Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Informazioaren kontrako gerrarako

2013ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Sentitzen dut tematzea. Baina beste batzuek bere horretan segitzen dutelako jarraitzen dut nik gaur oraindik matraka ematen. Bakea emango nizueke gustura, baina badago artean gerrarako dagoen jendea. Informazio xuxen, zintzo, egiati baten kontrako gerrarako. Eta gauza batzuk ezin dira pasatzen utzi. Ez naiz ari dagoeneko ETBko albistegiek Aske Guneari emandako tratamenduaz —ostiralean egin zuten konexioa Donostiako Bulebar ordurako hutsetik; hori zen kontsigna, hustea erakustea, mugimenduari muzin eginez—. Ari naiz euskal kazetari bati Ertzaintzak emandako tratuak ETBko albistegietan jasotako tratamenduaz. Edo, kasu honetan berriz, tratamendu ezaz. Ez baitute inondik inora aipatu Lander Arbelaitz Argia-ko kazetaria nola ibili zuten Ertzainek ostiral goizaldean kolpeka batetik bestera, mehatxuka —besteak beste, «que se muera»—, kazetari lana egitea eragozten. Eta hori ertzainek jakinik Arbelaitz kazetari zela, kreditazioa erakutsi baitzien une oro.

Ados, goazen aitzakiak bilatzera. Igandera arte ez zegoen irudirik —soilik Arbelaitz beraren sakelakoak grabatutako audioa—. Baina eta igandean bertan, guztiok ikusi ahal izan genituenean? Eta igandetik aurrera? 30.000 ikustaldi baino gehiago izan ditu jada bideoak. Euskal kazetari batek izandako erasoa ez zen izan, adibidez, Venezuelan, adibidez, chavista batzuen partetik. Non gertatu behar da eta, batez ere, noren partetik erasoa, ETBko albistegietako kolegek berria jaso dezaten? Edota kolegak ez dira hainbeste kazetariak —beste hedabideetakoak, esan behar nuen, baina baliteke etxekoak ere—, eta gehiago dira Ertzaintzaren interbentzioa —eufemismo bat erabiltzearren— agindu zutenak?

Eta ez dut afera soilik kazetari batengan pertsonalizatu nahi, lagun gehiago aritu baitziren beharrean —besteak beste, Arbelaitzen irudiak hartu zituztenak—. Eta jarrera orokorra izan zelako, besteren gainetik. Ertzain batek neska bati esandako hau, adibidez: «Te voy a follar con un palo». Hori ere, Egun on Euskadi saioko tertuliakide batek esan bezala, «Ertzaintzaren aldetik baloratu beharreko aurrerapausoa» al da? Eta hau jasotzen ez duen telebista publiko batek ez du merezi telebista publiko izendapena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.