lankidetza da», haren ustez, eta «negoziatu» egin behar dute, «kalte handiagoa saihesteko».

Pekinek MME Merkataritzaren Munduko Erakundearen printzipioen kontrako «eraso larritzat» jo ditu Trumpen muga tarifak, gogora ekarriz «diskriminaziorik eza» dela merkataritza sistemako neurrien oinarria. Hain zuzen, BDI Alemaniako Industria Konfederazioak ere berariaz MME ahultzea leporatu dio Etxe Zuriari. Nazioarteko merkataritzaren zuzenbidea hausten ari dela salatu du Dieter Kempfek, DBIko presidenteak: «Arau komunetan oinarrituta arazoei alde askotariko soluzioak eman beharrean, mehatxua dago berriz ere indartsuenaren legera bueltatzeko».

Gainera, Kempfek gogora ekarri du hain justu AEBak direla MMEren arbitratze lana gehien eskatzen dutenak: orain arte, 117 aldiz eskatu dute; EBk, 97 aldiz, eta Txinak, 15. MME AEBen tresna ez bihurtzeko eskatu du Kempsek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.